Zientzia ere nesken kontua da

Euskadiko 32 erakundek otsailaren 8tik 16ra bitartean izango den Emakumeak Zientzian programaren 8. ediziorako programa osatzen lagundu dute

Emakumeak Zientzian programak 60 jarduera baino gehiago izango dituen programazioa izango du otsailaren 8tik 16ra izango den bere VIII. edizioan. Aurtengo edizioak, gainera, berritasun garrantzitsu bat izango du; izan ere, lehenengo aldiz, programazioa Euskadiko hiru lurralde historikoetara zabalduko da.

Aurtengo edizioaren xede nagusia da zientziaren eta teknologiaren alorreko pertsonak bizimodu bete baten bila dabiltzan pertsonak direla nabarmentzea. Hau da, zientziaren eta teknologiaren alorreko pertsonek beren beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak dituztela azpimarratu nahi da.

Emakumeak zientzian

Emakumeak Zientzian ekimenaren helburua da emakumeek zientzian egiten duten lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoei dagozkien rol tipiko maskulinoak haustea eta neska nerabeek karrera zientifikoak aukeratzea sustatzea.

Emakumeak Zientzian 2017an eman zituen lehen urratsak, eta urtez urte hazten eta indartzen joan da. Ekimena bat dator Nazio Batuen 2016ko Batzar Nagusiaren aldarrikapenarekin, zeinak otsailaren 11 izendatu baitzuen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, emakume eta neskek zientziarako sarbide zuzena izan dezaten.

Aurten, Emakumeak Zientzian ekimenak ikusgarritasun hutsetik haratago doa, eta zientziaren eta teknologiaren arloan paradigma aldatzearen alde egiten du. Ekimenak nabarmentzen du arlo horietan aritzen diren pertsonak, ororen gainetik, beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak dituzten norbanakoak direla. Bokazio profesionalak bizitza pertsonalaren funtsezko alderdiei, hala nola familiari, aisialdiari edo garapen pertsonalari uko egitea dakarrela dioen ideia desmuntatu nahi da.

Hori guztia zientzia eta teknologiaren arloko pertsonen bizitza partikularra erakusten duen bideo pertsonal batean islatuko da.

VIII. edizioa

Aurten Emakumeak Zientzian programa jai giroan hasiko da, otsailaren 8an, Donostian. Bertan, edizio honetarako prestatu den aipatu bideoa aurkeztuko da. Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendearentzako jarduerak izango dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.

Publikoarentzat oro har, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo da ‘Emakume zientzialariak atzo eta gaur’ hitzaldi-saioa. Bertan, ikerketaren hainbat arlotan lan egiten duten zientzialari batzuk agertokira igoko dira beren ikerketa-proiektuei buruz hitz egiteko eta historiako zientzialari handi batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen kontakizunaren bidez.

Nerabeentzako ikerketa-zentro eta tailer espezifikoetara ikasleek egin ohi dituzten bisitez gain, 60 ikertzaile baino gehiago ere eskoletara joango dira beren esperientziak kontatzera eta, horrela, ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera.

Halaber, emakume helduek kultura-transmisio gisa duten zeregina balioetsiko da. Esperientziaren boterea jardueran, zazpi ikerketa-zentrok ateak irekiko dituzte garatzen duten ikerketa ezagutarazteko, edozein lekutan egiten diren esperimentu labur eta errazen bidez, kultura zientifikoa familiei eta gure inguruneari hurbiltzeko.

Jardueren programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago eskuragarri, eta dagoeneko zabalik daude jarduera guztietarako izen-emateak.