Euskarabideak 27 hitzarmen sinatu ditu euskara sustatzeko

Elkarlanean arituko da Nafarroako 30 erakunde eta eragilerekin eta 14 milioi euroko aurrekontua izango du

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: navarra.es
  Hitz kopurua: 273
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Euskarabideak Nafarroako 30 eragile eta erakunderekin lankidetzan jardungo du aurten sinatu berri dituen 27 hitzarmenen bidez, iaz baino zazpi gehiago. Lankidetza horren xedea garbia da: Nafarroan euskararen aldeko ekosistema sozial bat indartzea eta zabaltzea, gero eta asmo handiagoko eta gizartean oihartzun handiagoa duten proiektuen bidez.

2026rako sinatutako akordioek iazko ia guztiak finkatuko dituzte, Tokiko Ekintza Taldeekin (Cederna-Garalur-TEDER eta Erdialdea) lehen aldiz sinatutako hiru hitzarmenak barne. Hitzarmen horiei esker, jada pasa den urtearen amaieratik lanean ari diren euskara sustatzeko hiru eragile kontratatu ahal izan dira.

Hitzarmen berriak

Ekimen berrien artean Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin sinatutakoa azpimarratu behar da. Izan ere, akordio horri esker, 2026/2027 ikasturtetik aurrera, euskara sustatzeko eta gizarte-berreskurapenerako hizkuntza-plangintza espezialistak trebatzeko titulua irakatsiko da unibertsitate publikoan. Horrez gain, Baztan-Bidasoa eskualdeko hiru zahar-etxerekin ere hitzarmenak sinatu dira bertako langileen euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko.

Nafarroa Oinez Fundazioarekin, AEK-rekin, Sortzen Elkartearekin eta Irauli Elkartearekin sinatutako hitzarmenei esker, berriz, inpaktu sozial handia duten egitasmoak garatu ahal izango dira, hala nola, Korrika Kulturala, Euskaraldia edo euskararen inguruko ikerketa ezberdinak.

2015. urteaz geroztik, Foru Administrazioan hizkuntza-eskakizun elebiduna duten plazak % 1 baino gutxiagotik ia % 5era igo dira

Ibilbide luzeagoa duten egitasmoek ere Euskarabidearen babesa jasotzen jarraituko dute. Horien artean aurkitzen dira, adibidez, “Sarean Euskaraz”, “Gora gora Fest!” eta “Musikariak Ikastetxeetan” edo “Iruñerriko Mintzodromoa”, “ERA eskola” edo gazteei zuzendutako “Arnasa gara” lehiaketa.

Euskara administrazioan

Nafarroako Euskararen Kontseiluak pasa den urteko maiatzean onartutako hizkuntza-planetan izandako aurrerapenen berri eman du. Adibidez, 258 plazatan hizkuntza-eskakizun elebiduna ezarri da eta, horri esker, Foru Administrazioan eskakizun hori duten plazak 769raino iritsi dira, plaza guztien ia % 5, irakasleak eta buruzagitzak kenduta. Kopuru txikia dirudien arren, kontuan izan behar da 2025. urtean hizkuntza-eskakizun elebiduna zuten plazak % 1 baino ez zirela.