Inspira Gazteak Sariek talentu gaztea sarituko dute berriro

Gipuzkoan eragin positiboko proiektuak garatzen dituzten 20-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute deialdian

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Kutxa Fundazioak Gipuzkoako garapen sozial eta jasangarriarekin konpromezuarekin lanean ari diren gazteen talentua aitortu eta laguntzea helburu duten Inspira Gazteak Sarien bigarren edizioa jarri du martxan. Deialdia, otsailaren 3an zabaldu eta martxoaren 23ra arte izango da zabalik. Bertan,  Gipuzkoan eragin positiboko proiektuak garatzen dituzten 20 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute.

Programak 75.000 euro banatuko ditu bost irabazleen artean, bakoitzak 15.000 euro jasoko dituelarik bere ekimenak bultzatzeko. Sariak konpromisoa duten gazteen profil desberdinei zuzenduta daude, gizarte-desberdintasunak murrizten lan egiten dutenetatik hasi eta ingurumen-jasangarritasuneko proiektuak garatzen dituztenei, ekintzaile sozialak eta kultur sortzaileak barne.

Inspira Gazteak

Kutxa Fundazioak, bereziki, kontzientzia sozialeko gazteen hautagaitzak baloratuko ditu: planetaren ongizatearekin konpromezudunak, artearen bidez pentsamendu kritikoa sustatzen duten sortzaileak, proiektu berritzaileak dituzten ekintzaile sozialak eta Gipuzkoako lurraldeko garapenari laguntzen dioten beste edozein ekimen.



Hautaketa-prozesua bi fasetan garatuko da. Lehenengoan, 15 finalista aukeratuko dira, eta horietatik epaimahai espezializatu batek bost irabazleak zehaztuko ditu. Sarituen izenak ekainaren 26an egingo den ekitaldi publikoan jakinaraziko dira.

Epaimahaia Aizpea Goenagak zuzenduko du, eta Felix Arrieta, Aitziber Sarobe, Blanca Zaragüeta eta Ion Irurtzun izango dira epaimahaikideak.

Parte-hartzeko oinarriak eta informazio osoa Kutxa Fundazioaren webgunean daude eskuragarri.

Advertisements