Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 289
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Janari ultraprozesatuek gazteak gehiago jatera bultzatzen ditu, baita gose ez direnean ere. Estatu Batuetako Virginia Tech-ek ezagutzera eman duen ikerketa baten arabera, 18 eta 21 urte bitarteko gazteak bereziki kalteberak dira horrelako janarien aurrean eta bi astez industria-produktuetan aberatsa den dieta bat jarraitu ondoren kaloria gehiago kontsumitzen dituzte.
Goserik gabe jateak etorkizunean pisu arazoak izango direla iragartzen du eta nerabetasun berantiarrean aldi kritiko bat da. Ikertzaileek janari ultraprozesatuek 18 eta 25 urte bitarteko gazteengan duten eragina aztertu dute. 27 parte-hartzailek, bi astez, bi dieta ezberdin jarraitu zituzten. Horietako batean, kalorien % 81 janari ultraprozesatuen bidez bereganatzen zituzten; bigarrenean, berriz, ez zegoen horrelako produkturik. Biak berdinduta zeuden makronutrienteetan, zuntzetan, azukreetan, dentsitate energetikoan, bitaminetan eta mineraletan. Aldi bakoitzaren ondoren, parte-hartzaileek libreki jan zuten buffet gosari batean. Berehala, snack erretilu bat jaso zuten. 15 minutuz elikagai bakoitza probatu eta ebaluatu zuten. Gero jaten edo atseden hartzen jarrai zezaketen.
Ondorioetan ikus daitekeenez, 18 eta 21 urte bitarteko gazteek kaloria gehiago kontsumitu zituzten dieta ultraprozesatuaren ostean. 22 eta 25 urte bitartekoen artean, berriz, ez zen alderik izan. “Adin txikieneko taldeak elikagai ultraprozesatuetatik eratorritako kaloria gehiago kontsumitzen zituen, baita goserik ez zutenean ere”, azaldu du Alex DiFeliceantonio neurozientzialari eta azterlanaren egilekideak. Nerabe gazteenek, dieta ultraprozesatuaren ondoren, jateko gogorik gabe jarraitu zuten snack proban. “Gose izan gabe jatea gazteen ondorengo pisuaren igoeraren iragarle garrantzitsua da, eta badirudi elikagai ultraprozesatuekiko esposizioak joera hori areagotzen duela nerabeen artean”, adierazi du DiFeliceantoniok.
18 eta 25 urte bitartean gazteek independentzia garatzen dute, elikadura-ohiturak garatzen dituzte eta obesitaterako arriskua handitzen da. Azaroan “Obesity” aldizkarian argitaratutako ikerketaren egile nagusi Brenda Davyk ohartarazi duenez, “nahiz eta epe laburreko saiakera izan, kaloria gehiago hartzeak denboran irauten badu, gazte horien pisua handitzea eragin dezake”.








