Gazte gehienak amen-omenen eraginpean daude

Euskadiko lau gaztetik hiru desinformazioaren eraginpean izan da azken astean eta % 12k ez daki irakurtzen duen hori egia ala gezurra den. Instagram eta TikTok dira egunero immigrazioaren, genero-berdintasunaren eta demokraziaren kontrako edukiak ikusten dituen belaunaldi baten informazio-iturri nagusiak.

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 1172
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Sare sozialak dira euskal gazteriaren informazio-iturri nagusia. Lau gaztetik hiruk egunero irakurtzen dituzte berriak horrelako plataformetan, bereziki, Instagramen. Baina joera horrek desinformazioarekiko esposizio masibo batekin bat egiten du. Gazteen % 77k azken astean amen-omenak ikusi edo irakurri izan dituela adierazten du; % 13k dio horiek hautemateko oso gai dela. Gainera, heren batek immigrazioaren aurkako edukiak ikusten ditu eta antzeko ehunekotan demokraziaren edo genero-berdintasunaren aldeko politiken kontrako edukiak ikusten dituzte.

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen ‘Gazteak. Sare sozialak eta informazioa 2025’ txostenean jasotako datuen arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 74,6k egunero irakurtzen ditu berriak sare sozialetan. Berriak telebistaren bidez egunero jasotzen dituztenak % 38,9 baino ez dira eta prentsa digitalaren bidez, berriz, % 34,8.

Emakume gazteek sare sozialak erabiltzeko joera handiagoa dute. % 78,8k egunero erabili ohi ditu informatzeko; gizon gazteen kasuan, berriz, % 71,1ek. Gizon gazteek telebistara, irratira eta podcastetara jotzeko joera handiagoa dute.

Instagram eta TikTok

Instagram da euskal gazteek berriak jasotzeko kanal nagusia. Hamar gaztetik seik (% 60,1) egunero jotzen du sare sozial horretara berrien bila. Gazteek erabiltzen dituzten beste kanal nagusiak honako hauek dira:

  • WhatsApp (% 41)
  • TikTok (% 37,7)
  • YouTube (% 22)
  • X/Twitter (% 20,7)

LinkedIn, Telegram eta Facebook bezalako bestelako plataformek egunean % 10 baino gutxiagoko erabilera-ehunekoak dituzte.

Generoen arteko aldeak esanguratsuak dira. Adibidez, emakume gazteak gehiago informatzen dira Instagram eta TikTok bidez. Gizon gazteek, berriz, nahiago dituzte YouTube eta X. 20 urtetik beherako hamar emakume gaztetik seik baino gehiagok (% 62,9) TikTokera jotzen dute egunero albisteak jasotzeko. Adin bereko gizon gazteen artean, berriz, kopuru hori % 44ra baino ez da iristen.



Adina ere aldeak markatzen dituen aldagai bat da. Horrela, adinean gora egin ahala, behera egiten du Instagram eta TikToken erabilerak informazio-iturri gisa. Ostera, X, LinkedIn, Facebook eta Telegramen erabilerak gora egiten du. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean % 34,4k egunero X bidez informatzen da.

Desinformazioa

Euskal gazteen % 77,6k dio azken astean amen-omenen eta albiste faltsuen eraginpean izan dela. Horietatik, % 18,2k azaltzen du egunero edo ia egunero jaso izan dituela horrelako edukiak eta % 26,3k dio zenbait egunetan jaso izan dituela. Aipatu aldian amen-omenak ikusi ez dituela adierazten duten gazteen kopurua % 8,6 baino ez da.

Are larriagoa da gazteen % 12,8k ez dakiela kontsumitu duen informazioa benetako ala faltsua den. Kopuru horrek agerian uzten du benetako informazioa eta desinformazioa bereizteko dagoen zailtasuna. Ildo berean, informazio faltsua hautemateko konfiantza-maila baxua da. Gazteen % 13,4k dio, ziurtasun osoz, amen-omenak hautemateko gai dela. % 46,ek adierazi du horrelako edukiak hautemateko segurtasun nahikoa duela, baina heren batek inguruk onartzen du ez duela segurtasun-maila nahikorik desinformazioa hautemateko.

Amen-omenak hauteman

Amen-omenak hautemateko konfiantza-maila handiagoa da gizon gazteen artean (% 19) emakume gazteen artean baino (% 7,2). Konfiantza-mailan den arrakala hori adin-talde guztietan islatzen da, baina adinean gora egin ahala maila hori handiagoa da bai gizonen artean, bai emakumeen artean ere.



Amen-omenak hautemateko segurtasun adierazten duten gazteek neurri handiagoan aitortzen dute horien eraginpean izan direla (% 83,2). Ordea, segurtasun-maila baxuagoa duten horien artean kopuru hori nabarmen baxuagoa da (% 70,2). Azken horien artean, % 22,3 ez daki zein puntutaraino izan den horrelako edukien eraginpean azken astean.

Eduki eztabaidagarriak egunero

Amen-omenetatik haratago, gazteek egunero ikusi behar izaten dituzte eduki eztabaidagarriak sare sozialetan. Euskal gazteen ia heren batek adierazi duenez, ia egunero jasotzen ditu immigrazioaren aurkako iruzkinak, borondatez edo nahi gabe. Horrelako edukiak jasotzen ez dituela adierazten duten gazteen kopurua % 15,9 da.

Demokraziaren edo erakunde demokratikoen funtzionamenduaren aurkako kritikak ere ohikoak dira: gazteen % 28,2k egunero ikusten ditu. Genero-berdintasunaren aldeko politiken aurkako edukiekin antzeko fenomenoa gertatzen da. Kasu horretan, egunero horren eraginpean dauden gazteen kopurua % 23,5 da. Gainera, horiei horrelako edukiak gutxienez astean behin ikusten dituzten horiek gehitzen bazaizkie, euskal gazteriaren erdia baino gehiago litzateke aldizka horrelako edukien eraginpean dagoena.



Aipatu gai horiez gain, badira sare sozialetan beste hainbat gai eztabaidagarri. Adibidez, % 18,6k egunero ikusten omen ditu indarkeria zuritzen duten iruzkinak, % 13,7k herritarrak kontrolatzeko azpijokoen inguruko edukiak irakurtzen ditu eta % 10 inguruk klima-aldaketa ukatzen duten mezuak irakurtzen ditu. Ildo berean, gazteen % 7,4 anorexia edo muturreko argaltasuna sustatzen duten edukien eraginpean dago eta % 2k nork bere burua zauritzeko aholkuak ikusi ditu.

Eduki eztabaidagarrien kasuan sexuen artean dauden aldeak oso handiak dira. Gizon gazteek, adibidez, emakume gazteek baino joera handiagoa dute honako edukiak ikusteko: immigrazioaren aurkako iruzkinak, demokraziari kritikak, genero-berdintasunerako politikei uko egitea, indarkeriaren justifikazioa, konspirazio-teoriak eta negazionismo klimatikoa. Salbuespen bakarra elikadura-nahasmenduekin harremana duten edukiak dira, kasu horretan eragina nabarmen handiagoa baita emakume gazteen artean. Izan ere, 20-24 urte bitarteko hamar emakumetik batek (% 13,6) horrelako edukiak ikusten ditu egunero, adin bereko gizonek baino hamar puntu gehiago.

Adin-taldeei dagokienez, 25-29 urte bitarteko gazteak dira immigrazioaren eta genero-berdintasunerako politiken aurkako eta klima-aldaketa ukatzen duten mezu gehien ikusten dituztenak. Gizonen kasuan, gainera, arrakala nabarmenagoa da.

Ikustearen eta sinestearen arteko aldea

Eduki eztabaidagarrien eraginpean egoteak ez du esan nahi, nahita nahiez, ideia horien aldekoa izatea. Euskal gazteriaren gehiengoak immigrazioaren, demokraziaren, genero-berdintasunaren eta klima-aldaketaren kontrako ekintzaren aldekoa da, edozein dela ere horrelako edukiekiko duen esposizioa.

Gazteen % 87,5ek uste du, pertsona guztiek, bertakoek zein atzerritar jatorrikoek, eskubide eta betebehar berberak izan behar dituztela. Gainera, % 53,3 bat dator immigrazioa ezinbestekoa dela euskal ekonomiak aurrera egin dezan ideiarekin. Paradoxikoki, immigrazioaren aurkako iruzkinekiko esposizio handiagoa duten horiek dira immigrazioaren onura ekonomikoa gehien defendatzen dutenak.



Genero-berdintasunaren kasuan, gazteen % 87k defendatzen du bikote homosexualek haurrak hezteko eskubidea izatea bikote heterosexualak bezala. % 89,3, berriz, genero-indarkeria asmakizun ideologiko bat denaren ideia arbuiatzen du. Hala ere, bada kezkarako datu bat: Gizon gazteen % 38,3k uste du emakumeen berdintasunaren sustapenean hain urrun iritsi dela, non orain gizonak diskriminatzen baitira. Emakumeen artean, ehuneko hori % 13,7ra jaisten da.

Demokrazia eta klima-aldaketa

Euskal gazteriaren % 74,6rentzat demokrazia da gobernu sistemarik onena. Iritzi hori nagusia izan arren, % 13,1ek zalantzan jartzen du ideia hori. Ideia horren inguruko eszeptizismoa handiagoa da gizon gazteen artean (% 16,7) emakume gazteen artean (% 9,5) baino.

Klima-aldaketaren kasuan, gazteen % 83,5ek dio ez dela fenomeno natural zikliko bat eta gizakion esku-hartzeak zuzeneko eragina izan duela uste du. Hala ere, hamar gaztetik batek (% 10,8k) ikuspegi negazionista bat du, bereziki, 15 eta 19 urte bitartekoen artean (% 16,8).

Konspirazio-teoriak

Konspirazio-teoriek nolabaiteko onarpena dute adin-talde gazteenetan. Euskal gazteriaren % 14,1ek bat egiten du 5G teknologia herritarrak kontrolatzeko konspirazio global baten parte dela. Kopuru hori % 21,2raino igotzen da 15-19 urte bitarteko gizonen kasuan.

Adin bereko emakumeen % 17,9 ados da teoria horrekin, baina laurden batek nahiago izan du galdera horri ez erantzutea. Horrek, gai horren inguruko zalantzak edo ezagutza-maila eskasa iradokitzen du. Adinean gora egin ahala, konspirazio-teoriekiko atxikimenduak behera egiten du.

Kasu honetan bada iritziaren eta esposizio-mailaren arteko zuzeneko lotura. Izan ere, konspirazioen inguruko edukien esposizioa zenbat eta handiagoa izan orduan eta adostasun-maila altuagoa. Adibidez, 5G teknologia kontrolerako tresna dela ideiaren kasuan, horrelako edukiak maizago jasotzen dituztenen adostasuna % 18,1ekoa da eta esposizio baxuagoa dutenen artean, aldiz, % 11,3.

Alfabetizazio digitala

Txostenak utzitako ondorioek erakusten dutenez, ezinbestekoa da euskal gazteen artean hezkuntza-mediatikoa eta pentsamendu kritikoa sendotzea. Inguru digital batean amen-omenak identifikatzeko, iturriak egiaztatzeko eta informazioaren fidagarritasuna ebaluatzeko gaitasuna ezinbestekoak dira, ingurune horretan desinformazioa ohikoa delako eta eduki eztabaidagarriekin topo ez egitea saihetsezina delako.

Diskurtso jakin batzuekiko esposizioak diskurtso horiekiko atxikimendu zuzenik ez izateak gazteek nolabaiteko gaitasun kritikoa dutela iradokitzen du. Hala ere, informazioaren egiazkotasuna eta muturreko edukien eraginpean egotearen normalizazioa ebaluatzean azaltzen den segurtasun-faltak erronka handiak dakarzkio bizikidetza demokratikoari eta eztabaida publikoari.