
Irakurketa denbora: Minutu 1
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ateneoak antolatuta, Arma Aretoak Nafarroako sei artistaren lanak biltzen dituen ‘Formatutik kanpo’ erakusketa hartuko du maiatzaren 4ra arte. Erakusketak sei proposamen banako aurkezten ditu, bakoitzak bere hizkera eta ikuspegi artistikoa duena. Bertan parte hartzen diren artistak David Anocibar, María Azcona, Andrea Ganuza, Pedro Osákar, Carlos Puig eta Juan Sukilbide dira.
Ekimenak Nafarroako arte plastikoen egungo bizitasunari buruz hausnartzea du helburu, arte garaikidearen sei hurbilketa desberdin aurkeztuz, publikoari hausnartzeko, gozatzeko eta ikuspegi artistiko berriak aurkitzeko gonbita eginez.
Formatutik kanpo
David Anocibarrek elkarrizketaren bidezko komunikazioa aztertzen du tamaina handiko erretratuen bidez, eta María Azconak bere aurreko lanaren berrikuspena aurkezten du, pinturaren elementu formalen gainean zentratuta.
Andrea Ganuzak bere lana ezarritakoaren aurrean askatasunaren aldeko aldarri gisa planteatzen du. Pedro Osákarrek bere ‘Come en casa!’ Kioskoko Proiektua aurkezten du, espazio publikoaren arauak eta kontsumo garaikidea zalantzan jartzen dituena.
Naturak eta tradizioek bat egiten dute Carlos Puigen lanean, haritz eta erretaulak erreferentzia gisa hartuz, eta Juan Sukilbidek espazio hipnotikoak eraikitzen ditu kolore ondo zehaztuen gainjarpenaren bidez.
Erakusketa asteartetik larunbatera bisita daiteke 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta domeka eta jaiegunetan goizeko 11:30etik 13:30era bakarrik.