Irakurketa denbora: Minutu 1
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ‘Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua’ aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Institutu berriaren xedea da hezkuntza-sistema inklusibo eta ekitatiboa eratzen laguntzea. Josune Zabalak zuzenduko duen institutu berriak, besteak beste, ikasgeletan praktika pedagogiko eraginkorrak ezartzeaz, euskararen erabilera aktiboa sustatzeaz eta irakasleak prestatzeaz arduratuko da. Euskara ardatz duela, eredu eleanitza bermatu nahi du erakunde berriak, betiere gaztelaniarekin batera eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batekin elkarbizitza eta lankidetza bermatuz.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, Institutuak hezkuntza-esparru bat eraikitzen lagunduko du, non eleaniztasuna eta kulturartekotasuna uztartuko diren, euskal kultura une oro kontuan hartuz. Era berean, jardunbide pedagogiko eraginkorrak proposatzea eta euskararen erabilera aktiboa sustatzea izango ditu helburu, baita irakasleen etengabeko prestakuntza ere.
Institutuak zeharka jardungo du, Hezkuntza Saileko sailburuordetza eta zuzendaritza guztiekin lankidetzan. Bere jarduna lau ardatz nagusitan oinarrituko da:
- prestakuntza eta aholkularitza
- hizkuntza-gaitasuna eta jarrera-garapena
- euskararen normalizazioa eta didaktika
- ikerketa, dokumentazioa eta dibulgazioa
Aurten bertan, ikastetxeen hizkuntza-proiektuak zehaztuko dituen dekretu bat proposatzea aurreikusten da. Horrez gain, eraldaketa pedagogiko eta antolamenduzko prozesu bat ere bultzatuko da, talde espezializatuen partaidetzarekin.
Pedrosa sailburuak azpimarratu du euskarak hezkuntzan duen eginkizunak zuzeneko lotura duela elkarbizitzarekin eta aniztasunarekin. Azken hamarkadetan, euskal hezkuntza-sistemak eragin eraldatzailea izan du euskalduntze-prozesuan eta inklusio-politiketan. Prozesu hori bereziki nabarmena izan da gazteen artean. Izan ere, gaur egun, euskaldun gehien dituzten adin-taldeak haur, nerabe eta gazteenak dira. Horrela, 30 urtetik beherako sei pertsonatik lauk etxeaz kanpo ikasi dute euskara, hezkuntza-sistemari esker, nagusiki.
Horrez gain, Pedrosak adierazi du aurrerapen handiena gaztelaniazko eremuetan eman dela, non euskara bigarren hizkuntza bihurtu den gazte askorentzat.








