
Irakurketa denbora: Minutu 1
Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Sailak GreenGlam ekimenaren bigarren edizioa abiaraziko du datorren otsailaren 11n. Konekta Ideiak udal-programaren barruan kokatzen den ekimen honek “moda azkarrak” duen eraginaz kontzientzia hartzea eta ehungintza-sektorean alternatiba jasangarriak sustatzea du helburu.
Programa otsailaren 11n hasiko da, 19:00etan La Perreran, eta 2030 Agendaren 12. Garapen Jasangarrirako Helburuan oinarritzen da: “Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak”. Koordinazioa biodiseinuan eta ekonomia zirkularrean adituak diren Estudio Bokashi-ko Libe Kerroum eta Laura Marchanteren esku egongo da.
Green Glam
Hasierako jardunaldian solasaldi bat egingo da La Perrera eraikineko Konekta Aretoan.. Bertan parte hartuko dute lehenengo edizioan irabazle izan ziren bi ideietako baten sortzaile Arantxa Esparzak, Miriam Ocáriz moda diseinatzaileak eta Proyecto Hemen-eko zuzendarikide Estela de Miguelek.
Otsaila eta martxoa bitartean doako tailerrak eskainiko dira 18-35 urte bitarteko gazteentzat, sektoreko profesionalek emanak, hala nola Miriam Ocáriz, H05 taldea eta Betiana Pavón diseinatzaile eta ikertzaileak.
- Otsailak 20. La Perrerako Coworking gela. ‘Topaketak eta desadostasunak. Bide bat modan’. Miriam Ocáriz.
- Otsailak 25. La Perrerako Konekta gela. ‘Wannabe’. H05 (Estela de Miguel eta Markel González).
- Martxoak 11. La Perrerako Konekta gela. ‘Bio-materiale biziak’. Betiana Pavón
Proiektuak
Aurreko urtean bezala, aurten ere Konekta Ideiak ‘GreenGlam: Moda Jasangarria’ programako proiektuen deialdia egingo da. Proiektuak aurkezteko epea zabalik izango da martxoaren 21era arte. Epaimahaiak moda jasangarriarekin eta ekintzailetzarekin harremana duten bi proiektu aukeratuko ditu. Hautatuak diren bi proiektu horiek sei hilabete izango dituzte egitasmoa garatu ahal izateko eta, horretarako, besteak beste, Bokashi Estudioaren aholkularitza eta 3.000 euroko beka jasoko dute.
Jarduera guztietarako izen-emateak, hasierako solasaldia, tailerrak eta proiektuen deialdia barne, BilbaoGazte webgunearen bidez egin daitezke.