Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 781
Irakurketa denbora: 4 Minutu
Asko dira adikzio eta etxe-gabetasun arazo larriek, batez ere, adinekoei eta helduei eragiten dietela uste dutenak. Baina ERDU programaren 2025. urteko memoriak errealitate ezberdin eta kezkagarri bat azalarazi du. Izan ere, aipatu memorian jasotako datuek profilak nabarmen gaztetu direla azaltzen du. Horrela, artatutako pertsona gehienak 18 eta 35 urte bitartekoak dira, kalean edo infraetxeetan bizi dira eta oso kronifikatuta dauden adikzioei eta osasun mentaleko arazoei aurre egin behar dizkiete.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak aurkeztu du urteko ERDU programaren memoria. Programa horren xedea da babes-sistema guztietatik kanpo geratzen diren herritarrei laguntza helaraztea. Nerea Melgosa sailburuak azaldu duen bezala, “ERDU beste ate batzuk itxita dauden lekura iristen da, eta bestela sistema guztietatik kanpo geratuko liratekeen pertsonei laguntzen die, komunitate inklusibo bat areagotuz”.
Profil kezkagarria: pregabalinarekiko adikzioa duten gizon gazteak
Datuak erabatekoak dira. Iaz ERDU programaren barruan artatutako pertsonen artean profil nagusia honako hau da:
- gizona (% 92)
- 18 eta 35 urte artekoa (% 25 18 eta 25 urte artekoa eta % 38 26 eta 35 urte artekoa)
- eta pregabalinarekiko mendekotasunarekin
Substantzia hori nerbio-sistemarako medikamentu bat da eta kontsumo problematikoen artean substantzia nagusia bilakatu da, kasuen erdia baino gehiagok botika honekin harremana baitute. Kontsumo problematikoen sailkapenean nabarmentzen diren beste substantzia nagusiak dira, alkohola, haxixa, kokaina eta heroina, hurrenez hurren.
Baina adikzio edo mendekotasunarena ez da arazo bakarra. Artatutako hamar pertsonatik ia bederatzi (% 86) kalean edo infraetxeetan bizi dira. Adikzio aktiboa duten horiek antzeko ehunekoan daude (% 89) eta erdiak baino gehiagok (% 53k) patologia duala du, hots, mendekotasun eta osasun mentaleko arazoak dituzte.
Melgosa Sailburuak azaldu duen moduan, “urte askotako kontsumoa metatzen dituzten pertsonez ari gara. Osasun-arazo larriak dituztenez, eta familia eta gizarte-sareak ia erabat hausten dituztenez, hurbiltasunezko esku-hartzeak konfiantza sortzeko eta, pixkanaka, irteteko bideak irekitzeko aukera ematen digu”.
Kalera ateratzen den programa
ERDU programaren funtzionamendua ohi kanpokoa da, herritarrak laguntza eske joatea itxaron beharrean, programan lan egiten duten lantaldeak pertsona horien bila ateratzen direlako. Kaleak, aterpetxeak, jantoki sozialak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko gizarte-zerbitzuak; bertan aurkitzen dira kontsumo problematikoak dituzten pertsona gehienak.
Pasa den urtean, programak 464 pertsona artatu zituen EAEko hiru Lurralde Historikoetan. Kopuru hori egonkor mantendu da programa martxan jarri zenetik eta, lortutako emaitzak ikusita, programa arrakastatsutzat jo daiteke. Izan ere, hamar kasutik zortzitan, gutxi gorabehera, pertsonarekin hitzartutako helburuak betetzen dira, hala nola osasuna hobetzea, kontsumoak murriztea, baliabideak eskuratzea edo egoitza egonkortzea. Gainera, artatutako pertsonen artean kopuru nabarmen bat osatzen duten atzerritar jatorriko pertsonen artean arrakasta-tasak are handiagoak dira. Datu hori bereziki esanguratsua da, pertsona horiek oztopo osagarri gehiago izan ohi dituztelako: administrazio-egoera irregularrak, hizkuntza- eta kultura-oztopoak eta inolako laguntza-sarerik ez izatea.
Hiru lan-ildo eskubideak berreskuratzeko
ERDU programaren barruan egiten den lana hiru lan-ildo nagusitan antolatzen da. Lehenik eta behin, gizarte- eta osasun-sistemarekiko konexioa egiten lan egiten da, prestazioak, erroldatzea, dokumentazioa eta baliabideak eskuratzen lagunduz.
Bigarren lan-ildoa arretaren ingurukoa da, bereziki arreta egoera psikologikoan, hezkuntzan eta osasunean jarriz. Ildo honetan pertsona horien motibazioa lantzen da arriskua eta kalteak murrizteko eta tratamenduekiko atxikidura lortuz.
Azkenik, komunitatearen ikuspegian oinarritutako gizarte-laguntza intentsiboan lan egiten da pertsonaren ingurune hurbilarekin eta auzoko edo udalerriko baliabideekin lan eginez.
Lan hori guztia datu zehatzetan islatzen da: laguntza-prozesuetan zehar, nabarmen jaisten da kontsumo aktiboak dituzten pertsonen ehunekoa, eta gora egiten du erroldatzea, diru-sarrera erregularrak izatea, etxebizitza eskuratzea eta osasun-sareari eta gizarte-zerbitzuen sareari modu egonkorrean lotzea lortzen dutenen kopuruak.
ERDUk gizarte- eta osasun-sistemen arteko zubi lana egiten du, eta koordinazioa errazten du udaleko gizarte-zerbitzuekin, osasun mentaleko sarearekin, adikzio-zentroekin, Lanbiderekin, Ertzaintzarekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin.
Gero eta azkarrago hautematen den arazoa
Melgosa Sailburuaren esanetan, azken txostenak utzi duen daturik kezkagarriena horrelako arazoak dituzten pertsonen profil gero eta gazteagoa da. Zentzu horretan, “ERDUk gazteen artean muturreko bazterkeria-egoerak goiz detektatzeko eta gure erantzunak egokitzeko aukera ematen digu, substantzien kontsumo problematikoa bizitza osorako sufrikarioa izan ez dadin”, adierazi du sailburuak.
Programa Covid-19aren pandemia garaian sortu zen mendekotasunekin harremana duten arrisku egoera berriei aurre egin ahal izateko. Ordutik, giza eskubideen ikuspegia, kalteen murrizketa eta ikuspegi komunitarioa uztartzen dituen hurbiltasuneko esku-hartze eredu gisa finkatu da.
2026. urteari begira, Eusko Jaurlaritzak programa sendotzea eta indartzea aurreikusten du eta aurrekontua 300.000 euro inguruan mantenduko da. Programa hobetzeko taldeen antolamendua doituko da 2025ean hautemandako beharrei hobeto erantzuteko, bai lurralde-estaldurari dagokionez, bai talde-lanari eta beste baliabide batzuekiko koordinazioari dagokienez.
Programa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Drogen Abusua Ikertzeko eta Prebenitzeko Gipuzkoako Elkartearekin (Agipad), Etorkintza Fundazioarekin eta Gizakia Fundazioarekin (Bizkaia) eta Jeiki Fundazioarekin (Araba) lankidetzan garatzen da. Programa Inor Atzean Utzi Gabe Funtsaren bidez finantzatutako Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategian sartzen da. “Gure konpromisoa argia da: giza eskubideen ikuspegia, kalteen murrizketa eta ikuspegi komunitarioa uztartuko dituen hurbileko arreta garatzen jarraitzea, komunitate inklusibo bat bultzatuta. ERDUk erakusten du, testuinguru oso gogorretan ere, loturak, osasuna eta bizi-proiektuak berreskura daitezkeela”, azaldu du Melgosa Sailburuak.











