Euskal gazteen heren bat bakarrik emantzipatu da

Etxebizitzen prezioetan izan den gorakadaren ondorioz, bai alokairuan, bai jabetzan, 30 urtetik beherako gazteek oso zaila dute gurasoen etxetik alde egitea

Euskal gazteentzat oso zaila da bere kontura bizitzera joatea. Oso gutxi dira 30 urte bete baino lehen gurasoen etxetik alde egiten dutenak, nagusiki, lan- eta soldata-egonkortasun faltagatik. Etxebizitzen prezio altuak, bai alokairuan, bai jabetzan, eta soldatak baino azkarrago igo den Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) eboluzioa dira emantzipazioa oztopatzen duten faktore nagusiak.

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu duen ‘Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza premia’ txostenean jasotako datuen arabera, Euskadin bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 31 bakarrik bizi da bere kontura. Txosten horren arabera, Euskadin, emantzipatzeko batez besteko adina 29,8 urte dira. 2015 urtearekin alderatuta, 2023an emantzipatuta bizi ziren euskal gazteen ehunekoa sei puntutan jaitsi da, % 37 eta % 31, hurrenez hurren. Gainera, txostenak agerian uzten duenez, emantzipatuta bizi diren gazteen % 52,4 bereak diren etxebizitzetan bizi dira. 

Gazteen Euskal Behatokiak prestatu duen txostena 2023ko “Etxebizitza Beharrei eta Eskaerari buruzko Inkesta”-ren emaitzetan oinarritu da. Txosten horretan jada agerikoa da emantzipatutako gazteen kopuruak behera egin duela  aurreko txostenekin alderatuta.

Emantzipazioa Euskadin

Txostenak utzi duen beste ondorio esanguratsu bat emakume gazteen eta gizon gazteen artean dagoen aldea da. Izan ere, 18 eta 34 urte bitarteko emakumeen % 34,4 emantzipatuta bizi diren bitartean, kopuru hori nabarmen baxuagoa da gizonen artean (% 26). Hala ere, sexua ez da emantzipaziorako aldagai nagusia. Emantzipazioan inpaktu gehien duen aldagaia adina da eta, espero zitekeen bezala, adinean gora egin ahala emantzipazio-tasa nabarmen altuagoa da. Adibidez, 18-24 urte bitarteko gazteen % 7,5 bakarrik bizi da bere kontura. 25-29 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hori 30,6raino igotzen da eta 30-34 urte bitartekoen artean, % 67,6raino.

Txostenean jasotako datuek herrialdeen arteko aldeak txikiak direla erakusten dute. Bizkaia da, % 28,3rekin, gazteen emantzipazio-tasarik baxuena duen lurralde historikoa. Arabak du tasarik altuena (% 33) eta Gipuzkoa erdibidean geratzen da % 31,8rekin.


Bizkaiak du gazteen emantzipazio-tasarik baxuena (% 28,3), Arabaren (% 33,0) eta Gipuzkoaren (% 31,8) atzetik

Txostenak jasotzen duen beste datu esanguratsu bat espainiar nazionalitatea eta atzerriko nazionalitateren bat duten gazteen artean dagoen aldea da. Izan ere, atzerritar jatorriko gazteen % 57,3 emantzipatuta bizi den bitartean, espainiar nazionalitatea duten gazteen emantzipazio-tasa % 25,4 baino ez da.

Soldatak eta etxebizitzaren prezioa

Higiezinen merkatu librean, etxebizitza-gastuek gora egin dute azken urteotan, alokairu-errenten eta hipoteka-maileguei aplikatu beharreko interes-tasen igoeraren ondorioz. Igoera horri KPIan izan den igoera gehitzen bazaio, gazteentzat gero eta zailagoa da beren kontura bizitzea, batez ere, soldaten igoerek ondasunen eta zerbitzuen prezioen igoera bera izan ez dutenean.

Eustaten arabera, 2023an, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 46k aldi baterako kontratu bat zuen. Behin-behinekotasunak gehiago eragiten die emakume gazteei (% 50,2) gizon gazteei (% 42,2) baino. Gainera, aipatu adin tarteko hiru gaztetik batek lanaldi partzialean egiten du lan, eta horrek gazte horien diru-sarrerak mugatzen ditu. 2022an, 18-29 urte bitarteko gazteen hileko soldata garbia, batez beste, 1.226 eurokoa zen. Kopuru hori  azken hamarkadan izan den altuena da, baina ez da nahikoa etxebizitzaren prezioetan, alokairuan zein jabegoan, izan den igoerari aurre egiteko.

Idealista atariaren arabera, une honetan, Euskadin salgai dauden etxebizitzen metro koadroaren  batez besteko prezioa 2.992 eurokoa da, hots, duela hamabi hilabete baino % 5,2 garestiago. Gipuzkoa da lurralderik garestiena, metro koadroaren batez besteko prezioa 3.652 eurokoa baita. Jarraian, Bizkaia (2.859 euro) eta Araba (2.309 euro) daude.


Euskadin salgai dauden etxebizitzen metro koadroaren  batez besteko prezioa 2.992 eurokoa da, hots, duela hamabi hilabete baino % 5,2 garestiago

Alokairua ere ez da gazteen eskura dagoen aukera bat. Aurtengo irailean, alokairuaren batez besteko prezioa 14,1 eurokoa izan zen metro koadroko, aurreko urtean baino % 8,3 gehiago. Kasu honetan ere Gipuzkoa da herrialderik garestiena (16,4 €/m2). Kopuru horrekin, Gipuzkoan 100 metro koadroko etxebizitza baten alokairua, hilean, 1.640 eurokoa litzateke.

Emantzipazioa bikotekidearekin

Orain arte azaldutako guztia ikusita, ez da harritzekoa, beraz, oro har, euskal gazteak bikotekidearekin emantzipatzea. 2023an, emantzipatutako 35 urtetik beherako hamar gaztetik sei  (% 60,8) bikotekidearekin bizi ziren (seme-alabekin edo seme-alabarik gabe edo familiako beste kideren batekin).

Esan bezala, sexua ez da emantzipazioan eragiten duen aldagai nagusia, baina emantzipatzeko moduan zuzeneko eragina du. Izan ere, emakume gazteek bikotekidearekin emantzipatzeko joera handiagoa azaltzen dute eta ez hainbeste lagunekin edo bakarka. Bestalde, adinean gora egin ahala, gehiago dira bikotekidearekin emantzipatzen diren gazteak (baita bakarka ere), baina behera egiten du lagunekin edo senitartekoren batekin emantzipatzen diren horien kopuruak. Atzerritar jatorriko gazteen artean ohikoagoa da bikotekidea ez den beste pertsona batekin etxebizitza partekatzea.

Jabegoan eta alokairuan

Emantzipatuta bizi diren gazteen erdia baino gehiago (% 52,4) jabetzapeko etxebizitza batean bizi da, baina gehienak hipoteka bat ordaintzen ari dira. Emantzipatutako gazteen % 44,5 alokairuan bizi da, sarritan, halabeharrez, diru-sarrera nahikorik ez dutelako etxebizitza bat erosteko. Alokairuan bizi diren gazteen % 81,8k dio alokairuan bizi dela etxe bat erosteko diru-sarrera egonkorrik ez duelako. Egoera horretan bizi diren gazteen asebetetze-maila nabarmen jaitsi da azken urteetan. Izan ere, 2023an, alokairuan bizi diren gazteen % 50ak zioen gutxi edo batere pozik ez zeudela egoera horretan; 2015ean, aldiz, gazteen % 79,1 pozik zegoen egoera berean.

Hileko gastua etxebizitzan

Emantzipatuta bizi diren euskal gazteek hilero etxebizitzara bideratzen duten gastua nabarmen aldatzen da alokairuan bizi diren edo hipoteka bat ordaintzen ari diren arabera.

2023an, alokairuan bizi ziren gazteen gehiengoa (% 78) 451 eta 900 euro arteko hileko errenta ordaintzen ari zen. 450 euro baino gutxiagoko errenta ordaintzen ari ziren gazteen kopurua % 15,4 zen eta 900 eurotik gorako errenta ordaintzen zutenena, berriz, % 5,4. Gazteek, batez beste, ordaintzen duten errenta 638,21 eurokoa da. Kopuru hori 2021ean erregistratutakoa baino arinki baxuagoa da (641 euro), baina aurreko urteetakoa baino nabarmen altuagoa da. 2017an, adibidez, alokairura bideratutako gastua, batez beste, 572 euro ziren eta 2019an, jada, 623 euro. Horrek agerian uzten du azken urteetan alokairuen prezioek etengabe egin dutela gora.

Alokairuen prezioan izan den gorakada horrek ez du bat egiten soldatetan izan den igoerarekin eta, ondorioz, gero eta zailagoa da gazteentzat gurasoen etxetik alde egitea. Izan ere, emantzipatuta bizi ahal izateko gazteek bere soldataren ehuneko handiegi bat bideratu beharko lukete etxebizitzara. GEBk egin duen txostenaren arabera, emantzipatuta bizi diren gazteen % 29,5ek bere soldataren % 30 baino gehiago bideratu behar du alokairua edo hipoteka ordaintzera. Horrek, finantza-erakundeek bideragarritzat jotzen duten gehiegizko zorpetze-muga gainditzen du. Baina egoeraren larritasuna azaltzen duen datu kezkagarriena honako hau da: gazteen % 16k bere soldataren % 40 baino gehiago bideratzen du etxebizitzara eta, ondorioz, gazte horiek gehiegizko esfortzu ekonomiko bat egin behar dute emantzipatuta bizi ahal izateko.

Bestalde, alokairuaren eta jabegoaren arteko aldeak ere esanguratsuak dira. Izan ere, alokairuan bizi diren gazteen hileko batez besteko gastua 638,21 eurokoa den bitartean, hipoteka bat ordaintzen ari diren horien hileko batez besteko gastua 578,01 eurokoa da.

Gainzorpetzea

Hipoteka bat ordaintzen duten gazteen etxeetan, batez besteko soldata garbia, hilero, 2.603,72 eurokoa da. Alokairuan bizi diren horiena, berriz, 2.088,43 eurokoa da, hots, 500 euro baino gehiagoko aldea. Alde hori azal daiteke, neurri batean, hipoteka duten etxebizitza gazteetan pertsona bat baino gehiago izaten delako diru-sarrerekin (kasuen % 63,5); alokairuan bizi diren gazteen etxebizitzetan, berriz, ehuneko hori % 52,4ra jaisten da. Hau da, alokairuan bizi diren gazteen erdiak baino gehiagok soldata bakar batekin aurre egin behar die etxebizitzaren gastuei.

Txostenak agerian uzten duenez, alde esanguratsua dago, gainzorpetzeari dagokionez, alokairuan bizi diren eta hipoteka bat ordaintzen ari diren gazteen artean. Alokairuan bizi diren gazteen laurden batek bere diru-sarreren % 40 baino gehiago bideratu behar du hileko errenta ordaintzera. Maila horretan, gazte horiek gainzorpetze kritiko egoeran aurkituko lirateke. Hipoteka bat ordainduta egoera kritiko horretan aurkitzen diren gazteen ehunekoa askoz baxuagoa da; % 3,7 baino ez. Desberdintasun horrek agerian uzten du alokairuaren merkatua nabarmen garestitu dela eta gazteek zailtasunak dituztela arrazoizko aukerak aurkitzeko; ondorioz, diru-sarreren proportzio handiagoa bideratzen dute etxebizitza ordaintzera.

Txostenak agerian uzten duenez, euskal gazteek, batez beste, biztanleria orokorrak baino diru gutxiago bideratzen du etxebizitzara. Datu horrek zuzeneko harremana du gazteek erabili ohi dituzten etxebizitza motarekin. Izan ere, gazte gehienak pisuetan bizi dira, bigarren eskukoak, duela 50 urte baino gehiago eraikitakoak eta 90 metro koadro baino gutxiagokoak.