Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 421
Irakurketa denbora: 2 Minutu
31 urte baino gutxiago badituzu, Nafarroan bizi bazara eta aisialdiko begirale edo zuzendari titulua atera nahi baduzu, hau da behar duzun deialdia. Izan ere, Nafarroako Gazteriaren Institutuak aisialdi esparruko titulazio ofizialak lortzen dituzten gazteei zuzendutako dirulaguntzen deialdia zabaldu berri du. Guztira, 50.000 euro bideratuko dira gazteentzako berariazko formakuntza hori finantzatzera.
Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren (ENAJ/NGJE) bidez kudeatuta, ekimenak helburu garbia du: edozein nafar gazteri, edozein dela bere egoera ekonomikoa, prestakuntza hori jasotzeko aukera ematea. Bigarren urtez jarraian, laguntzak eskatzailearen familia-unitatearen errenta hartuko du kontuan, ikastaro hauetarako izan daitezkeen desparekotasunak ekiditeko.
Ireki berri den deialdia aisialdiko begirale edo zuzendari titulu ofizialak lortzeko ikastaroa egiten ari diren edo egingo duten gazteei zuzentzen zaie. Laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa da egiten den ikastaroa Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ziurtagiria izatea eta NGIk berak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza ikastetxeek antolatuak eta irakatsiak izatea.
Laguntza jaso ahal izango dute, aurreko baldintzak beteta, 2025eko urriaren 1a eta 2026ko irailaren artean ikastaroaren alde teorikoa amaituta duten gazteek. NGIk berak emango ditu titulazioak ikastaro osoa gainditu ostean.
Nork eska dezake laguntza
Laguntza eskatzeko bete behar diren baldintza orokorrak honako hauek dira:
- Nafarroako edozein udalerritan erroldatuta egotea eskaera egiten den egunean.
- 31 urtetik behera izatea.
Gainera, beharrezkoa da aisialdiko begirale edo zuzendari izateko ikastaro bat hasita izatea, arestian aipatutako ezaugarriak betetzen dituena.
Eskaerak aurkeztu ahal izango dira behin izen-ematea eginda eta ikastaroa ordainduta izan ondoren. Laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa da ikastaroa gainditzea eta dagokion titulua lortzea. Hau da, ikastaroa gainditzen ez duten horiek ezin izango dute laguntza hau jaso.
Deialdi hau bukatuko da aurrekontu kreditua bukatzen denean eta, edonola ere, 2026ko urriaren 31n.
Nafarroako gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaletak horrelako ikastaroen balioa azpimarratu du formakuntza beratik haratago. Burgaletaren esanetan, “ikastaro hauekin gazteen parte-hartzea, gazteen ehun-asoziatiboaren jarraipena eta garapena eta gazteen lan merkaturatzea laguntzen da”.
Burgaletak azaldu duenez, xedea da “komunitate-mailan haur eta gazteen dinamizazioa sustatzea herri eta auzoetan, bai gazte-zentroetan, bai aisialdirako espazioetan”. Beste era batera esanda, herri, auzo eta elkarteetan haur eta gazteentzako jarduerak dinamizatuko dituzten pertsonak prestatzea da helburua.
Titulu horiek, gazte elkarteentzako boluntariotzari aterak irekitzeaz gain, kanpalekuetan, ludoteketan, udako eskoletan edo aisialdi hezitzaileko programetan lan egiteko aukera irekitzen dute.
Nola eskatu dirulaguntza
Eskaerak erregistroan aurkeztutako dataren ordena berean esleituko dira. Hortaz, komeni da eskaerak ahalik eta lasterren aurkeztea.
Eskaerak aurkez daitezke Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2025 Legearen 16. Artikuluan ezarritako lekuetan eta telematikoki Nafarroako Gobernuaren zerbitzuaren katalogoaren bidez. Azken modu hori gomendatzen da izapideak nabarmen errazten dituelako.









