Gizateria, natura eta etorkizuna izango dira ‘Zinema eta Zientzia’ ziklo berriaren ardatzak

Martxora arte luzatuko den ‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren IX. edizioa martxan jarri da ‘Simioen Planeta’ filmaren proiekzioarekin.

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: irekia.euskadi.eus
  Hitz kopurua: 766
  Irakurketa denbora: 4 Minutu

Hausnarketara gonbidatzen duen zinema gustuko baduzu, hurrengo hilabeteetan agenda beteta izango duzu. Izan ere, bueltan da ‘Zinema eta Zientzia’ zikloa inor axolagabe utziko ez duen planteamendu batekin. Horrela, aurten egingo den IX. edizioko egitarauak zazpigarren artea biologia, fisika, ekologia edo etika bezalako diziplinekin lotzen duten galdera sakonak aztertuko ditu. Gainera, hausnarketa horretan parte hartu ahal izateko ez da zertan zientzian aditua izan behar.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, zikloak Euskal Herriko bost hiri bisitatuko ditu 2026. urteko lehen hiruhilekoan: Bilbo (Bilbao Aretoa), Donibane Lohitzune (Le Select zinema-aretoa), Donostia (Tabakalera), Gasteiz (Artium) eta Iruñea Golem (Baiona zinema-aretoa).



Proiekzio bakoitzarekin batera, hogei bat zientzialarik aurkezpenak egingo dituzte, eta filmek jorratzen duten gaiaren inguruan eztabaidatuko dute bertaratutakoekin.

Hausnarketarako gonbidapena

Zikloa urtarrilaren 7an estreinatu da Gasteizen ‘Simioen Planeta’ filmaren proiekzioarekin. 1968. urteko zientzia-fikziozko klasiko horrek, gaur egun ere, hainbat galdera planteatzen jarraitzen du. Izan ere, filmak gizadiaren aurrerakadei eta atzerakadei buruz, bilakaera autoritarioei buruz eta Susan Sontag-ek azaldu zuen moduan “triskantzak eta nahasketak eman diezazkiguketen edertasun bereziei” buruz ere hausnartzeko aukera ematen du. Saio horren aurkezpena Juan José Gómez Cadenas DIPCko fisikari, idazle eta Ikerbasque irakasle ikertzaileak egin du. Bera izango da eta Iruñean egingo den saioaren aurkezlea ere (urtarrilak 9). Bilboko Saioa (urtarrilak 10), berriz, Asturiasko Printzearen Saria eta DIPCko lehendakari Pedro Miguel Etxenikek aurkeztuko du.

Zinema eta zientziaren arteko lotura

Programazioan askotariko film indartsu eta esanguratsuak daude. Adibidez, François Truffaut zuzendariaren ‘Haur basatia’ filmaren bidez gizatasuna eta hizkuntzaren aurkikuntza aztertuko dira. Dave Fincher-en ‘Sare soziala’ filmak, berriz, gaur egun gure bizitzan protagonista diren sare sozialen hastapenetara eramango ditu ikus-entzuleak.



Suspensearen zaleek Alfred Hitchcock-en ‘Txoriak’ film ezagunaz gozatu ahal izango dute. 1963ko klasiko horrek animalien senari eta, batzuetan, gainezkoa egiten duen ingurumenarekin dugun harremanari buruzko irakurketa zientifikoak sortzen jarraitzen du. Ildo berean, 1986an David Cronenberg-ek zuzendutako ‘Eulia’ filmak mutazioari, gorputzaren mugei eta esperimentazioari buruzko eztabaida eragingo du.

Zikloak beste hainbat gairi ere protagonismoa eskainiko die. Umorea ‘Irakasle zoroa’ filmaren bidez jorratuko da; emakume zientzialari aitzindari ahaztuak gogoratuko dira ‘Emakumeak Zientzian’ zikloaren markoan ‘Sisters with Transistors’ filmaren bidez eta matematika nabarmenduko da ‘La Voie Royale’ filmarekin, non neska gazte baten istorioa kontatzen den. Haren talentuak ustekabeko bideetatik eramango ditu.



Zikloaren amaieran bizitzaren amaierari buruzko hausnarketa izango da nagusi. Azpiatal horretan, besteak beste, honako film hauek ikusi ahal izango dira: ‘Los destellos’, ‘Hirugarren gizona’, ‘La balada de Narayama’; eta, ‘Nausicaä del Valle del Viento’. Azken film horrek itxiko du aurtengo edizioa eta, aldi berean, Donostia, Bilbo eta Gasteizko eskola-saioen protagonista izango da.

Jarduera osagarriak

Zikloaren aurkezpen ekitaldian Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak azpimarratu duenez, “kultura eta zientzia gizarte kohesiorako tresna bi dira. Proiektu honetan, biak batu egiten dira ezagutza, pentsamendu kritikoa eta gizarte-baloreak eraikitzeko. Zientzia eta Zinea lotzen direnean, zientzia hizkuntza irisgarria bihurtzen da, gertukoa, ulergarria, eta gizarte eraldaketarako tresna indartsua bilakatzen da”.

Ildo berean, DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiñok azaldu duenez, zikloak “zientziarekiko eta gizartean duen eraginarekiko bestelako hurbilketa bat proposatzen du. Filmak aurrerapen zientifiko eta teknologikoei aurre egitean giza adimenean agertzen diren ideia, kezka, interes, utopia eta distopia askoren isla eta pizgarri dira. Fikziozko obrek oso arazo konplexuak humanizatu ditzakete, ikuspegi tekniko hutsaz bestelako ikuspegiak proposatuz”.

Aipatu emanaldiez gain, egitarauaren barruan bi jarduera berezi izango dira. Otsailaren 12an, 18:00etatik Aurrera, Tabakalerak 2007an Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printze Saria jaso zuen Ginés Morata biologoaren hitzaldia hartuko du. Bertan, zientzialariak ‘Eulia’ filmak planteatzen dituen gaietan eta galderetan sakonduko du.



Martxoaren 6an, berriz, eta Biogipuzkoarekin lankidetzan, Tabakalerak heriotzaren inguruko mahai-inguru bat hartuko du. “Bizitzaren amaiera: literatura, zinema eta zientzia” izenburupean eta IIS Biogipuzkoako zuzendari zientifiko Itziar Vergararen zuzendaritzapean, Ander Urrutikoetxea onkologoak eta ‘Los destellos’ filmaren zuzendari Pilar Palomero zinemagileak film horretan jorratzen diren gaien inguruan eztabaidatuko dute.

Aurkezpenak

Film bakoitzak biologiako, kimikako, akustikako, antropologiako, filosofiako eta beste diziplinetako espezialisten aurkezpenak izango ditu. Hizlarien artean Amaia Carrion-Castillo (neurozientzia hezitzailea), Lorea Argarate (teknologoa eta Gladys Saria), Eva Ferreira (EHUko errektore ohia) edo Aitzpea Leizaola (antropologia soziala) nabarmentzen dira.

Euskadiko Filmategiaren zuzendari Joxean Fernándezek gogorarazi duenez, zikloaren espiritua bere horretan mantentzen da hasieratik: “‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren bitartez ikusten dugu hizkuntza zinematografikoak zientziaren edertasuna erakusten duela, pentsamendu zientifikoaren unibertsaltasunak pantailetatik hunkitzen gaituzten mugimenduan dauden irudi ederren gainean argia botatzen laguntzen duen aldi berean”. Gainera, bederatzigarren edizio honetan ere pluraltasunaren aldeko apustua egin dela aurreratu du, “batzuetan zientziaz esplizituki hitz egin gabe, begirada zientifikoa ahalbidetzen duten filmen alde”.



Egitarauaren barruan programatutako emanaldietarako sarrerak 3,50 eta 6 euroren truke eskura daitezke egoitza bakoitzaren webguneetan edo leihatiletan. Ginés Morataren hitzaldia eta mahai-ingurua doakoak izango dira.

Zikloaren inguruko argibide guztiak www.filmoteka.eus webgunean aurki daitezke.