Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: Yana Demenko/Shutterstock.com
Hitz kopurua: 780
Irakurketa denbora: 4 Minutu
Azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat hirietan izandako gertaerek segurtasunik eza kokatu dute agenda publikoaren erdigunean. Testuinguru horretan, polemika esanguratsua piztu da EAEn atxilotutako pertsonen jatorria ezagutzera emateko beharraren inguruan. Sektore batzuetatik poliziaren datuetan gardentasun handiagoa eskatzen den bitartean, beste batzuek ohartarazten dute jatorriaren araberako atxiloketa datuak testuinguru egokirik gabe argitaratzeak irakurketa arrazistak elikatu eta zigor-politikak legitimatzen dituela, eta estatistika estigmatizazio bihurtu.
EHUko Psikologia Fakultateko Maitane Arnosok eta Sos Arrazakeriako presidente eta Ikerbasqueko ikertzaile Magdalena Bobowik-ek gai horretan sakondu dute eta horren inguruko txosten bat prestatu dute.
Ondoeza euskal gizartean
Egileek azpimarratzen dutenez, zenbait sektorek adierazten duten ondoeza ezin da alde batera utzi. Ostera, horiek entzun eta zein testuingurutan azalarazten diren bereizi behar da. Izan ere, horiek hiri-eraldaketa bizkorrekin, bizileku-prekaritatearekin, erakundeen erantzun faltarekin eta espazio publikoaren hondatzearekin lotutako benetako emozioak adierazten ditu. Hortaz, funtsezkoa da sentsazio horiek nola interpretatzen diren, norengana zuzentzen diren eta haien izenean zein nolako politikak justifikatzen diren ulertzea.
PUBLIZITATEA
Egileen ustez, interpretazio-prozesu horretan hasten da, hain zuzen ere, egiturazkoa den horretatik seinalatze etnikora mugitzen. Euskal Herriaren kasuan, gizarte-egonezina kalean dagoen gazte magrebtarraren irudian kontzentratzen da. Gazte horiek mehatxu kolektiboaren sinbolo eta kriminalizazio mediatiko, auzotar eta instituzionalaren objektu bilakatu dira.
Atxilotu guztiak ez dira gaizkileak
Hedabide askotan irakur daitezkeen lerroburuetan immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko zuzeneko lotura iradoki ohi da. Baina egileek azpimarratzen dutenez, funtsezkoa da atxiloketak eta delinkuentzia bereiztea. Izan ere, haien esanetan, atxiloketek, kriminalitatea baino, polizia-jarduera neurtzen dute. Hau da, atxiloketek erakusten dute non patruilatzen den, nor identifikatzen den eta prebentiboki nor atxikitzen den.
Ikertzaileek bildutako datuen arabera, gazte magrebtarrak gain-errepresentatuta daude kontrol, atxikitze eta ondoren zigorrik jaso ez duten atxiloketetan. Gazte horien kondena-tasa estatistikek iradokitzen dutena baino baxuagoa dela azpimarratzen dute egileek. Konparatutako azterketek erakusten dute migrazio-aldagaia ez dela agertzen kriminalitatearen iragarle gisa, generoa, adina edo gizarte-bazterkeriaren adierazleak bezalako faktoreak barne hartzen direnean. Eta Euskadiren kasuan, zifra ofizialen arabera, delitu-tasak egonkor mantendu dira edo behera egin dute azken hamarkadetan, nahiz eta biztanleria migratzaileak gora egin duen.
Segurtasunik eza
Datu objektiboak alde batera utzita, begi bistakoa da euskal gizartean beldurra eta segurtasun ezaren sentsazioa nagusitzen ari direla. Pasa den urtearen amaieran EHUk berak egindako inkesta baten arabera, herritarren % 60k baino gehiagok adierazi du oso keztatuta dagoela segurtasun ezarekin. Ezinegon hori, gainera, adin, lurralde eta identifikazio ideologiko guztietan azaltzen da. Datu horien arabera, herritarren erdiak baino gehiagok magrebtar gazteen presentziari egozten dio ezinegon hori.
Horren aurrean, gero eta gehiago dira zigor-konponbideei babesa adierazten dieten ideologia guztietako herritarrak. Ideologia ezkertiarreko herritarren kasuan, gainera, pobreziaren kontrako diskurtsoek indarra galdu dute segurtasun handiagoaren aldeko diskurtsoen mesedetan.
Sare sozialen bozgoragailua
Txostengileen ustez, diskurtso horiek ez dira ezerezetik ateratzen eta ingurune digitalean biderkatzen dira. Ikerketan, adibidez, Irungo ‘Colaboración ciudadana’ eta Donostiako ‘Lo que no te cuentan de Donostia’ ekimenak aipatzen dira.
Auzoak babesteko ekimen gisa aurkezten badira ere, ondoren, amen-omenak zabaltzen dituztela eta bazterkeria eta indarkeriaren aldeko diskurtsoak legitimatzen dituztela salatzen dute egileek. Horrelako guneetan ohikoak omen dira “kaleak garbitu behar dira”, “gogoratu haien aurpegiak” edo “amaiera zoriontsuak maite ditut” bezalako esaldiak.
Txanponaren beste aldea
Segurtasun ezaren inguruko eztabaidetan gutxi jorratzen den gaia da mehatxu bilakatu dituzten horien beldurra. Izan ere, txostenean jasotzen denez, gazte horiek ere beldur dira. Kontuan izan behar da bizitzaren etapa zail batean dauden pertsonak direla; heldutasunera igarotzeko bidea ez da inoiz erraza izaten eta gazte horien kasuan, are gehiago, ziurgabetasuna nagusitzen da.
Egileek horrelako hamabost gazte elkarrizketatu dituzte istorio honen B aldea ezagutzeko. Oro har, badakite gizartearen zati batek susmoz begiratzen diela, iraindu egiten dituztela, estigmatizatu egiten dituztela eta nahitaez egin behar izan ez dituzten delituak leporatzen dizkietela kolektiboki. Estigmatizazio horrek eragina izan ohi du gazte horien osasun mentalean.
Gazte horietako askoren bizitza ez da erraza: kalean lo egin behar izaten dute, ez dute ondo elikatzeko aukerarik, lan-merkatuen ateak ia guztiz itxita dituzte… Eta begiradak. Estigmatizatzen duten herritar askoren begiradak une oro.
Polizia eta herritarrak
Egoera honi irtenbide emateko nahian, egileek polizia-eredua birpentsatzeko beharra azpimarratu dute. Haien ustez, eskubideetan oinarritutako segurtasun bat ezin da kontrol selektiboan edo ageriko pobreziaren jazarpenean soilik ardaztutako polizia batean oinarritu. Hurbileko polizia bat behar da, auzoarekin lan egingo duena, eta ez auzoaren zati baten aurka.
PUBLIZITATEA
Bien bitartean, auzo-sareek, elkarteek eta boluntarioek funtsezko zeregina bete dute erakundeak iristen ez diren lekuetan: jantoki sozialik ez dagoen lekuetan afariak banatzen, aterpea iristen ez denean mantak ematen, izapideetan laguntzen, loturak sortzen eta susmoa baino ez dagoen lekuetan entzuten. Lan horrek eguneroko bizikidetzari eutsi dio, baina botere publikoak ezin ditu ordezkatu eta ez ditu ordezkatu behar.
Segurtasun demokratikoaz ari bagara, erakundeen erantzuna ezin da zigorrera mugatu, eta bere errepertorioa zabaldu behar du bitartekaritzarekin, justizia errestauratiboarekin eta kaltea konpondu eta bizikidetza berreraikitzeko mekanismoekin. Eskubideetan oinarritutako segurtasunak babestu eta prebenitu egiten du, dagoeneko bazterretan bizi direnak kanporatu gabe.








