Atzerrian lan egiten duen euskal talentu gaztearen % 85ek itzuli nahi du

Atzerrira lan egitera joateko arrazoi nagusien artean, lan-aukerarik eza eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak nabarmentzen dira

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 729
  Irakurketa denbora: 4 Minutu

Artizarra Fundazioak eta Deusto Business School-ek aurkeztu berri duten txosten baten arabera, gaur egun, Hego Euskal Herriko 25 eta 40 urte bitarteko 42.000 gazte inguruk atzerrian lan egiten dute. ‘Informe sobre la juventud de Euskadi y Navarra en la diáspora’ izenburuko txostenaren arabera, atzerrian den euskal talentu gazte horren % 85ek baino gehiagok etorkizunean Euskal Herrira itzultzeko aukera darabil gogoan bere garapen profesionala bultzatzeko. Hala ere, gehiengoaren borondate hori oztopo iraunkorrek geldiarazten dute, hala nola lan-aukerarik ezak, proiektu profesional erakargarririk ezak, errekonozimendu profesional eskasak eta, oso modu nabarmenean, etxebizitza lortzeko zailtasunek.



Atzerrian diren euskal gazteen % 85ek adierazitako itzulera-borondatea gauzatuko balitz, Euskadik eta Nafarroak kualifikazio handiko 35.700 lanbide-profil berreskuratu ahal izango lituzkete.

Prestakuntza-maila altuko gazteria

Txostenean jasotako datuen arabera, atzerrian lanean diren euskal gazteek, oro har, prestakuntza-maila altua dute. Gehienek unibertsitate-mailako ikasketa aurreratuak dituzte. Horien artean, gehien errepikatzen diren ikasketak dira:

  • ingeniaritza (% 29,4)
  • enpresen administrazioa eta kudeaketa (% 14,7)
  • STEAM diziplinekin harremana duten horiek (% 7,6)

Diaspora profesionalean diren gazte askok graduondoak eta doktoregoak egin dituzte.

Atzerrian diren euskal gazteen % 85ek adierazitako itzulera-borondatea gauzatuko balitz, Euskadik eta Nafarroak kualifikazio handiko 35.700 lanbide-profil berreskuratu ahal izango lituzkete

Egileek azpimarratu dutenez, atzerrira lan bila joateak ez dio egoeraren araberako erabaki bati erantzunez. Atzerrira joateko arrazoien inguruan galdetuta, honako hauek dira gehien errepikatu direnak:

  • lan-aukera hobeak bilatzea
  • soldata lehiakorragoak nahi izatea
  • proiekzio profesional handiagoa bilatzea

Arrazoi horiek berak errepikatzen dira balizko itzulera bat baloratzerakoan.



Izan ere, une honetan atzerrian lanean ari diren euskal gazteen % 60 inguruk sei urte baino gehiago eman ditu atzerrian. Datu horrek, gazte horiek jada ibilbide profesional sendo bat garatu dutela iradokitzen du eta, ondorioz, askori zaila egiten zaie egonkortasun hori atzean uztea.

Bueltatzeko oztopoak

Atzerrian lanean ari diren euskal gazteen artean Euskal Herrira itzultzeko asmoa nagusi bada ere, gutxi dira urrats hori ematen dutenak. Txostenean jasotako datuen arabera, inkestatutako lau gaztetik hiruk (% 77k) diote atzerrian lan-baldintza hobeak dituztela. Gainera, inkestatuen % 50ek adierazi du atzerrian hobeto baloratuta sentitzen dela. Azkenik, soldatetan diren aldeak dira gazteek beren itzulera birplanteatzeko erabiltzen duten arrazoi nagusietako bat.



Arrazoi profesionalez haratago, bada itzulera oztopatzen duen beste arrazoi garrantzitsu bat: etxebizitza lortzeko zailtasuna. Arrazoi hori, bereziki, Euskadin jatorria duten gazteek aipatzen dute eta, neurri txikiagoa batean, Nafarroan jatorria dutenek. Gazte askorentzat pisu bat alokatzeko edo erosteko zailtasunak oztopo estruktural bat dira.

Atzerrian diren euskal gazteen % 85ek adierazitako itzulera-borondatea gauzatuko balitz, Euskadik eta Nafarroak kualifikazio handiko 35.700 lanbide-profil berreskuratu ahal izango lituzkete.

Etxebizitzaren arazo hori uste baino larriagoa da txostengileen iritziz. Izan ere, etxebizitza lortzeko zailtasunak, itzuli nahi duten horiei eragiteaz gain, Euskadik zein Nafarroak talentua erakartzeko edo mantentzeko duten gaitasunean ere eragiten du. Horrela, gurean etxebizitzarako sarbidean diren arazoek erakargarriago egiten dituzte Europako beste hainbat eskualde euskal gazteen begien aurrean.

Talentua erakartzeko lehia

Nazioarte mailan bizi diren aldaketa geopolitiko eta ekonomiko handiko testuinguru batean, Europako hainbat hiri eta eskualde talentua erakartzeko politika aktiboak garatzen ari dira. Berlin, Amsterdam eta Kopenhage bezalako hirietan eta, bereziki, Eskandinaviako herrialdeetan zerga-pizgarriak, balio erantsi handiko lan-aukerak, egoitza-eskaintza eta errotzeko berariazko programak uztartzen dituzten politikak garatzen ari dira. Lehia biziko testuinguru horretan, Euskal Herriak baliabide, ikusgarritasun eta irismen global handiagoa duten proiektuak kudeatzen dituzten hiri eta eskualdeekin lehiatu behar du.



Txostengileek azaldu dutenez, dinamika horrek bereziki bitarteko eskualdeak kaltetzen ditu profesional kualifikatuak erakartzeko helmuga erakargarri gisa kokatzeko esfortzu gehigarri bat egin behar dutelako.

Txostenean azpimarratzen denez, gainera, testuinguru zail horretan gauzak ez dira beti behar bezala egiten ari. Zehazki, txostenean erakundeek garatzen dituzten ekimenen artean, sarritan, koordinazio nahikorik ez dagoela salatzen da.

Kontuan izan behar da, talentu ihesak eta atzerrian diren gazteen balizko itzulerak egiturazko beste zenbait erronkekin gurutzatzen direla, hala nola, biztanleriaren zahartzea, belaunaldien arteko errelebo falta eta baby boom-aren belaunaldiaren erretiro progresiboa. 

Euskal Herriak dituen abantailak

Horregatik, egoeraren diagnostikoa egiteaz gain, txostengileek zuzen jardutearen beharra azpimarratzen dute. Horretarako, ezinbestekoa da Euskadin zein Nafarroan diren indarguneak lantzea. Horien artean, txostenean, errotzea aipatzen da lehiarako funtsezko abantaila gisa. Errotze horrek, txostenean zehazten denez, hiru ardatz nagusi ditu: enpresa-errotzea, kapital-errotzea eta talentu-errotzea. Atzerrira lan egitera joan diren horiek erakartzea edo, gutxienez, haiekin lotura aktibo bat izatea, inbertsio estrategikoa da lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako. Izan ere, txostenean azpimarratzen denez, talentu gaztea itzultzeko baldintza egokiak sortzea da epe luzerako inbertsiorik errentagarrienetako bat. Lan horretan, erakunde publikoek izan behar dute protagonismo Nagusia, baina enpresa-ehunarekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean arituz. Horrela, proiektu erakargarriak eta ibilbide profesional sendoak eskaintzeko gai den ekosistema bat sortu ahal izango da.