Immigranteak ez dira arazo bat

Ikuspegik egindako azterlan batek erakusten du euskal herritarrek modu positiboan baloratzen dutela migratzaileek egiten duten ekarpen ekonomikoa eta kulturala, gizarte zerbitzuetarako sarbide berdintasuna defendatzen dutela jatorria edozein dela ere, eta osasuna, hezkuntza edo laguntza juridikoa eskubide unibertsaltzat jotzen dituztela.

 Irakurketa denbora: 5 Minutu

Immigrazioa ez da euskaldunak bereziki kezkatzen dituen zerbait. Arazo ekonomikoek eta etxebizitza arazoek herritar gehienak kezkatzen dituzten bitartean, euskal biztanleriaren % 3,8k bakarrik jotzen du immigrazioa arazo pertsonaltzat. Hala ere, pertzepzioaren eta errealitatearen artean alde nabarmena dago: herritarren ia erdiak (% 48) uste du atzerritar jatorriko pertsona “gehiegi” daudela, eta erroldan dauden etorkin kopuru erreala bikoiztera iristen dira euren estimazioetan.

Atzerritar jatorriko biztanleen kopuruaren jatorria

Hauek dira, hain zuzen ere, “Jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzioak eta jarrerak” barometroaren ondorio nagusietako batzuk. Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako urteko barometro honek 2007tik euskal gizarteak immigrazioarekiko dituen jarreren bilakaera aztertzen du.

Euskal gizarteak immigrazioarekiko dituen jarrerak eta posizioak neurtzen dituen tolerantzia-indizea 100 puntuko eskala batean 63,54 puntukoa da. Aipatu indizea COVID-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren hasieraren ondoren igo zen, baina 2024an arinki jaitsi da, 2019ko baliora itzuliz.

UPV/EHUko Soziologiako irakasle eta Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak azaltzen duenez, gertaera horien inpaktuak “ezohiko elkartasun olatua” sortu zuen, baina orain “jarrerak aurreko mailetara itzuli dira, nahiz eta serie historikoari dagokionez hobekuntza bat egon”. Izan ere, 2024ko indizeak pandemiaren aurreko barometroaren edizio guztietan (2007-2020) erregistratutako altuena izaten jarraitzen du.



Aipagarria da gizarte polarizazioaren hazkundea. “Immigrazioarekiko jarrera inklusiboenak dituen biztanleria taldea indartu egin da”, adierazi du Shershnevak. Bere esanetan, sektore horrek “75,79 puntuko batezbestekoa lortu du indizean eta, dagoeneko, euskal biztanleriaren ia erdia ordezkatzen du”.

Indizea arinki jaitsi den arren, euskal gizartearen gehiengoak atzerriko pertsonen etorreraren aldeko jarrera mantentzen du. Horrela, % 94,6k pertsona hauen etorrera babesten du, nahiz eta % 52,8k babes hori lan-kontratuak egoteari lotzen dion. % 1,4 eskas batek debekatuko luke etorkinen sarrera.

Aldeko jarrera

Euskaldunok lanpostua galtzeagatik herrialdetik kanporatzearen ideia baztertzen dugu (% 79,8). Ez da berdin gertatzen, ordea, delinkuentziarekin; kasu horretan, kontrako eta aldeko jarrerak orekatuagoak daude: % 42,5ek uste du kanporatzeko arrazoia dela eta % 42,4 aurka agertzen da.

Egoera administratibo irregularrean dauden pertsonei dagokienez, % 82,2 haien erregularizazioaren alde dago, baldintza batzuen pean (% 50,8) edo haien egoera edozein dela ere (% 31,4).

Eta asilo eskatzaileen harrerak babes zabala izaten jarraitzen duen arren, jaitsi egin da Ukrainako gerratik eratorritako gizarte larrialdiak behera egin ahala. Biztanleriaren heren bat mugarik gabeko harreraren alde dago, eta beste % 48,3k harrera onartzen du, beti ere pertsona horiek jazarriak izaten ari direla egiaztatzen bada.

Euskal gizartean dituen ondorioak

Euskaldunen bi herenek (% 66,2) onartzen dute immigrazioak “garapen ekonomikoari laguntzen diola” eta lautik hiruk (% 74,9) baloratzen dute atzerritar jatorriko pertsonen presentziaren garrantzia lan arlo jakin batzuetan. Gainera, gehiengoak ez ditu etorkinak langabezia (% 68,2) edo soldaten murrizketa (% 69,6) bezalako arazoen erantzule gisa jotzen.



Azterketak erakusten du euskal gizarteak immigrazioa fenomeno estrukturaltzat hartzen duela. “Biztanleriaren % 82,8k uste du immigrazioak gora egiten jarraituko duela datozen urteetan”, baieztatzen du Shershnevak. Era berean, % 70ak uste du atzerriko pertsonen etorrera “funtsezkoa dela zahartze demografikoari aurre egiteko”.

Gizarte anitza

Euskal gizartea ohitura eta praktika berrietara irekita dagoela jasotzen du txostenak, baina “integrazioa ahalegin bateratua izango denaren itxaropenarekin eta, nagusiki, etorkinek bere gain hartu beharko duten ahalegina dela“ azpimarratuz. Esanguratsua da, barometroaren serie historikoan lehen aldiz, biztanleriaren gehiengo batek (% 44,1) kulturalki gizarte homogeneo baten ideia baztertzen duela.

Arlo kulturalean eta identitarioan, % 74,7k positiboki baloratzen du immigrazioak dakarren aberastea. Ildo berean, euskal gizarteak ez du mehatxurik hautematen bere kultura-nortasunean: % 73k ez du uste atzerritarren etorrerak euskal nortasunaren galerari laguntzen dionik, eta % 64,7k ez du uste euskararen garapena oztopatzen duenik. Irekitasun hau bereziki adierazten da beste kulturen jatetxeak onartzearekin (% 80,3), nahiz eta behera egiten duen erlijio-tenpluak eraikitzeaz hitz egiten denean (% 47,4).

Eskubideak eta zerbitzu publikoak

Euskal gizarteak, gehienbat, gizarte zerbitzuetarako sarbide-berdintasuna defendatzen du, jatorria edozein dela ere, eta eskubide gisa hartzen ditu osasuna, hezkuntza edo laguntza juridikoa. Herritarren % 75ek uste du osasunak unibertsala izan behar duela, % 72,7k gauza bera pentsatzen du hezkuntzari buruz eta % 56,6k laguntza juridikoari buruz. Hala ere, boto-eskubideaz, familia berrelkartzeaz edo babes ofizialeko etxebizitzetarako sarbideaz hitz egiten denean, euskal herritarrek egoera administratibo erregularrean dauden pertsonentzat mugatzeko joera azaltzen du.

Eskubideak eskuratzea eta egoera administratiboa

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), euskal gizarte-babes sistemako oinarrietako bat, herritarren babes zabala du. % 67,1ek uste du oinarrizko eskubidea dela, eta ez dela bertako biztanleriarentzat bakarrik izan behar, pobrezia eta ahultasun egoerak saihesteko duen garrantzia aitortuz. Pertzepzio horrek 9,6 puntuko igoera izan du 2018. urteaz geroztik.

Gizarte harremanak eta bizikidetza

Migratzaileekiko gizarte-harremanek onarpen-maila desberdinak dituzte eremuaren arabera. Herritar gehienak prest daude atzerritar jatorriko pertsonen bizikide izateko, batez ere lan-ingurunean (% 89,8) eta eremu pertsonalean, non % 82,1ek begi onez ikusiko lukeen beren seme-alabek lagun etorkinak etxera eramatea, edo atzerritar jatorriko bikotea izatea (% 79,7). Hala ere, jarrera horiek mesfidatiagoak dira bizitegi-espazioari dagokionean, % 60,8ko onarpenarekin.

Azterlanak, halaber, jatorri desberdinekiko sinpatia-mailan desberdintasunak daudela erakusten du. Euskal gizartea hurbilago dago Mendebaldeko Europar Batasunetik (10etik 6,7 puntu) eta Latinoamerikatik datozen pertsonekiko; aldiz, jatorri magrebtarreko pertsonekiko sinpatia-maila txikiagoa da (4,9 puntu).

Estereotipoak

Txostenak immigrazio fenomenoaren inguruko pertzepzioaren eta errealitatearen arteko aldea egiaztatzen du. Biztanleriaren gehiengoak oker uste du Euskadiko immigrazioa batez ere Magrebetik edo Saharaz hegoaldeko Afrikatik datorrela. Hala ere, zifrek adierazten dute “etorkin biztanleriaren % 73 inguru jatorriz latinoamerikarra dela”.



Eta biztanleriaren gehiengoak etorkinen inguruko estereotipo negatiboak baztertzen dituen arren, badiraute gizatalde hori gizarte-babes sistemaren gehiegizko erabilerarekin, delinkuentziarekin edo matxismoarekin lotzen duten aurreiritzi batzuk. Hala ere, estereotipo horiek baztertzen dituzten pertsonen ehunekoa igo egin da 2023tik.

Bigarren belaunaldiei dagokienez, euskaldunen % 87,7k atzerritar jatorriko pertsonak berdintzat ikusten dituzte, bereziki baloratuz Euskadin jaio izana. Gizartea baikor ageri da epe luzera haien integrazioari buruz, nahiz eta integrazio erraztasun handiagoa hautematen den mendebaldeko jatorri europarra dutenentzat (% 62,1).