Julia Shershneva: “Orain immigrazioa normaltasunez ikusten da”

UPV/EHUko irakaslea eta Ikuspegiko zuzendaria

Euskadin, atzerritar jatorriko biztanleak % 12,4 dira. Hala ere, haien kopurua benetan direna baino handiagoa delako pertzepzioak jarraitzen du, % 21,4koa, hain zuzen ere. Zergatik ematen da pertzepzioaren eta errealitatearen arteko eten hori?

Bilakaerari erreparatzen badiogu, pertzepzio mota hori beti egon dela ikus daiteke. Berdin dio hemen % 5 edo % 12 egotea. Migrazioa beti dena baino gehiago dela uste izan da. Hori zerbait estrukturala da eta horrela izan da beti. Azkenean, nahiko zaila da migratzaileen kopurua zenbatestea. Batez bestekoa egiten denez, ehuneko horren atzean oso datu desberdinak daude.

Aipatzen duzun eten hori normaltzat har daiteke, normalean, ez dugulako errealitatea behar bezala ezagutzen. Adibidez, kaletik goaz eta atzerritar jatorriko hiru pertsona ikusten ditugu. Berehala pentsatuko dugu gure artean gero eta etorkin gehiago daudela. Kontua da benetan den kopurua handiagoa dela pentsatzeko joera dagoela; une zehatz batean dugun pertzepzioaren baitan estrapolazioa egin ohi dugu.

Argitaratu berri duzuen barometroaren arabera, euskal gizartean immigrazioaren ikuspegi funtzional eta utilitarista bat dago. Hau da, bertako biztanleek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituzten neurrian onartzen dira etorkinak. Ez al dago beste krisiren bat izanez gero etorkinenganako gaitzespena sortzeko arriskurik?

Arriskua hor dago eta, gainera, krisi ekonomikoarekin frogatu zen. Ikuspegi funtzional hori hasieran nahiko handia zen, eta gero, krisi ekonomikoarekin, euskal gizarteak bere pertzepzioak zorroztu zituen. Izan ere, migratzaileak mehatxu gisa ikusten dituzte krisiaren eraginagatik. Baliabideak mugatuak badira, lehia sortzen da. Horregatik ikusten dute une horretan ez direla hain funtzionalak.

Orain, adibidez, euskal gizarteak ez du arazo ekonomikorik ikusten, ezta migratzaileekiko lehia hori ere. Baina horrek arriskuak ditu. Ikusten badu gizartean ez duela ekarpenik egiten, edo jada migratzaileak ez direla beharrezkoak ekonomian, azkenean sobera daudela pentsatuko du. Immigrazioa ekonomiarekin soilik lotzen badugu, horrelako diskurtsoak sortzeko arriskua dago, eta migratzaileek langabezia sortzen dutela eta ekonomikoki ez dutela balio pentsatzeko arriskua dago.

Askotan, nitxo batzuetan ikusten dugu bere ekarpena: baliagarriak direla guk nahi ez ditugun lanpostuetan. Bertakoek ez dituzte lanpostu horiek nahi, oso sektore ezegonkorrak direlako. Sektore horietan lan egiten duten bitartean funtzionalak dira eta ongi etorriak dira, baina pobrezia horretatik ateratzen badira eta enplegu hobeak lortzen badituzte, beste agertoki batean aurkitzen gara. Bertan, arriskuak ez dira guztiz negatiboak eta onarpena gero eta handiagoa dela ikus daiteke.

Azken finean, immigrazioaren inguruan hitz egiten dugunean klasismo kutsu bat ere badago. Etorkinen inguruan hitz egiten denean, normalean, Latinoamerikatik edo Afrikatik etorritako pertsonak etortzen zaizkigu burura. Gainera, pertsona horiek lan kualifikatuak egiteko gai ez direnaren uste faltsua ere nagusi da.

Immigranteek guk nahi ez ditugun lanak betetzen dituztela onartzeak nolabaiteko arrazakeria ezkutatzen al du? 

Hainbat arrazoirengatik onartzen dituzte lanpostu horiek. Diskriminazio-arazoa izan daiteke, baina beste arazo batzuk ere badaude. Alde batetik, administrazioaren presioa dago. Hemen bizi ahal izateko baimena beti dago lan-kontratu bati lotuta. Lan egin dutela frogatu behar dute, bestela baimena galtzen dute. Presio horren ondorioz, erraz onartzen dituzte horrelako postuak. 

Beste presio bat da jatorrizko herrialdera dirua bidali behar izatea, dela familiei dirua bidaltzeagatik, dela zor bat ordaindu behar izateagatik.

Paperik gabeko pertsonen kasuan, aukerak oso mugatuak dira. Diskriminaziorik egon ez arren, oso zaila da haientzat lanpostu on bat aurkitzea. Baina diskriminazioa ere gertatzen da. Zainketa-zerbitzuetan ikus daiteke. Latinoamerikako emakumeak aukeratzen dira, baina ez magrebtarrak edo afrikarrak. Haiek ere prest daude sektore horretan lan egiteko, baina gizarteak ez ditu aukeratzen hurbiltasun kultural txikiagatik eta mesfidantzagatik

Euskadin, herritar gehienok uste dugu zerbitzu unibertsal batzuk daudela eta etorkinek ere horretarako eskubidea izan beharko luketela. Aldiz, EAEko biztanleen erdiek baino gehiagok uste dute gizarte-laguntzak, Babes Ofizialeko Etxebizitza edo familiaren berrelkartzea erregularizatutako biztanleriarentzat soilik izan beharko liratekeela. Zergatik?

Osasuna, hezkuntza eta laguntza juridikoa oinarrizko zerbitzutzat hartzen dira. Beste batzuk, hala nola familiaren berrelkartzea, Babes Ofizialeko Etxebizitzak edo botoa ematea bezalako eskubideak, ez dira hain oinarrizkoak. Osasun-laguntzarik gabe, egoera askoz larriagoa litzateke. Gizarteak ez du esaten ez dela sarbiderik egon behar, mugatu egin behar dela baizik. Paperekin bakarrik eskuratu ahal izatea, adibidez etxebizitza bat lortzeko edo familia ekartzeko. Paperik gabeko pertsona batek ezingo luke. Zerbitzu horiek mugatu egiten dituzte, oinarrizkoak ez direla ikusten dutelako. Hezkuntza eta osasuna ez dituzte gastu gisa ikusten, inbertsio gisa baizik. Izan ere, horiek gabe gizarte osoa egoera larrian jartzen dugu, ez bakarrik etorkinak.

Barometroak ere erakusten du bizikidetzaren pertzepzioak hobera egin duela. Pertzepzio hori egoera ekonomikoaren arabera aldatzen dela uste al duzu?

Duela gutxira arte migrazioa oso fenomeno berria zen. 20 urte inguru ditu bakarrik. Hortaz, pertzepzioa hobetu egin da migratzaileak gehiago ezagutzen ditugulako, pertsonen arteko interakzioa gero eta handiagoa delako. Immigrazioa gehiago ikusten da eta gehiago ezagutzen da. Hasieran, jendeak mehatxu posible gisa ikusten zuen. Orain normaltasunez ikusten da. Elkarbizitzan ezer gertatzen ez bada, jendea lasaitu egiten da, eta gaia hobeto ikusten du. 

“Pertzepzioa hobetu egin da migratzaileak gehiago ezagutzen ditugulako, pertsonen arteko interakzioa gero eta handiagoa delako. Immigrazioa gehiago ikusten da eta gehiago ezagutzen da”

Halaber, zurrumurruen aurkako lan eraginkorra egiten da, gizartearen pertzepzio orokorrean eragina izaten duena. 

Bizikidetzaren inguruan badaude jatorri batzuk okerrago ikusiak daudenak edo zailtasun gehiago dituztenak. Kasu honetan, islamarekin zer nolako konfidantza maila dagoen galdetzen dugu, eta batez bestekoa oso baxua izaten da. Ez da gaitzespena, mesfidantza baizik. Kulturalki oso hurbil ez daudenak, ohitura desberdinak dituztenak edo hizkuntza desberdinak hitz egiten dituztenak adibidez, urrunago ikusi ohi ditugu. 

Bigarren belaunaldiko pertsonekin etorkizunean arazoak sor daitezkeela uste dutenen ehunekoak gora egin du azken urteotan. Zergatik?

‘Bigarren belaunaldiko pertsonen’ kontzeptua eztabaidagarria da. Lehenengo belaunaldiko pertsonak etorkinak dira, migrazio-mugimendua egin zutelako. Haien seme-alabak, askotan, hemen jaiotakoak dira, eta euren sozializazioa eta identitatea hemen garatu dute. Normalean ez dute inolako migrazio-mugimendurrik egin, ez dituzte gurasoen ohiturak ezagutzen, hizkuntza edo jatorrizko herrialdea… baina migratzaile etiketa izaten jarraitzen dute. Kontua da, noiz uzten dio pertsona batek immigrante izateari? Zenbat belaunaldi pasatu behar dira? Lehenengo belaunaldiko pertsonek muga eta bizipen batzuk izan dituzte, baina seme-alabek ez dute zertan gurasoen ibilbidea jarraitu. Etiketa horrek, azkenean, estigmatizatu egiten du.

Barometroak ere erakusten du, iazko datuekin alderatuta, inoren kargura ez dauden adingabeei buruzko pertzepzioak okerrera egin duela; izan ere, ia % 60k uste du herritarren segurtasunari eragiten diotela. Zergatik aldatu da urte bakar batean talde horri buruzko pertzepzioa?

Oro har, ezin dugu aurreko urteko datuekin alderatu. 2022. urteko datuek, azken datuek, ez dute balio. Hasiera batean, ez da arazo handirik sortu talde horrekin. Eragina agenda mediatikoan gertatzen dena izan daiteke. Batzuetan ez da esaten bidaiderik gabeko adingabeak errudunak izan direnik, baina amen-omenen bidez horrelako albisteak zabaltzen dira eta talde horretako jendea erruduntzat jotzen da.

Dena den, kasu hauekin erantzun gutxi ditugu. Neurketa gutxi ditugu tendentzia orokorra jakiteko.

Barometroan, Ikuspegik sexuaren arabera bereizi ditu analisiak, baina ez adin-taldearen arabera. Ba al dago gazteek etorkinei buruz duten pertzepzioa adierazten duen ikerketarik?

Ezin ditugu adin-taldeak galdera guztiekin gurutzatu. Horren ordez, profil desberdinen araberako analisiak egiten ditugu. Azkenean, aldeak ikusten ditugu analisi osoan. Erantzun guztiekin tolerantzia-indize bat egiten dugu, eta horrek esaten digu nola aldatzen diren oro har jokoan kategoria soziodemografikoak sartzen baditugu.

Galdera bakoitzean dena gurutzatzeak eta desberdintasunak ikusteak ez du balio. Sexuaren araberako analisiak bakarrik bereizten ditugu genero-ikuspegiak ikusteko, baina gainerako guztiak osotasunean neurtzen ditugu. Hala ere, tolerantzia-indizearen arabera, gazteek erantzun toleranteagoak emateko aukera handiagoa dutela esan dezakegu.