Egilea: Unicef • Euskal Herriko Batzordea
Argazkia: Unicef
Hitz kopurua: 630
Irakurketa denbora: 3 Minutu
Haur orok du elikadura osasungarria eta egokia izateko eskubidea. Baina mundu osoan eskubide hori sistematikoki urratzen ari da. Edari azukredunek, aperitibo gazi eta goxoek, janari azkarrek eta ultra prozesatutako elikagai eta edariaek haur eta nerabeen elikadura inguruneak betetzen dituzte, nutrienteetan oso eskasa eta osasunerako kaltegarria den elikadura sustatuz. Ondorioz, gehiegizko pisuaren eta obesitatearen igoera orokorra gertatzen ari da, baita haurren desnutrizio tasa altuak dituzten herrialdeetan ere.
Testuinguru horretan, mugarri historiko bat gainditu dugu mundu mailan: obesitatea malnutrizio modu nagusia bihurtu da pisu txikiaren gainetik. Gaur egun, obesitateak eskola-adinean dauden 188 milioi haurri eta neraberi eragiten die; alegia, munduko hamar haurretatik bati.
190 herrialde baino gehiagotan bildutako datuekin UNICEFek argitaratutako azken txostenaren arabera, 5 eta 19 urte bitarteko haurren artean pisu txikiaren prebalentzia murriztu egin da 2000. urtetik geroztik: % 13tik % 9,2ra jaitsi da. Obesitate-indizea, ordea, % 3tik % 9,4ra igo da denbora tarte horretan. Emaitzen arabera, gaur egun, obesitateak pisu txikia gainditzen du munduko eskualde guztietan, Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asiako hegoaldean izan ezik.
Herrialde askotan, gainera, malnutrizioak bere bi alderdietan duen pisua ikusten dugu: hazkundearen atzerapena eta obesitatea. Egoera horrek berariazko esku-hartzeak eskatzen ditu.
Diru-sarrera baxuko eta ertaineko herrialdeetan, nahiz eta bost urtetik beherakoen artean argaltasun larria, hazkundearen atzerapena eta bestelako desnutrizio-moduak arazo larriak izan, gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia handitzen ari da eskola-adinean dauden haurren eta nerabeen artean. Kasu hauetan, premiaz behar dira gurasoei eta zaintzaileei seme-alabentzako janari elikagarriak eta osasungarriak eskuratzen lagunduko dieten politikak.
Aipatutako txostenaren arabera, munduan 5 eta 19 urte bitarteko 391 milioi haur eta nerabe daude gehiegizko pisuarekin (hau da, bostetik bat), eta gaur egun, haur horien proportzio handi batek obesitatea du. Haurrek gehiegizko pisua dutela jotzen da beren adinerako, sexurako eta garaierarako osasuntsua dena baino askoz gehiago pisatzen dutenean. Obesitatea gehiegizko pisuaren modu larria da, intsulinarekiko erresistentzia eta hipertentsio arteriala garatzeko arriskua areagotzen duelako, baita bizitzan zehar hilgarriak izan daitezkeen beste gaixotasun batzuk ere; hala nola 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizi mota jakin batzuk.
Elikadura ingurune ez osasuntsuak
Elikagai osasuntsu eta freskoen prezioen igoerak, janari ez-osasuntsuaren ugaritasunak, elikagaien eta edarien korporazio boteretsuen marketin-kanpaina sofistikatuek eta haurren elikaduraren garrantziari buruzko hezkuntza ezak gehiegizko kontsumoa sustatzen dute. Gobernuek, berriz, ez dituzte gazteak babesteko beharrezko politikak aplikatzen.
Txostenaren arabera, haurren elikadura ez da norberaren hautaketaren emaitza; aitzitik, osasungarriak ez diren elikadura-inguruneek baldintzatzen dute. Ingurune horietan, azukre, almidoi findu, gatz, gantz ez-osasungarri eta gehigarri kopuru handia duten elikagai ultraprozesatuak eta janari azkarra dira nagusi, eta oso presente daude dendetan eta eskoletan. Aldi berean, produktu horien atzean elikagaien eta edarien industria handia eta boteretsua dago eta, gaur egun, hedabide digitaletako publizitatearekin eta marketin kanpainekin publiko gaztearengana inoiz baino errazago iristeko aukera dute.
Adibidez, iaz UNICEFen U-Report plataformaren bidez egindako mundu mailako inkesta batean, non 13 eta 24 urte bitarteko eta 170 herrialde baino gehiagoko 64.000 gaztek parte hartu zuten, inkestatuen % 75ak aurreko astean edari azukredunen, aperitiboen edo janari azkarraren iragarkiak ikusi zituztela gogoratu zuten, eta % 60k adierazi zuen iragarkiek produktu horiek kontsumitzeko gogoa piztu zietela. Gatazkek eragindako herrialdeetan ere, publizitate-mota horren eraginpean zeudela adierazi zuten gazteen ehunekoa % 68koa izan zen.
Txanponaren beste aldean, desnutrizioa
Errealitatearen beste muturrean, ordea, elikadura intseguritate larria eta haurren desnutrizioaren prebalentzia ditugu. 2024ean, munduan, 295 milioi pertsonek gose maila altuak jasan zituzten, 2023an baino 13,7 milioi gehiagok. Gainera, desnutrizioak maila oso altuak lortu zituen, batez ere, haurren artean, Gazako Zerrendan, Malin, Sudanen eta Yemenen. Bost urtetik beherako 38 milioi haurrek desnutrizio akutua sufritu zuten 26 elikadura-krisialdietan, horien artean, Mauritania, Niger, Etiopia, Kongoko Errepublika Demokratikoa edo Somalian. Malnutrizio egoeratan, UNICEFek biztanleriaren osasun baldintzak hobetzeko neurriak ezartzen ditu eta elikadura egoki bat izateko aukerak eskaini, elikagai terapeutikoak banatuz desnutrizio akutua dagoen kasuetan. Halaber, tokian tokiko politika publikoak eta biztanleriaren partaidetza bultzatzen du, komunitatea osatzen duten pertsona guztiak komunitate beraren garapenaren aktore garrantzitsu direlako.










