EBko Estatuek beren herritar transen generoa legez aitortu behar dute

Europako Justiziaren epai baten arabera, genero-identitatea islatzen ez duten dokumentuekin EBn zirkulatzeak zirkulazio askerako eskubidea urratzen du

  Egilea: Lander Bolado
  Argazkia:Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 243
  Irakurketa denbora: Minutu 1

EBko Justizia Auzitegiak (EBJA) Bulgariari agindu dio Italian bizi den emakume trans bulgariar baten generoa legez aitortzeko; han egin baitu bere trantsizio mediko eta soziala. Martxoaren 12an emandako epaia kasu zehatzetik harago doa, eta ezartzen du ezein estatu kidek ezin diola trans herritarren nortasun-agiriak eguneratzeari uko egin, ezezko horrek Europar Batasunaren barruan normaltasunez mugitu eta bizitzea eragozten dienean.

Demandatzailea Bulgarian jaio zen, eta han gizon gisa inskribatu zuten erregistro zibilean. Italian bizi da eta bertan tratamendu hormonala izan du. Bulgariako agintariei eskatu zien jaiotza-agirian generoa aldatzeko. Hori egiteko, txosten medikoak eta peritu-txostenak aurkeztu zituen. Bulgariak ia hamarkada batez ukatu zuen eskaera, bere legeak “sexua” jaiotzean esleitutako biologikotzat interpretatzen duela argudiatuta, eta Bulgariako gizartearen balio moral eta erlijiosoek jarrera hori justifikatzen dutela esanez.

Nortasuna islatzen ez duten agiriak

EBJAk xedatzen du genero-identitatearekin bat ez datozen agiriak izateak benetako oztopoak sortzen dituela zirkulazio askea baliatzeko: muga bat zeharkatzetik hasi eta edozein administrazioren aurrean identifikatzeraino. Horregatik, auzitegiak ondorioztatu du Bulgariakoa bezalako lege bat bateraezina dela Europako zuzenbidearekin.

Epaiak, halaber, 2023ko Bulgariako Auzitegi Gorenaren ebazpena baliogabetzen du; ebazpen horrek beheko epaileei debekatu egin zien genero-markagailuak legezko dokumentuetan aldatzea. Hungaria eta Eslovakiarekin batera, Bulgaria da generoaren legezko onarpena gehien murriztu edo zuzenean debekatu duen EBko hiru herrialdeetako bat.

Marie-Hélène Ludwig ILGA-Europeko aholkulari juridikoak “aurrerapauso handitzat” jo du epaia, eta gaineratzen du Europako Batzordeak orain “oinarri juridiko sendoa duela azkar jarduteko hori betetzen ez duten Estatuen aurka”.