Desparekotasuna klimatikoa ere bada

Oxfam Intermónen txosten batek agerian utzi duenez, Estatuko % 0,1 aberatsenak biztanleria pobreenaren erdiak adina kutsatzen du. Bost enpresak Estatuko emisioen laurden bat eragiten dituzte, baina baliabide gutxien dituzten horiek dira ondorioak pairatzen dituztenak

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 1100
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Estatuko % 0,1 aberatsenak baliabide ekonomiko gutxien duen biztanleriaren erdiak adina kutsatzen du. Datuak Oxfam Intermón-en 2022ko txosten batekoak dira. Bost enpresa Estatuko emisioen laurdena baino gehiagoren erantzule dira. Bitartean, biztanleria zaurgarrienaren % 70 inguru 1960. urteaz geroztik tenperatura 1,5 gradu baino gehiago igo den udalerrietan bizi da. 

Karbono emisioek desparekotasun ekonomikoa islatzen dute. % 10 aberatsena kutsaduraren % 27aren erantzule da; % 50 txiroena, berriz, % 30arena. Datuak argiak dira: Estatuko % 1 aberatsena, 477.000 pertsona inguru, Estatuko kutsadura guztiaren % 8,8ren erantzule da.



Karbono aztarna indibidualean dauden aldeak itzelak dira. Adibidez, % 1 aberatsenen artean den pertsona batek  49,2 tona CO2 eragin zituen 2022an, hots, diru-sarrera gutxien dituzten biztanleen beheko erdian dagoen pertsona bat baino 15  aldiz gehiago (3,4 tona). % 0,1 aberatsenen taldean dauden horiek, berriz, 189 tona eragin zituzten pertsona bakoitzeko.

Berotzea 1,5 gradu azpitik mantentzeko pertsona bakoitzak, gehienez, urtean 1,1 tona emititu beharko lituzke. % 1 aberatsenak muga hori 45 alditan gainditzen du eta % 0,1 aberatsenak 172 alditan. Gainera, gehiengoa bere kontsumoa murrizten saiatzen den bitartean, gutxiengo batek planeta infinitua izango balitz bezala kutsatzen jarraitzen du.

“Klima-aldaketaren borrokak emisioak modu ekitatiboan murriztea eskatzen du. Trantsizio ekologikoa bidezkoa izango da gehien kutsatzen duten horiek bere ardura onartzen badute”, azaltzen du Oxfam Intermóneko justizia klimatikoko arduradun Lourdes Benavidesek.

Korporazio handien pisua

IBEX 35eko enpresek, urtean, 84 milioi tona CO2 emititzen dituzte, hots, Estatuko emisio guztien % 30. Horren truke zer ematen dute? BPGaren % 10 eta enpleguaren % 7. Hau da, sortzen duten aberastasuna eta enplegua baino hiru aldiz gehiago kutsatzen dute.

Bost enpresak biltzen dute IBEX 35eko emisio guztien % 90: Repsol, Naturgy, Iberdrola, Endesa eta AIG. Elkarrekin Estatuan sortzen den kutsadura guztiaren laurden baten ardura dute. Eta hori, bakarrik zuzeneko emisioak aintzat hartzen badira. Balio-kate osoa aintzat hartzen bada (hornitzaileak, bezeroak…) kopuru hori 4,4 aldiz biderkatzen da. Estatuko 50 enpresa handienen inguruko Oxfamen aurreko txosten batek ondorioztatu zuenez, egun den deskarbonizazio erritmoa mantenduz gero, zero emisioen helburua 2090. urtean lotuko litzateke, hots, itundutako klima-konpromisoetan zehaztuta dagoena baino 40 urte beranduago.

Beroak zaurgarrienak kolpatzen ditu

Azken bost urteak azken 60 urteetan erregistratutako beroenak izan dira. Aurtengo udan marka guztiak apurtu dira. 33 milioi pertsona baino gehiago bizi dira 1960. urtetik 1,5ºC baino gehiago igo den udalerrietan. Kaltetutako lurralde horietatik, % 58 2021ean 30.551 eurokoa zen batez besteko familia-errenta garbiaren azpitik dago. Karlos III.a Osasun Institutuaren arabera, 2015.urteaz geroztik 37.000 pertsona hil dira Estatuan bero-boladen eraginez. Pasa den urteko abuztuan, adibidez, jada 2.177 pertsona hil ziren. Adinekoak, aire zabalean lan egiten dutenak eta diru-sarrera baxuagoak dituzten horiek dira kaltetuenak esposizio handiagoa dutelako eta egokitzeko gaitasun gutxiago dutelako.



“Klima-aldaketa ez da gure planeta berotzera mugatzen, desparekotasunak ere larriagotzen ditu. Premiazkoa da gutxien dutenak inpaktuetatik babesteko birbanaketa-politikak ezartzea” adierazi du Benavidesek.

Desparekotasuna etxebizitzan

Beroak ez ditu guztiak berdin hiltzen. 1981. urtea baino lehen eraikitako etxebizitza askok ez dute isolamendu egokia. Baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonak bizi diren auzoetan zuhaitz gutxiago eta asfalto gehiago egon ohi da eta, hortaz, beroa handiagoa da. Zenbait kasutan tenperatura aldea 8 gradutara iritsi daiteke, adibidez, parkeekin alderatuta.

Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, hiru pertsonatik bat bero da udan ezin duelako aire girotua ordaindu edo bere etxebizitzak isolamendu egokia ez duelako. Familia zaurgarrietan kopuru hori % 53ra iristen da. Pobrezia energetiko hori larriagotu egiten da birgaitze energetikorako dirulaguntzak eskuraezinak direlako beren konplexutasun administratiboagatik.

Arriskuko populazioa

Jasangarritasunaren Behatokiaren arabera, Estatuan milioi bat etxebizitza baino gehiago ibaiak edo itsasoak gainezka egiteko arriskua duten lekuetan daude. Hiri-arriskuan dauden etxeen % 81ek urtean 40.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzte. Murtzia da errenta baxuen eraginpean dagoen biztanle-kopuru handiena duen hiri-eremua, bertan 30.000 euro baino gutxiagoko familia diru-sarrerak dituzten 70.000 pertsona bizi baitira.



2024ko urriko tanta hotzak Valentziako Erkidegoa suntsitu zuen. 228 hildako. 300.000 lagun baino gehiagok zuten guztia galdu zuten. Kalte materialak 18.000 milioi euro ingurukoak izan ziren. Baina hondamendia ez zen naturala izan bakarrik: Mediterraneo itsasoa beroago dago, kontrolik gabeko hiri-hedapenak etxebizitzak eraman zituen uholde arriskua zegoen eremuetara eta azpiegiturak ez zeuden prestatuta.

Klima-aldaketak ez du leku guztietan berdin kolpatzen. Emakumeak, gazteak, adinekoak, migratzaileak eta baliabide ekonomiko gutxien dituztenak dira zaurgarrienak. Tanta hotzeko zenbait biktimek ondorio bikoitza jasan behar izan dute: alde batetik tanta hotzak berak eragindako kalteak eta, bestetik, gobernuak eskainitako laguntzak jasotzeko ezintasuna baldintzak ez betetzeagatik. Adibidez, egoera irregularrean dauden migratzaileek ezin izan dute laguntzarik jaso erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza baita laguntzak jasotzeko. Azken momentuan, Gobernuak aldi baterako ohiz kanpoko erregularizazio bat onartu zuen 25.000 pertsonentzako.

Nork erabakitzen ditu jarraitzen diren politikak?

Desparekotasun klimatikoa ez da beroaren edo uholdeen aurrean zaurgarritasun fisiko kontu bat; bada botere kontu bat ere. Izan ere, nork erabakitzen ditu eragiten gaituzten politikak?

Erregai fosilen enpresek eta energia alorrean aritzen diren enpresek modu nabarmenean eragiten dute erabaki politikoetan. Bada gauza asko azaltzen dituen datu bat: pasa den azaroan Bakún egin zen COP29 goi-bileran erregai fosilen alorrean aritzen diren enpresetako 1.773 ordezkari zeuden. Klima-aldaketaren aurrean zaurgarrien diren hamar estatuen ordezkariak, berriz, 1.033 izan ziren. Hau da, ordezkari gehiago zeuden petrolioaren interesak defendatzen herrialde osoak bere biziraupena defendatzen baino.



Espainian, politikaren eta enpresa energetikoen arteko ‘ate birakariek’ eragin-sare opakua finkatu dute: Gobernuko hiru presidente ohi eta ministro ohi ugari daude enpresa elektrikoen administrazio-kontseiluetan.

2022an, bost enpresa energetiko nagusien etekinak % 165 igo ziren 2016-19 aldiarekin alderatuta, 11.700 milioi euro baino gehiagora iritsiz. Igoera horrekin batera, etxebizitza tenperatura egokian mantendu izan zuten etxebizitzen kopuruak ere gora egin zuen, biztanleen % 14,3tik % 17,1era. Enpresen botere horren aurrean, herritarren parte-hartzea hutsaren hurrengoa da. 2020an Klimaren aldeko Herritarren Batzarra sortu zen. Batzarrak 172 gomendio bidali zituen Kongresura. Hala ere, ez dago horietatik politika zehatzetan zenbat islatu diren jakiteko jarraipen publikorako mekanismorik. Klimaren Kontseilu Nazionalaren azken bilera 2024an izan zen, bi urtez elkartu gabe egon ondoren.

Trantsizio energetikoaren erronkak

Biztanleriaren % 63ren ustez klima-aldaketaren aldeko ekintzak lehentasun bat izan behar du. Baina erdiak baino gehiagok (% 53,7k) uste du trantsizio ekologikoak gizarte-gatazkak eragin ditzakeela inklusio, elkarrizketa eta ekitate faltagatik. Parke eolikoak eta fotovoltaikoak ezartzeko prozedurak azkartzeak tokiko komunitateen parte-hartzea zailtzen du, eta horrek erresistentziak sortu ditu hainbat eskualdetan “Berriztagarriak bai, baina ez horrela” lelopean. Autonomia erkidego batzuek berariazko zergak sortu dituzte kaltetutako udalerrientzat diru-sarrerak sortzeko, eta energia-sarbidea eta energiaren kontrola demokratizatzen duten energia-erkidegoen esperientzia positiboak daude.

Ez ekitearen kostua

Gehien kutsatzen dutenak beren emisioak gehiago murriztea, energia-eraginkortasunean gehiago inbertitzea, superaberatsak zergapetzeko zerga-sistema erreformatzea, erregai fosilentzako dirulaguntzak ezabatzea eta enpresek klima-politiketan duten eragina arautzea eskatu du Oxfam Intermónek.



Kalkuluen arabera, klima-aldaketaren urteko kostua 3.200 milioi eurora iritsiko da hamarkada honen amaieran premiazko egokitzapen-neurririk gabe. Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, egokitzapenean inbertitzen den euro bakoitzak 4 eta 10 euro artean aurreztu ditzake etorkizuneko kalteetan. “Trantsizio energetikoa herrialde zuzenago eta erresilienteago bat eraikitzeko aukera bat da. Gaur egun, klimaren egokitzapenean, trantsizioan eta ekitatean inbertitzea ez da justizia kontua bakarrik, biziraupen kontua da” azaldu du Lourdes Benavidesek.