Gatazkek, gosearen gorakadak, finantzaketa murrizketa globalak eta oinarrizko zerbitzuen kolapsoak haurren behar humanitarioak mugara eraman dituzte mundu osoan. UNICEFek argitaratutako azken datuen arabera, 200 milioi haurrek baino gehiagok laguntza humanitarioa beharko dute 2026an. Alegia, hamar haurretik batek bizirauteko laguntza beharko du.
Eskualde askotan, aldi berean gertatzen ari diren askotariko krisialdiei aurre egin behar diete haurrek. Krisi horiek, gainera, gero eta handiagoak dira, bai eskalan, bai konplexutasunean. Gaur egun, haurrentzako krisialdi humanitario larrienak Gazako Zerrendan, Sudanen, Afrikako Sahelean, Afganistanen, Haitin, Bangladeshen edo Ukrainan topa ditzakegu.
Gatazken areagotzeak desplazamendu masiboak eta haurren eskubideen urraketak eragin ditu inoiz gertatu den mailarik altuenean. Eskolen eta ospitaleen aurkako erasoek ez dute etenik. Bortxaketa kasuak eta haurren aurkako beste sexu-indarkeria mota batzuk nabarmen hazi dira. Gainera, krisi askotan, bai haurrak eta bai haiengana iritsi nahi duten langile humanitarioak erasotuak izaten ari dira zuzenean.
Murrizketak laguntza humanitarioari
Halaber, mundu mailako finantzaketa humanitarioaren murrizketek ezinezko erabakiak hartzera behartu dituzte agentzia humanitarioak. Hortaz, aukeratu behar izan dute nora zuzendu baliabideak eta laguntza, beharra duten beste hainbat egoeren kaltetan, finantzatutako laguntza ez delako nahikoa aurreikusitako behar guztiak asetzeko.
Lerro horretan, UNICEFen nutrizio-programetan bakarrik, 2025ean, % 72ko finantzaketa-defizitak lehentasunezko 20 herrialdetan murrizketak egitera behartu zuen, eta horrek aurreikusitako helburuak murriztu zituen. Hezkuntzari dagokionez, 745 milioi dolarreko defizitak hezkuntza, babesa eta egonkortasuna galtzeko arriskuan utzi ditu milioika haur.
Haurren babesari dagokionez, baliabideen murrizketek bortxaketen hazkundea eragiten dute zuzenean. Eta horrek arriskuan jartzen ditu sexu-indarkeriatik bizirik atera diren pertsonentzako programak, talde armatuek errekrutatutako edo erabilitako haurrak eta osasun mentalaren eta psikosozialaren arloan premiazko laguntza behar dutenak.
Ezin ahatz dezakegu, gaur egun 474 milioi haur, munduko sei haurretik bat, gatazka eremuetan bizi direla eta indarkeriaren eragina sufritzen dutela euren bizitzaren alor guztietan. Haur eta nerabe horiek guztiek euren osasun mentalean orbanak utziko dituzten egoera traumatikoak bizi izan dituzte indarkeriarekin zuzeneko harremanaren ondorioz.
Indarkeriatik ihes egiteko itxaropen izpia, Hegoaldeko Sudanen
Gatazka egoeretan dauden haurrak indarkeria ziklotik atera eta gizarteratzeko egiten den lanaren adibide bikaina da Hegoaldeko Sudanen UNICEF, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, garatzen ari den proiektua.
Herrialdeak bizi izan duen gatazka luzeak ondorio suntsitzaileak izan ditu haurtzaroan, haurren eta nerabeen zaurgarritasuna areagotuz. Etengabeko krisien ondorioz, gazte belaunaldi oso batek muturreko egoerak bizi izan ditu, hala nola talde armatuen erreklutamendua, haurren ezkontza eta sexu-indarkeria, ongizate fisikoari zein psikologikoari eragiten diotenak.
Behar horiei erantzuteko, indarkeriaren eta abusuen biktimentzako toki seguruak sortzea eta haientzako etorkizunerako aukerak sustatzea dira UNICEFen Haurren Babeserako programaren zutabe nagusiak. Hartara, haur eta nerabeentzako espazio fisiko eta emozional seguruak sortzen dira, bertan haien gaitasunak garatu eta haien osasun mentala eta fisikoa zaindu ditzaten.
Zentro horiek ingurune seguruak eskaintzen dituzte, non gizartearekiko komunikazioa eta pertsonen arteko trebetasunak sustatzen diren, jolas- eta prestakuntza-jarduera ugariren bidez. Gazteei harreman osasungarriak eraikitzen laguntzen diete, euren errekuperazio-, hazkunde- eta gizarteratze- prozesuan ezinbestekoak direnak. Aldi berean, bizitzarako funtsezko trebetasunak garatzen dituzte, hala nola autoerregulazioa, haserrearen kudeaketa eta pentsamoldea, besteak beste, kirola, arnasketa, artea, musika, lanbide-heziketa eta lorezaintza jardueren bitartez.
Metodologiaren funtsezko alderdi bat zerbitzua jasoko duten haurren antzeko aurrekariak eta esperientziak dituzten mentore gazteen figura da. Horiek eredu positiboak dira eta taldean portaera eraikitzaileak indartzen dituzte.
Genero-ikuspegia oso kontuan hartuta, eta denen parte-hartzea sustatuz, elkarrekin harreman positiboak, euren eskubideen berrezarpena, birgizarteratzea eta bakea eraikitzea lantzen dute. Horrela, espazio fisiko batetik haratago babes emozionala hezteko tokia dira.







