Zabalik da Bilboko Udalak antolatzen duen VillaSoundBilbao (VSB) lehiaketaren IV. edizioan izena emateko epea. Aipatu lehiaketaren xedea da beren musika ibilbidea hasten ari diren gazteei laguntza eskaintzea. Aurtengo edizioan, gainera, eta berritasun gisa, 35 urte bitarteko gazteek parte-hartu ahal izango dute.
Izena emateko epea otsailaren 22ra arte izango da zabalik lehiaketaren webgune ofizialean. Aurkezten diren talde eta bakarlari guztien artean epaimahaiak VSB Festan aritzeko aukera izango duten 12 banda edo bakarlari hautatuko ditu. Jaialdi hori apirileko lau ostegunetan egingo da Bilborocken, eta sortzen ari diren talentuei erakusleiho bat eskaintzea du helburu. VillaSoundBilbaok, besteak beste, rock, pop, metal, trap, elektronika, folk eta autore generoak barne hartzen dituzten proposamenak onartzen ditu. Epaimahaiak emakumeen presentziari eta euskarazko sorkuntzei ere arreta berezia eskainiko die.
Hiru fase
VSB hiru fasetan banatzen da. Esan bezala, programa aurkezten diren proposamen guztien artean epaimahaiak 12 aukeratuko ditu apirilean zehar beren musika zuzeneko kontzertuetan aurkezteko. Epaimahaiak aukeratzen dituen talde eta bakarlarien izenak martxoaren 21en emango dira ezagutzera. Emanaldi horiek prestatzeko hautatutako musikari gazteek prestakuntza saioak jasoko dituzte hainbat gairi buruz, hala nola, komunikazioa, musika-ekoizpena, jabetza intelektuala, eskubideen kudeaketa, kontzertuak eta sustatzaileekiko harremana.
Bigarren fase batean, VSB Mentoring izenarekin ezagutzen dena, lehen fasean parte hartu duten 12 talde eta bakarlarietatik sei hautatuko dira eta prestakuntza sakonagoa eskainiko zaie.
Azkenik, VSB Tour 2024 izeneko fasea izango da. Bigarren fasean parte hartu duten musikari gazteen artean talde edo bakarlari bat aukeratuko da Estatuko zenbait hiritan eta Son Estrella Galicia kontzertu-zikloaren barruan bira bat egiteko. Aukeraketa honen xehetasunak maiatzaren 4an Bilborocken egingo den doako ekitaldi batean emango dira ezagutzera.
VSB 2023
VillaSoundBilbaoren hirugarren edizioan 78 taldek eta bakarlarik eman zuten izena. Hautatutako 12 taldeetatik 6 Bizkaikoak izan ziren, 4 Gipuzkoakoak, 1 Nafarroakoa eta 1 Arabakoa. Zehazki, Sofia V, NKO, Lova Lois, Hxdesz, Marban eta Calathea (Bizkaia), Lemak, Deñe, Julen eta Ithaka (Gipuzkoa), Ziris (Nafarroa) eta Entropia (Araba).
Talde horiek osatzen dituzten 36 pertsonetatik, 9 emakumezkoak dira (% 25) eta gainerako 27ak (% 75) gizonezkoak. Errepertorioetan erabilitako hizkuntzari dagokionez, gaztelania (% 53,8), euskara (% 38,4) eta ingelesa (% 7,6) zeuden. Bakarlarien eta hautatutako taldeen batez besteko adina 23,6 urtekoa da.
Gipuzkoako Ithaka taldea aukeratu zuten VSB Tour 2023rako, prestakuntza espezializatua jaso ondoren.