Gastro Gaztea ekimenak gastronomiaren, ekoizpenaren, artisautzaren eta lurraldearen arloko profesional gazteak bildu zituen joan den astelehenean, uztailak 13, Gipuzkoako Pagoetako Parke Naturalean, inguruko baliabideei lotutako gastronomia berdeago eta jasangarriago baterantz nola egin hausnartzeko asmoz. Jardunaldia Mantala Basque Gastronomy proiektuak antolatu zuen, Basque Culinary Centerrek bultzatuta eta BSTK Basotik Fundazioarekin elkarlanean.
Topaketak basoa paisaiatik haratago doan espazio gisa planteatu zuen. Parte-hartzaileek sakon aztertu zuten basoak biodibertsitatearen, lehengaien, ezagutzaren eta kulturaren iturri moduan duen garrantzia, baita lurraldeari lotutako gastronomia baterako eskaintzen dituen aukera berriak ere.
Basoa, gastronomiarako baliabide gisa
Irekiera-ekitaldian BSTK Basotik Fundazioko, Mantala Basque Gastronomyko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren. Saioan, sektoreko belaunaldi berrien arteko topaguneak sortzearen garrantzia azpimarratu zuten, esperientziak elkarbanatzeko eta gastronomiaren erronkei ikuspegi komun batetik heltzeko.
BSTK Basotik Fundazioak Gipuzkoan ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-balioa sortuko duen baso-kudeaketa bultzatzen egindako lana azaldu zuen. Testuinguru horretan, jardunaldiak erakutsi zuen ingurune naturala ikaskuntza- eta berrikuntza-gune ere bihur daitekeela gastronomiaren arloan ari direnentzat.
Topaketak basoa etorkizuneko gastronomiarako ezagutza, biodibertsitate eta aukeren gune gisa planteatu zuen
Amaia Agote ingurumen-hezitzaileak eman zion hasiera programari, basoaren onura ekologiko, sozial eta kulturalei buruzko hitzaldiarekin. Bere aurkezpenak ekosistemen kontserbazioa elikadurarekin eta jasangarritasunarekin lotzeko balio izan zuen.
Lurraldetik sortutako esperientziak
Goizean, bertaratutakoek lan-dinamika batean jardun zuten, ingurunearekin eta elikagaiak ekoizten dituzten pertsonekin lotura estuagoa izango duen gastronomia-eredu baterantz joateko erronkak, proposamenak eta ideiak partekatzeko.
Jardunaldiak, gainera, hainbat profesionalen esperientziak bildu zituen; tartean, Miguel Goya harakina, Diego Sorrarain sukaldaria, Bodegas Artadi upategiko Patricia López de la Calle, Miriam Loidi artisaua, eta Ondu eta Artadia proiektuen sustatzaile den Agurtzane Subijana. Ekarpen horiek guztiek lurraldetik lan egiteko eta paisaiari, produktuari zein lanbideei balioa emateko bide ugari erakutsi zituzten.
Topaketari hasiera emateko, Trike Koffee Roasterseko Ainhoa Oyangurenek prestatutako kafe berezia zerbitzatu zen, Ore Amako Joseba eta Ander Recondoren ogi zein gozoekin batera. Jardunaldiari amaiera emateko, berriz, Ama Jatetxeak basoan inspiratutako mokaduen dastaketa eskaini zuen.

Gastro Gaztea
- Lekua: Pagoetako Parke Naturala (Gipuzkoa).
- Antolatzaileak: Mantala Basque Gastronomy eta BSTK Basotik Fundazioa.
- Helburua: lurraldearekin lotutako gastronomia berdea sustatzea.
- Parte-hartzaileak: gastronomiaren, ekoizpenaren, artisautzaren eta lehen sektorearen arloko gazte profesionalak.
- Jarduerak: hitzaldiak, lan-dinamika eta basoarekin lotutako produktuen dastaketa.







