Adimen Artifizialaren erabilera % 42 igo da urte bakar batean

EAEko sei enpresatik batek jada adimen artifiziala erabiltzen du eta profesional espezializatuen kopurua % 20 hazi da

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 433
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

BAICEuskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak kaleratu berri duen txosten baten arabera, euskal erakundeen % 17,4k adimen artifiziala erabiltzen du dagoeneko. Aurreko urtean, berriz, teknologia hori erabiltzen zuten enpresak % 12,2 baino ez ziren eta, hortaz, erabilera % 42 hazi da.

Txostenak adierazten du, halaber, arlo horretan espezializatutako profesionalen kopurua % 20 baino gehiago hazi dela eta enpresa erabiltzaileek teknologia horren erabilerari egozten diotela fakturazioan izandako batez besteko % 8,7ko igoera.



Txostenak AAk Euskadin izan duen bilakaera, inpaktua eta erronkak aztertzen ditu. Eusko Jaurlaritza txosten horretan oinarrituko da Eraldaketa Digitalerako 2030 Estrategia eta Autonomia Erkidegoko Adimen Artifizialeko Plana eguneratzeko.

Txostenak berresten duenez, Euskadik aurrera egin du teknologia horren erabileran. Azken urtean teknologia hori erabiltzen duten erakundeen kopuruan izandako igoerak gero eta estrategikoagoa den integrazio bat islatzen du.

Benetako motore ekonomikoa

Adimen artifiziala motor ekonomiko bihurtu da eta enplegu kualifikatua, negozio-aukera berriak eta talentu espezializatua sortzen ditu. AAko soluzioak hornitzen dituzten enpresek bikoiztu egin dituzte beren diru-sarrerak, azken hamabi hilabeteetan 105 milioi eurotik 223 milioi eurora igoz. Guztira, 557 milioi euro inbertitu dira teknologia horretan eta eragileen % 92,6k inbertitzen jarraituko duela aurreikusten du.



Euskadin jada 9.500 profesional espezializatu baino gehiago daude arlo horretan lan egiten. Gainera, urtero, 1.100 gazte inguru graduatzen dira teknologia horrekin nolabaiteko lotura duten graduetan. Hala ere, txostenak ohartarazten duenez, oraindik bada talentu-arrakala bat eta, beraz, bizkortu egin beharko litzateke gaikuntza eta profil berrien erakarpena.

Eraldaketa kultural sakona

Eragileen % 80k eraldaketa kulturala izan du adimen artifizialaren ondorioz eta % 20aren ustez, aldaketa esanguratsua izan da.

Euskadik 28 datu-zentro eta errendimendu handiko 7 konputazio-sistema (HPC) ditu operatibo une honetan, sare teknologiko indartsu bat sortuz. Hala ere, txostenaren arabera, azpiegitura hori gehiago zabaldu behar zaie enpresa ertain eta txikiei eta startup-ei bidezko sarbidea bermatzeko.

Ildo berean, txostenak hazkunde orekatua eta iraunkorra bermatzeko gainditu beharreko erronkak jasotzen ditu. Erronka nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: benetako inpaktua duen adopziorantz aurrera egiteko beharra, teknologia hori erabiltzen duten erakundeen egungo % 17,4tik harago; proiektuen eskalatzea; talentuaren arraila, profesionalen kopurua % 25 handitzea eskatzen duena; eta azpiegituretarako sarbide zuzena eta konputazio-gaitasuna.



Beste erronka garrantzitsu bat etikaren era araudiaren arteko lerrokatzea da. Une honetan, eragileen % 12 baino ez dago lerrokatuta Europako Erregelamenduarekin eta, beraz, bide luzea dago egiteke esparru horretan.

Autodiagnostikoa

Hil honetan bertan BAIC-ek adimen artifizialean den heldutasuna autodiagnostikatzeko tresna digital bat merkaturatu du. Horri esker, erakundeek beren aurrerapen-maila ebaluatu ahal izango dute, hobetu beharreko arloak identifikatu ahal izango dituzte eta laguntza-programei eta laguntza publikoei buruzko informazioa lortu ahal izango dute. Tresna hori www.baic.eus webgunean kontsulta daiteke.

BAIC 2021ean sortu zen eta Euskadin adimen artifiziala modu etiko, kolaboratibo eta subiranoan garatzea du helburu.