Irakurketa denbora: 5 Minutu
Hamarretik 8 puntuko balorazioarekin, EAEko gazteak gainerako herritarrak baino baikorragoak dira etorkizunari dagokionez. Hala ere, etxebizitzarekiko kezka gehien azaltzen duen adin-taldea da. Izan ere, 18-29 urte bitarteko gazteen % 50arentzat etxebizitza da, enpleguaren aurretik, bere buruhauste nagusia. Hauek dira 2025eko lehen Euskal Soziometroaren datu esanguratsuenak.
3.000 telefono elkarrizketa baino gehiagoren bidez urtarrilaren 28 eta 31 bitartean egindako inkestak, oro har, euskal gizartean nagusi diren egonkortasun eta asebetetze egoera bat erakusten du. Adibidez, egungo egoera pertsonalaren kasuan, herritarrek hamarretik zazpi puntuko balorazioa eman dute, 1995ean lehen soziometroa argitaratu zenetik inoiz lortu den maximo historikoa berdinduz. Gainera, urtebete barru beren burua nola ikusten duten galdetzean, balorazio hori 0,3 puntutan hazten da. Kasu horretan, azken bi hamarkadetan behin bakarrik gainditu izan da marka hori.
Gogobetetze orokorra nagusi den testuinguru honetan, gazteak dira adin-talderik baikorrena: euren egungo bizitzari 10etik 7,2 puntu ematen dizkiote, batez bestekoa arinki gaindituz. Baina benetan esanguratsua den datua da etorkizun hurbilean duten aparteko konfiantza, 10etik 8 puntu. Datu hori beste talde demografiko guztietan lortutakoa baino nabarmen altuagoa da.
Bitxiki, baikortasun edo positibismo hori ez dator bat belaunaldi horrek hautematen dituen benetako oztopoekin. Esan bezala, bi gaztetik batek etxebizitza aipatzen du kezka nagusi bezala. Enplegua (% 41) eta osasuna (% 23) dira gazteek gehien aipatzen dituzten beste kezka nagusiak. Biztanleria orokorraren kasuan, oro har, horiek dira kezka nagusiak ere, nahiz eta ordena desberdina izan: enplegua da oraindik ere kezka nagusia (% 49), etxebizitzak oso gertutik jarraituta (% 47) eta, ondoren, osasuna (% 35).
Etxebizitzaren krisiak ez du hobera egiten
Azterlanak argi erakusten duenez, etxebizitzarako sarbideak gora egin du euskal herritarron kezken sailkapenean. Adibidez, urtebete eskasean, iazko otsailaren eta aurtengo urtarrilaren artean, gai horrekiko kezka-maila % 25etik % 47ra pasatu da. Arazo horren benetako dimentsioa ulertzeko, egungo datuak 2004an lortutakoekin alderatzea besterik ez dago, urte hartan etxebizitza eskuratzeko kezka % 2koa baitzen. Egun den antzeko kezka-maila aurkitzeko 2008ra jo behar da, finantza eta higiezinen krisiaren garaira, hain zuzen ere. Gazteak etxebizitzaz enpleguaz baino kezkatuago egotea ere gogoeta eginarazi beharko ligukeen datua da.
Etxebizitza eskuragarri bat izateko zailtasuna, jabetzan zein alokairuan, zeharkako fenomeno bihurtu da eta, bereziki, emantzipatu nahi dutenei eragiten die. Euskadiko hiri nagusietan alokairuen prezioak etengabe igo diren bitartean, etxebizitza erosteko merkatuak eskuraezina izaten jarraitzen du gazteen gehiengoarentzat, nahiz eta Euskadiko gazteen langabezia-tasa Estatuko baxuenetako bat izan.
Gero eta kezka handiagoa osasunarekin
Enpleguaren eta etxebizitzaren ondoren, euskal gizartearen hirugarren kezka nagusia Osasunarena, Osakidetzarena eta Gizarte Segurantzarena da. Inkestatutako herritarren % 35ek aipatzen dituzte gai horiek, iazko azaroan egindako aurreko Soziometroan baino hiru puntu gehiago. Gai honekiko kezka-mailak maximo historikoetan jarraitzen du, baina kasu honetan, nabarmentzekoa da biztanleria orokorrean maila hori gazteen artean dena baino handiagoa dela (% 35 eta % 23, hurrenez hurren).
Hiru kezka nagusi horien ondoren, arazo ekonomikoak (% 18), delinkuentzia eta herritarren segurtasun eza (% 16), immigrazioa eta arrazakeria (% 11), eta egoera politikoa (% 10) dira gehien aipatzen direnak. Gazteen kasuan, batezbestekoak baino kezka handiagoa erakusten dute arazo ekonomikoen inguruan (% 20), eta kezka gutxiago egoera politikoaren inguruan (% 5).
Euskal gazteriari buruzko datu esanguratsua da % 10ek kezka adierazten duela zerbitzu publikoen funtzionamendu eta estaldura eta laguntzengatik. Gazteen % 8k, berriz, hezkuntza zein azpiegiturak eta garraioak aipatzen ditu bere arazo nagusien artean.
Estatuan baino hobeto
Soziometroak euskal iritzi publikoan behin eta berriro errepikatzen den fenomeno bat erakusten du: Euskadiren eta Espainiaren egoeraren balorazioaren arteko aldea. Inkestak erantzun dituztenek Euskadiren egoera orokorra 6,0 punturekin baloratzen dute, bai egungo momenturako zein datorren urterako. Aldiz, Espainiak balorazio askoz ere negatiboagoa jasotzen du: 4,7 puntu egungo egoerarako eta urtebetera espero denerako. Gazteen artean ere fenomeno bera ematen da, hots, Euskadi Estatua baino hobeto ikusten dute: 6,2 eta 4,9, hurrenez hurren.
Demokraziarekiko gogobetetze-maila
Ikerketak euskal gizartean demokraziaren funtzionamenduarekiko dagoen gogobetetze-mailan den zatiketa garrantzitsu bat ere islatzen du. Izan ere, inkestatutakoen % 51ek gogobetetze-maila altua edo nahikoa duela dioen bitartean, % 47k gogobetetze-maila baxua edo oso baxua du. Estatuko sistema demokratikoaren inguruko gogobetetze-maila, gainera, askoz baxuagoa da. Kasu horretan, zehazki, EAEko biztanleriaren % 23k baino ez du gogobetetze-maila positiboa, eta % 74k, berriz, maila negatiboa adierazten du.
Kontraste horrek, berriro ere, euskaldunek beren erkidegoaren barruan eta kanpoan dituzten errealitate politiko eta instituzionalei buruz duten pertzepzio ezberdina islatzen du. Denboran egonkor mantentzen den eta belaunaldi-hesiak gainditzen dituen joera bat da.
Soziometroak biztanleriarengan erakunde ezberdinek sortzen duten konfiantza ere jasotzen du. Zentzu horretan, unibertsitatea da baloraziorik onena jasotzen duen erakundea, % 86ko konfiantza-mailarekin. Jarraian, Eusko Jaurlaritza (% 77), Foru Aldundiak (% 73), Eusko Legebiltzarra (% 71) eta Udalak (% 69) daude.
Txanponaren beste aldean, konfiantza gutxien sortzen duten erakundeak alderdi politikoak (% 19), Diputatuen Kongresua (% 23) eta Espainiako Monarkia (% 25) dira. Sindikatuek (% 48), justizia auzitegiek (% 46), komunikabideek (% 33), Espainiako Gobernuak (% 32), bankuek (%2 8) eta Eliza katolikoak (% 27) tarteko posizioak hartzen dituzte.
Gazteen artean antzeko iritziak jaso dira, baina ñabardurekin. Unibertsitatea da erakunderik balioetsiena (% 84), baina erakunde tradizionalekiko mesfidantza handiagoa nabarmentzen da. Bereziki adierazgarria da komunikabideei ematen dieten sinesgarritasun eskasa, % 24k bakarrik adierazten baitu konfiantza, biztanleria orokorraren % 33aren aldean. Eliza katolikoak eta Monarkiak ere ez dute ehuneko handirik lortzen, % 23 eta % 22ko konfiantzarekin, hurrenez hurren.
Politikarekiko interes falta
Azken Soziometroak agerian utzi duenez, politikarekiko interes falta nabarmena dago Euskadin. Biztanleriaren % 60 inguruk gai horrekiko interes gutxi edo oso gutxi duela adierazi du. Egia da politikarekiko interesak arinki egin duela gora azken urteetan. Izan ere, 2010ean politikarekiko interesa azaltzen zuten euskal herritarren kopurua % 20 baino ez zen eta orain, berriz, % 39raino igo da.
Gazteen kasuan, % 41ek politikan oso edo nahiko interesatuta dagoela adierazten du, hots, biztanleria orokorraren batez bestekoa baino bi puntu gehiago. Datu horrek politikatik erabat aldendutako gazteriaren topikoa gezurtatuko luke. Interes falta nagusi bada ere (% 58), politikoki inplikatuta dauden gazteen nukleo esanguratsu bat ikusten da.
Alderdi politikoekiko atxikimendu falta ere aipagarria da: EAEko herritarren % 62k dio alderdiren batetik gutxi edo batere hurbil sentitzen dela, eta % 18 bakarrik sentitzen da alderdiren batetik oso edo nahiko hurbil. Alderdien aurkako jarrera handiagoa da gazteen artean, % 11k soilik du nolabaiteko hurbiltasuna alderdiren batekiko, eta % 68k dio gutxi edo batere hurbil dagoela.
Eztabaida politikoaren ardatzetako bat den independentziaren kasuan alde nabarmenak ikus daitezke. Biztanleria orokorrarekin alderatuta (% 21), gazteek bost puntu gehiagoko babesa adierazten dute independentziarekiko: (% 26). Gehiago dira ere euren babesa egoeraren arabera baldintzatzen dutenak (% 41 orokorraren % 33aren aldean) eta, ondorioz, gutxiago dira zuzenean aurka agertzen direnak (% 29 orokorraren % 41aren aldean).
Euskal biztanleria orokorrean, % 41 independentziaren aurka agertzen da, % 21 alde, eta % 33ak bere babesa baldintzen arabera erabakiko lukeela dio.
Argazkia: © Irene Miller/Shutterstock











