Irakurketa denbora: 2 minutu
Hogeita hamabost euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian programaren 9. edizioa antolatzeko. Egitarau honek 60 jarduera baino gehiago bilduko ditu, emakumeen rola zientzian ikusarazteko eta neska eta nerabeen artean bokazio zientifikoak sustatzeko helburuarekin. Otsailaren 11n ospatzen den Nazioarteko Emakume eta Neska Zientzialarien Egunaren harira antolatzen den ekimen hau otsailaren 7tik 14ra egingo da, Euskal Herriko hainbat tokitan.
Hazia erein
“Hazia erein” lelopean, edizio honek arreta jarriko du berdintasuna lortzeko ekintza txikien garrantzian. Ekimenaren antolatzaileen esanetan, “hitzaldi, tailer edo istorio bakoitzak belaunaldi berriak inspiratu ditzake eta urteko aste bakar batetik harago doan aldaketa bat eragin”. Mezu hori indartzeko, hainbat ikus-entzunezko pieza ekoitzi dira, ikertzaileen, irakasleen eta erakunde publikoetako ordezkarien testigantzekin. Hauek ekimen honen garrantziaz hausnartuko dute etorkizun bidezkoago bat eraikitzeko bidean.
Programazioa
Emakumeak Zientzian 2025 programaren inaugurazioa otsailaren 6an izango da Bilbon, kanpainaren bideo nagusia aurkeztuz eta boluntarioak zein erakundeetako ordezkariak bilduko dituen ekitaldi parte-hartzaile batekin. Hortik aurrera, adin eta publiko ezberdinei zuzendutako jarduerak antolatuko dira.
Herritar orok parte hartu ahal izango du “Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur” ekitaldietan, non hainbat esparrutako ikertzaileak elkartuko diren Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Bertan, beren esperientziak partekatuko dituzte eta zientziaren historiako figura garrantzitsuen omenezko ekitaldi bat egingo dute. Horrez gain, ikasle taldeentzako bisita gidatuak antolatuko dira ikerketa-zentroetara, baita nerabeentzako tailerrak ere. Nabarmendutako jardueretako bat “Eskolara Itzulera” izango da; bertan, 60 ikertzaile baino gehiagok eskola-ikastetxeak bisitatuko dituzte, beren esperientziak kontatzeko eta bokazio zientifikoak sustatzeko.
Era berean, talde espezifikoei ere arreta eskainiko zaie, hala nola 55 urtetik gorako emakumeei, haien ezagutza-transmisioan duten funtsezko papera aitortzeko. Testuinguru horretan, “Esperientziaren boterea” jardueraren bidez, zortzi ikerketa-zentrok beren ateak irekiko dituzte esperimentu sinple eta errepikagarrien bidez haien lana erakusteko. Halaber, programak mahai-inguruak eta gai espezifikoei buruzko tailerrak ere jasotzen ditu.
Ekitaldiak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien babesa du, baita beste hainbat erakunde eta kolaboratzaileren laguntza ere. Jardueretan izena emateko aukera dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean.







