Muturreko aberastasuna izugarri igo da

Oxfam-en txosten batek agerian utzi duenez oso aberatsak diren horien aberastasuna oso erritmo azkarrean hazten ari da. Bitartean, 3.800 milioi pertsona inguru pobrezian bizi dira eta gobernuek, diru-sarrerak birbanatu beharrean, protestak zapaltzea erabaki dute

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Matt Gush/Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 273
  Irakurketa denbora: Minutu 1

2024ko azaroan Donald Trump Estatu Batuetako presidente hautatua izan zenetik, oso aberatsak diren horien aberastasun bateratua aurreko bost urteetako batez bestekoa baino hiru aldiz erritmo handiagoan hazi da. 2025eko urrian, Elon Musk bihurtu zen bilioi erdi dolar baino gehiagoko aberastasuna pilatu zuen lehen pertsona. Bitartean, munduko lau pertsonatik bat goseak dago.

Paradoxa hori da, hain zuzen, Oxfam Internationalek argitaratu duen “Aberatsenen inperioaren aurka. Demokrazia babestuz aberatsenen boterearen aurrean” txostenaren ardatza. Bertan jasotzen denez, muturreko desparekotasun ekonomikoak berean jarraitzen du eta munduko biztanleriaren gehiengoarentzat eskubide politikoen eta askatasun zibilen kontrako mehatxu bilakatzen ari da.

Urrezko hamarkada aberatsentzat

Une honetan, eta historian parekorik izan gabe, mila milioi baino gehiago duten pertsonen kopuruak 3.000 lagunen langa gainditu du. Pertsona horiek elkarrekin metatu duten aberastasunak ez du aurrekaririk. 2025ean izan zen hazkundea azken bosturtekoan izan den handiena izan da. Hazkunde horren zatirik handiena Estatu Batuetako aberatsei dagokien arren, munduko beste eskualdeetako super-aberatsenen aberastasunak ere modu nabarmenean egin du gora.

Oxfamen kalkuluen arabera, azken urtean aberatsen aberastasunean izan den hazkundearekin 250 dolar banatu ahal izango litzaizkieke planetako pertsona guztiei. Eta hori eginda ere, gaur egun aberatsenen zerrendaren goialdean diren horietako bakoitzak 500 milioi dolar aberatsago izaten jarraituko luke.

Aberastasunaren metaketa muturreko mailetara iristen da piramidean gora egin ahala. Munduko 12 pertsona aberatsenek, elkarrekin, munduko biztanleriaren erdi pobreenak baino aberastasun handiagoa metatzen dute, hau da, 4.000 milioi pertsonak baino gehiago.

Desparekotasun ekonomikoa desparekotasun politikoa ere bada

Ikerlan desberdinen arabera, desparekotasunaren hazkundea da demokrazien erortzea iragartzen duen adierazlerik fidagarrienetako bat. Eli Rauk eta Susan Strokes-ek egin duten azterlan batek 22 herrialdetako gainbehera demokratikoa aztertu du. Lan horrek agerian uzten duenez, desparekotasun handia duten herrialdetan gainbehera demokratikoa jasateko aukerak zazpi aldiz handiagoak dira desparekotasun txikiagoa duten horiekin alderatuta. Gainbehera demokratikoaren barnean ulertzen dira, besteak beste, botereen arteko oreka-sistemaren ahultzea, askatasun zibilen murrizketa, hauteskundeen manipulazioa eta praktika autoritarioen normalizazioa. 136 herrialdetako datuek iradokitzen dutenez, desparekotasun ekonomikoa handia denean botere politikoaren banaketan ere desparekotasun handia egon ohi da.

Izan ere, oso aberatsak diren horiek, jende arruntarekin alderatuta, kargu politiko bat izateko 4.000 aldiz aukera gehiago dituzte. 2024an, Estatu Batuetako hautagai, alderdi eta batzorde guztiek gastatutako sei dolarretik batek 100 familia aberatsenen donazioetan zuen jatorria.

Hedabideen eta espazio digitalaren kontrola

Aberatsenek gero eta kontrol handiagoa dute hedabideen eta adimen artifizialaren gainean. Munduko hedabide garrantzitsuenen erdia baino gehiago super-aberatsenen esku daude eta horietako seik munduan diren hamar sare sozial garrantzitsuenetako bederatzi kontrolatzen dituzte.

Elon Musken kasua da eragin horren adibiderik argiena. 2022an Twitter erosi zuen 44.000 milioi dolarren truke eta zentsura-oztopoak murriztuko zituela agindu zuen, adierazpen-askatasuna errespetatzeko aitzakiarekin. Baina eskuz aldatu bezain pronto, gorroto-diskurtsoak biderkatu egin ziren: irain arrazistak % 500 igo ziren eta gora egin zuen termino misogino, transfobiko eta gorrotoa pizteko terminoen erabilerak.

Ildo berean, adimen artifizialeko hamar enpresa handienetatik zortzi oso pertsona aberatsen esku daude. Horietako hiruk bakarrik Adimen Artifizialeko sortzaileko txatboten merkatuaren % 90 kontrolatzen dute. Informazioaren etorkizuna konfiguratuko duten teknologien gaineko kontrolak galdera asko planteatzen ditu.

Pobrezia 

Oxfamek azaldu duenez, hainbat urtez globalizazio ekonomikoa defendatzen zuten horiek pobrezia murrizteko benetako aurrerapausoetan babesten ziren. Hala ere, 2020ko hamarkada hasi zenetik, argudio horiek jada ez dute oinarririk. Pobreziaren murrizketa gelditu egin da eta, adibidez, Afrikan, hazi egin da berriro.

2022ko datuen arabera, munduko biztanleria osoaren % 48, hots, 3.830 milioi pertsona inguru, pobrezian bizi zen. Munduko lau biztanletik bat elikadura arloko segurtasun falta neurritsuan edo larrian bizi da. 2015. urteaz geroztik kopuru hori % 42,6 igo da.

Ondorioak are larriagoak dira pobrezian bizi diren emakumeen eta neskatoen, komunitate arrazializatuen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta LGTBIQ+ komunitateen kasuan. Adibidez, Estatu Batuetan, LGTBIQ+ komunitateko bost pertsonatik bat baino gehiago pobrezian bizi da.

Errepresio handiagoa

Oxfamek egiaztatu duenez, eguneroko bizimoduan eragina duten gaiengatik herritarrek, oro har, azaltzen duten haserrearen aurrean, mundu osoko gobernuek errepresioaren alde egin dute, birbanaketa-politikak hobetu beharrean.  2024an, adierazpen askatasunak okerrera egin zuen munduko herrialdeen laurden batean, Freedom Houseren arabera. Hemeretzigarren urtez jarraian, adierazle horrek atzera egin zuen mundu mailan.

Adibidez, Kenian, 2024ko uztailean, milaka pertsona elkartu ziren Nairobin zergen igoeraren, prezioen igoeran eta zorraren ondorioz eratorritako desparekotasunaren kontra protestatzeko. Segurtasun indarrek, zibilez jantzita eta pistolak zeramatzatela, manifestariei eraso egin zieten. Protestetan 39 pertsona hil zituztela jakinarazi zen, eta Kenyako Estatuari protestetan parte hartu zutenak sistematikoki bahitzea edo hiltzea leporatu diote.

Sindikalistak askotan protesten lehen lerroan daude, eta horrek agintarien erantzun bortitzak jasaten dituzten lehen pertsonak bihurtzen ditu. Argentinan, Javier Milei presidentea, Eduardo Eurkenian milmilioidun argentinarraren babesarekin, 366 lege aldatzen saiatu da, lan baldintzak eta soldatak desarautzeko, sindikatuen babesak kentzeko eta enpresa publikoak pribatizatzeko.

Aldaketarako adostasuna

Adostasun zabala dago gurpil zoro horren existentziari buruz, baita superaberatsenen beraien artean ere. 2024an, G20 herrialdeetako 2.300 milioidun baino gehiagori egindako inkestan, erdiak baino gehiagok uste zuen muturreko aberastasuna mehatxu bat zela demokraziarentzat. 36 herrialdetan egindako inkesta batean, inkestatuen % 86 ados edo oso ados zegoen desberdintasun ekonomikoa pertsona aberatsek eragin politiko handiegia zutelako sortzen zela esatearekin.

Oxfamen txostenak planteatzen du gobernuen lehentasun nagusia desparekotasuna nabarmen murriztea izan behar dela, desparekotasuna murrizteko plan nazionalak ezarrita, epe zehatzekin. Herrialde guztiek lan egin beharko lukete Gini koefizientea 0,3tik beherakoa izan dadin. Adierazle horrek diru-sarreren banaketa neurtzen du 0tik 1era bitarteko eskala batean, non 0k berdintasun perfektua adierazten duen. 

Horrez gain, Gobernuz Kanpoko Erakundeak neurri zehatzak planteatzen ditu pertsona oso aberatsen botere politikoa mugatzeko: aberatsenei zergak modu eraginkorrean ezartzea, beren botere ekonomikoa eta politikoa murrizteko; lobby-praktikak eta ate birakariak arautzea; milmilioidunek kanpainak finantzatzea debekatzea; hedabideen independentziaren aldeko legeak egitea eta adierazpen-askatasuna babestea.

Duela mende bat, Estatu Batuetako Auzitegi Goreneko Loius Brandeis epaileak honako hau adierazi zuen: “Aukeratu behar dugu. Gutxi batzuen esku dagoen muturreko aberastasuna izan dezakegu edo demokrazia izan dezakegu. Baina ezin ditugu biak aldi berean izan”. 

Egun esku artean ditugun datuekin, badirudi aipu horrek indarrean jarraitzen duela. Hurrengo urteetan gobernuek hartuko dituzten erabakiek zehaztuko dute XXI. mendea askatasun handiagoko edo oligarkia gero eta handiagoko aro gisa gogoratuko den.