Itsasoratu: euskal gazteak itsasoratzeko eta arrantzaleak ordezkatzeko bekak

Programak arrantza-ontzietan praktikak egitea ahalbidetuko du eta profesionalen % 80k baino gehiagok 60 urte baino gehiago duen sektorea gaztetzea du helburu

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 442
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Gazte askok ez dute lehen sektorea irtenbide profesional gisa ikusten. Eta arrantza-sektorearen kasuan, arazoa are larriagoa da. Sektore horren etorkizuna bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ‘Itsasoratu’ beka-programa aurkeztu du Pasaian. Programa berariaz diseinatuta dago prestatzen ari diren gazteak arrantza-ontzietan praktikak egin ditzaten eta, etorkizunean, profesional gisa jardun dezaten sektore horretan.

Programaren aurkezpen ekitaldian Arrantza, Portu eta Itsasertzako sailburuorde Leandro Azkuek azaldu duen moduan, “gure arrantzaren etorkizuna bermatu nahi badugu, belaunaldi berriek benetako baldintzetan prestatzeko eta laguntza publikoarekin itsasora iristeko aukera izan behar dute”.

Erreleborik gabe zahartzen ari den sektorea

Sektorearen datuak kezkagarriak dira. Sektore honen zahartzea errealitate bat da mundu osoan, ez bakarrik Euskal Herrian. Arrantza-industriako ekoizleen % 80k baino gehiagok 60 urte baino gehiago ditu eta gero eta gehiago dira sektore honetan lan egiteari uzten diotenak. Zaharrenek erretiroa hartzen duten bitartean, ez dago plaza horiek betetzen dituzten gazterik.

Errelebo falta horretarako arrazoiak askotarikoak dira: lanbide zorrotza da; aldez aurreko berariazko formakuntza eskatzen du, sarritan, sarbiderako pizgarriak kentzen dituen kostu osagarri batekin; eta, beteranoak zuzenean gazte bat itsasontzian irakasten zioneko ikaskuntza tradizionala ia ezinezkoa da gaur egun. Izan ere, egun indarrean den araudiarekin, tripulatzaile gisa izena eman ez duten pertsonak ezin dute ontziratu eta horrek mugatu egiten du ikaskuntza praktikorako aukerak. Kasu honetan, bereziki, funtsezkoa da esperientzia zuzena izatea kalak, itsas-hondoak eta espezieen portaera ezagutzeko.

Itsasoratu

Itsasoratu programak aukera ematen die nautika- eta arrantza-arloko prestakuntzako ikasleei Euskadin egoitza-portua duten ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko, gutxi gorabehera, itsasaldi baten baliokide diren aldietan, 20 eta 30 egun bitartean. Praktika horiei esker, gazteek itsasoko lanaren benetako baldintzak zuzenean ezagutzeko aukera dute eta, horrek, nolabait, sektoreko enplegurako trantsizioa errazten du.

Programak eskaintzen dituen laguntzek funtsezko gastuak estaltzen dituzte, hala nola joan-etorriak, mantenua, materiala, lan-ekipoak eta prestakuntzako egonaldiari lotutako beste kostu batzuk. Horiez gain, ikasleentzako haborokinak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak ere estaltzen ditu. Neurri horiekin guztiekin praktika egiteko izan daitezkeen oztopo ekonomiko guztiak ezabatu nahi dira.

Pasa den urtean, 14 gaztek parte hartu zuten programan, 2024an baino hiru gehiago. Beka jaso zuten ikasle gehienak, hamaika, Pasaiako Blas de Lezo Arrantzako LHIIko ikasleak izan ziren; beste bi Bermeoko Nautika Eskolakoak eta, azkena, Ondarroako Eskolakoa.

Programan parte-hartu zuten itsas-ontzien kopuruak ere gora egin zuen: 2025ean 12 ontzik parte hartu zuten eta 2024an, berriz, 9. Programan parte hartzen ari diren ontzi gehienek Getarian dute oinarri-portua, eta besteak, Hondarribian, Ondarroan, Bermeon eta Pasaian aritzen dira.

Bekak Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako itsas-arrantzako prestakuntza-zentroetako erdi eta goi mailako heziketa zikloak egiten ari diren eta dagokien ikasgaiak gainditu dituzten ikasleei zuzenduta daude. Parte hartzen duten arrantza-enpresek ikasleen tutoretza hartzen dute egonaldian, eta praktiken azken ebaluazio-txostena egiten dute.