Lorea Argarate: “Emakumearen eta zientziaren inguruan dauden estereotipoak aldatu eta berriak sortu behar dira”

Lorea Argaratek Gladys del Estal informatikariaren omenez antolatzen diren sarien III. edizioa irabazi du. Gaur egun TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.

PuntuEUS ek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak ematen duten eta emakume gazteek ingurune digitalean egiten duten lana aintzatestea helburu duen Gladys Saria jaso berri duzu. Zerk suposatu du zuretzat horrelako aintzatespena jasotzeak?

Hasiera batean, egia esan, ez nion garrantzia handirik eman. Hala ere, denbora pasa ahala, gero eta balio handiagoa eman diot eta esan behar dut oso gustura jaso dudala aintzatespen hori. Hau da, hasieran aitortza honi ez nion garrantzia handirik eman eta gero ikusi eta sentitu dut benetan gustatu zaidala eta bizkarrean pare bat toke emateak efektua duela horrela beste hainbat urtez jarraitzeko. 

Bestalde, nire burua profil arrarotzat hartzen dut. Ez naiz ingeniari normalena. Beraz, erreferente desbedinak izateari ere garrantzia ematen diot. Erreferenteetan lan handia daukagu egiteko. Erreferenteen beharra dugu, baina erreferente ‘lurtarrak’, gertukoak, hots, lor daitekeen zerbait. Ez dugu beti Marie Curi bezalako erreferente batera jo behar.

Oso pertsona emankorra zara eta hainbat esparru edo arlotan egiten duzu lan. Une honetan, TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea zara, Berlinen. Zer nolako lana burutzen duzue kooperatiba horretan? 

TAZEBAEZ kooperatiban hezkuntzarako programa disruptiboak egiten ditugu, eta horietako asko ekintzailetzan oinarritzen dira. Nire kasuan, edo nire aportazioa, programa horietan teknologia txertatzean datza. Gaur egun, proiektu ekintzaile askok teknologia txertatzen dute, baina horrek zein nolako ondorioak izan ditzakeen hausnartzen ikasi behar dugu. Badakigu teknologia ez dela neutroa eta, ondorioz, erabilera horien inpaktu onak eta txarrak neurtzen ikasi behar dugu,  etorkizunean izango duen eragina asmatzen. Nire papera buruak eragin, pentsamentu kritikoa sortu eta bertan jolastea izaten da, beraz, ametsetako lana niretzat. 

Duzun formakuntzarekin, segur aski, arazorik gabe egin ahal izango zenuke lan enpresa batean, baina ekintzailea zara. Zer eman dizu ekintzailetza-esperientzia horrek? Zerk bultzatu zintuen horretara? 

Ikasketengatik horrela izan daiteke, baina nire profila edo nire bizitzeko era guztiz desberdina da. Ez dut nire burua ekintzailetzat jotzen; talde ekintzailea naiz, teampreneur izenarekin ezagutzen dena. Alde handia dago ekintzaile edo teampreneur izatearen artean. Gure kasuan, taldean egiten ditugu gauzak, kooperatiba barruan profil desberdinak ditugu, eta horrela leku desberdinetara heltzen gara, egunero ikasten dugu, egunero erronkatzen dugu gure burua… 

Ekintzaile figura bakarti hori ez zaigu gustatzen, eta gezurra izan ohi da. Gauza gutxi egin daitezke bizitzan bakarrik, eta ez da gure bizitzeko era. Bestalde, ba al da gauzak asmatzea baino ekintza politagorik? Horrek plazer handia ematen dit. Zorte handia daukat, askotan “jolasten” nagoenaren sentsazioa ere izaten dudalako. 

Arlo honetan eman dituzun lehen urratsak, nolabait, beldurrak motibatuta eman zenituela azaldu izan duzu. Sakondu ahal duzu ideia horretan? 

Beldurrak kuriosidadea pizten dit. Hau da, beldurrak geratu beharrean, aurrera egitera behartzen nau. Datuen mundua, algoritmoen mundua, gaur egun jada oso txertatua dugu gure egunerokotasunan, baina orain dela urte gutxi gauza berria zen. Eta hor suertatu zitzaidan beldurra. Eta horregatik datuen mundura jo nuen. Beldurra baduzu, ikasi egin behar duzu zer dagoen atzean. Aurrea hartu, ulertu eta horrekin jolasten hasi, zure balioa eman, itzuli. 

Gaztetatik zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan aritu zara, STEAM ikuspegiaren garrantzia azpimarratuz eta, bereziki, neskengan lor daitekeen inpaktuan arreta jarriz. Zer esango zenieke mundu horretan sartzeko zalantzak dituzten neska eta emakume gazteei? 

Bai, zorte handia izan nuen, nire Deustotech-eko etapan InspiraSTEAM proiektuan parte hartzeko aukera izan nuelako. Programa horretan helburua erreferente berri eta gertukoak ezagutzera ematea zen. Gure artean diren Marie Curie ‘normal’ horiek, alegia. Gainera lanpostu edo arlo desberdinetakoak ziren eta horrek, nolabait, estereotipoak apurtzen lagundu zigun. Izan ere, arlo horretan lan handia dugu egiteko, estereotipo horiek aldatzen eta berriak erakusten. 

Nik zer esango nieke neska gazteei? Aurrera egiteko, baina ez teknologia teknologiagatik. Pasioa bilatu behar da. Sentitzen dut, baina gaur egungo ia prozesu guztietan teknologia txertatuta azaltzen da punturen batean. Hortaz,  kuriosidadez egin dezatela aurrera. 

Janaria gustatzen zaizula? Teknologiarekin topatuko zara, arropa gustatzen zaizula? Teknologia. Argazkilaritza? Teknologia. Bideojokoak? Teknologia. Kirola? Teknologia,… beraz, aurrera! 

Dibulgazio lan horretan bereziki gazteei zuzendu ohi zara eta, gainera, euskaraz. Bi elementu horiek, hots, gazteria eta euskara, badira ere zure jardueraren zutabe… 

Euskeraz ere topatu beharko ditugu material dibertigarri eta desberdinak, ez? Niretzat plazer bat da euskeraz egin ahal izatea. Zintzoa banaiz, beste gertutasun batetik kontatzen dituzu euskaraz gauzak.


MUSIKA ELEKTRONIKOA. Musikan egindako lehen urratsak klarinetearekin hasi bazituen ere, azken urteetan musika elektrinikoarekin egin da ezaguna Lorea Argarate. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun “Mauriziak ez du inor hil” izeneko proiektuan ari da. ©TZBZ
Musikaria ere bazara. Hainbat proiektutan murgilduta izan zara… nondik ateratzen duzu hainbeste denbora?

Denbora? Denbora piloa dago egunean zehar! Alperkeriak kendu eta gozatzera! Baina bai, zortea dut edo zortea bilatu dut, nire marra batzuk gurutzatu egiten direlako. Hau da, musikarekin nagoenean matematikarekin nago ere, edo teknologiaren batekin, normalean lagunekin egiten ditut beraz gauzak azaldu behar dizkiogu batak besteari, hortik formakuntza edo pedagogia,… beraz zorte handia dut. “Todo es mio y nada me pertenece” Lucio Urtubiak zioen bezela. Naizena naiz dudan inguruneagatik. Ez naiz ni.