Hamar gazte-proiektu Nafarroako auzoak eta herriak eraldatzeko

Elikagaien hondakinei aurre egitetik hasi eta futbol talde inklusibo bat sortzera arte: Nafarroako ikasleek erakutsi dute konpromiso soziala gelan hasten dela

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 398
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Zer gertatuko balitz gelan ikasten duzuna zure auzoa, herria edo beste pertsonen bizitza hobetzeko balioko balu? Hori da, hain zuzen ere, Ikaskuntza eta Zerbitzua (IkZ) metodologiaren atzean den ideia, ezagutza akademikoak eta ekintza solidarioak uztartzen dituen hezkuntza metodologia. Eta Nafarroan, ikasleek diseinatutako hamar proiektuk jaso berri dute Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (NGI) aintzatespena, hain zuzen ere, hori egiteagatik: ikasten duten bitartean laguntzea.

Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioaren Nafarroako Sarearekin batera NGIk antolatu duen sariketa honen IV. edizioan hamar izan dira saritutako egitasmoak. Aintzatespena jaso duten 10 egitasmo horien atzean ikasle askoren lana dago eta 2026an zehar beren ideiak egia bihurtu ahal izango dituzte erakunde, elkarte eta tokiko eragileei esker.

Sarituak

Haur eta Lehen Hezkuntza kategoriako lehen saria Iruñeko Colegio Calasanz Escolapios ikastetxearentzat izan da “Food Waste Zero” egitasmoari esker. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek elikagaien hondakinen kausak eta ondorioak ikertuko dituzte, hezkuntza eta tokiko komunitateari sentsibilizazioa egingo diote azoka baten bidez eta Nafarroako Elikagaien Bankuaren kanpaina batean lagunduko dute.

Kategoria horretako bigarren saria Fustiñanako CPEIP Santos Justo Pastor ikastetxeko “Fustiñana: zaintzen den herri bat” egitasmoarentzat izan da. Bertan, Haur Hezkuntzako 3. mailako ikasleek herritarren ongizatea eta osasuna hobetzeko ohituren inguruan ikertuko dute. Kasu honetan, gainera, Udalak hitzarmen bat sinatuko du ikastetxearekin urtero maila horretako ikasleek antzeko proiektuak egiten jarrai dezaten.

DBH-Batxilergoa kategoriako lehen saria Altsasuko BHI ikastetxearentzat izan da “Altsasutik Mundura, Mundutik Altsasura” izenburuko egitasmoarekin. Euskara ardatz duen egitasmo honek A eta D hezkuntza-ereduen artean den arrakala gainditzea du helburu. Horretarako, 120 ikaslek ikus-entzunezko baliabideak sortuko dituzte.

Kategoria honetako bigarren saria IES Sarriguren ikastetxeko “Ilusioak biltzen ikasten” proiektuarentzat izan da. Kasu honetan, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleek Errehabilitazio Psikosozialeko Félix Garrido zentroarekin elkarlanean arituko dira gabonetarako pertsonaiak prestatzen eta opariak biltzen.

Azkenik, Lanbide heziketako lehen saria Iruñeko Donibane ikastetxeko ikasleek aurkeztu duten “Eskola-jantokian autonomia eraikiz” proiektuarentzat izan da. Kasu honetan, Bernat Etxepare ikastetxeko LH6ko ikasleekin elkarlanean, irabazleek elikadura-autonomia sustatzen lagunduko dute.

Elkarteak

Elkarte eta erakundeen kategorian, lehen saria SEI Elkartearen “Hezkuntza-partaidetza” egitasmoarentzat izan da. Egitasmo honetan, pertsona migratzaileak ikastetxeetako hezkuntza-partaidetza hobetzeko ekintzak eta estrategiak garatzeko adituak bilakatuko dira.

Bigarren saria Core Fundazioaren “Zapaldu ondo. Seguru zaude” proiektuarentzat izan da.

Iruñeko Alde Zaharreko Klubak aurkeztu duen “AZ-Internazionala: Kirola eta inklusio komunitarioa Alde Zaharrean” egitasmoa izan da kategoria bereziko irabazlea. Egitasmo horren bidez, gizarteratzeko tresna erabilgarria izan nahi duen futbol talde bat osatu da atzerritar jatorria duten 20 bat gazterekin.