Alorgasmia arazo bat al da?

  Egilea: Lohizune Loroño
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 387
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Lehenik eta behin, argi izan behar dugu alorgasmia eta anorgasmia hitzen arteko aldea, sarritan nahastu egiten diren terminoak baitira. Anorgasmia sexu-kitzikapen egoki bat izanik orgasmora iristeko ezintasuna da. Alorgasmia, berriz, pertsona batekin sexu-harremanak ditugun bitartean buruan beste pertsona izatea da. Beste pertsona hori pertsona famatu bat, ezagun bat edo gertuko pertsona bat izan daiteke.

Normala al da?

Normala da bikotekidearekin sexu-harremanak dituzun bitartean beste pertsona batekin fantasian aritzea ala zerbait patologikoa al da? Alorgasmia ez da patrologia bat eta normaltzat hartu beharreko zerbait da. Zenbait kasutan, harremana hobetzeko ere balio du. Hala ere, kontuan izan behar dugu arazo ere bilaka daitekeela honako puntu hauek zaintzen ez badira.



Alde batetik, aintzat hartu beharko dugun gai bat erruarena da. Errua edo beldurra bezalako sentimenduak azalduko balira, komenigarria litzateke zergatia baloratzea eta hori ondo adierazten ikastea eta lantzea.

Horrelako kasuetan azaldu ohi den zalantza bat bikotekidearekin partekatzearena da. Zenbait pertsonentzat hori sexu-aukera bat izan daiteke. Hala ere, ezkutatzen denean, zerbait gertatzen denaren seinale da, ez du zertan larria izan behar, baina zerbait gertatzen da: konfiantza nahikorik ez izatea, bikotekidearekin kitzikapen nahikorik ez lortzea… Edozein kasutan, hori ere sakonago aztertu beharreko zerbait izango litzateke.

Fantasiaren protagonista

Alorgasmia kasuetan aztertu beharreko beste puntu bat fantasia horren protagonista da. Benetakoa ala irudizkoa da? Benetako pertsona bat bada eta errepikakorra bada, agian, pertsona horrek idealizazio soil bat baino askoz harantzago erakartzen zaituela adieraz dezake. Idealizazioak, adibidez, ohikoak izaten dira pertsona famatuekin amets egiten dugunean. Garbi izan behar dugu normala dela gure bikotekidea ez den beste pertsona batzuenganako erakarpen sexuala sentitzea, baina bestelako sentimenduak badaude komeni da horren inguruan sakonki hausnartzea.



Azaldu ohi den beste zalantza bat da pentsamendu horiek ez ote diren desleialtasun modu bat. Alorgasmia fantasia bat da, ez da benetakoa eta, hortaz ezin da desleialtasun gisa ulertu. Fantasia horiek ez dute esan nahi zure bikotekidea maite ez duzunik. Bikoteek eboluzionatu egiten dute eta maitasun sutsu batetik kideen intimitate batera igarotzen dira. Amodioaren inguruan ditugun iritzien arabera, alorgasmia zerbait positibotzat edo negatibotzat har daiteke. Baina fantasiek ez badizute uzten bikotekidearekin intimitateaz gozatzen, agian aztertu beharko da zer den benetan ondo ez dagoen hori.

Laburbilduz, alorgasmia gauza zoragarria izan daiteke zure bikotekidearekin gozatu ahal izateko, edo arazo baten sintoma izan daiteke errua eragiten duenean, errepikakorra denean edo bikotekidearengandik ihes egiteko erabiltzen bada.