15 eta 29 urte bitarteko emakume gazteen erdiak uste du sexu-indarkeria jasan dezakeela. Neskek ere mutilek baino kezka eta zalantza gehiago azaltzen dituzte nahi gabeko haurdunaldi baten edo sexu-transmisiozko gaixotasun batekin kutsatzeko arriskuaren aurrean.
Horiek dira, hain zuzen ere, FAD Juventud-ek, 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako inkestetan oinarrituta, argitaratu berri duen “2023ko Gazteen IV. Barometroa. Osasuna eta Ongizatea” txostenaren ondorio nagusiak. Txostenak gazteen arrisku-portaerak aztertu ditu, baita segurtasun-gabeziaren pertzepzioa ere. Egileek ondorioztatu dutenez pandemian izandako murrizketek areagotu egin zituzten osasunarentzat eta gizartearentzat kaltegarriak diren praktiken joera horiek.
Generoa eta adina
Barometroaren arabera, generoa eta adina ezinbesteko aldagaiak dira sexu-harremanekin zuzeneko lotura duten arriskuen pertzepzioa ulertzeko. Izan ere, oro har, emakume gazteek gizon gazteek baino kezka gehiago azaltzen dituzte sexu-harremanek izan ditzaketen ondorioen inguruan. Adibidez, nahi gabeko haurdunaldien kasuan, emakumeen % 47,2 dudatsu azaltzen da; gizonen kasuan, berriz, kopuru hori % 33,6ra jaisten da. Kasu horretan ez da alde esanguratsurik ikusi adin-talde ezberdinen artean.
Sexu-transmisiozko gaixotasun batekin kutsatzeko arriskuaren aurrean ere gehiago dira dudatsu azaltzen diren emakumeak gizonak baino: % 49,2 eta % 32,9, hurrenez hurren. Kasu horretan, txostenak jasotzen duenez, horrelako kutsatze baten inguruko kezka hamar puntu handiagoa da 25-29 urte bitarteko gazteen artean (% 45,1) 15-19 urte bitartekoen artekoarekin alderatuta.
Sexu-indarkeria
Sexu-indarkeria jasateko arriskuaren inguruko pertzepzioan emakume gazteen eta gizon gazteen arteko aldeak nabarmenagoak dira. Izan ere, emakume gazteen erdiak baino gehiagok (% 51,5) segurtasun-gabezia azaltzen dute gai horren inguruan, gizon gazteek baino 28 puntu gehiago (% 23,7). Adinari dagokionez, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira sexu-indarkeriaren aurrean segurtasun falta gutxien antzematen dutenak (% 30,7). Beste adin-taldeen kasuan ehuneko hori hamar puntu altuagoa da.
Azterlanak kezka azaltzen du sexu-harreman arriskutsuen praktika nahiko normalizatuta dagoelako; izan ere, gazteen erdiak baino gutxiagok adierazi du ez duela inoiz arrisku-baldintzetan sexu-harremanik izaten (% 42,9). Hiru gaztetik batek (% 32,1) dio sexu-harreman arriskutsuak dituela noizbehinka (gutxitan edo noizean behin). Baina hamar gaztetik bik (% 19) diote sarritan izaten dituztela horrelako harremanak (sarritan edo maiztasun handiarekin). Gainera, gazteen % 12,4k dio horrelako harremanak izatea merezi duela.
Txostenak agerian utzi duenez, sexu-harreman arriskutsuek eta horietan eman ohi den indarkeriak ez dute behera egin. Arriskuaren pertzepzio horretan dagoen aldea ia bikoitza da emakumeen eta gizonen artean; nolabait, emakumeak baitira jokabide horien ondorioak jasan behar izaten dituztenak. Emakumeak dira, nagusiki, sexu-indarkeria jasaten dutenak eta horretaz kontzientziatuta daude. Gauza bera gertatzen da sexu-transmisiozko gaixotasun batekin kutsatzeko arriskuaren edo nahi gabeko haurdunaldi baten arriskuaren kasuetan.
Osasuna eta bizi estiloa
Gazteen erdiak baino gehiagok (% 53,6) osasun-maila optimoa duela dio (ona edo oso ona). Gazte gehienen ustez azken hamabi hilabeteetan beren osasuna ona izan da (% 39,4) eta % 14,2rentzat, oso ona. Hala ere, txostenak agerian utzi duenez, hiru gaztetik batek (% 31,1) adierazi du bere osasuna erdipurdikoa izan dela eta % 12,7rentzat, txarra edo oso txarra.
Kasu honetan ere, osasunaren inguruko pertzepzio negatiboa ohikoagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino, bereziki, bere burua klase baxu edo ertain-baxuan kokatzen duten horien eta gabezia material larriak dituztela dioten horien artean.Izan ere, emakumeek bere burua modu negatiboagoan hautemateko joera azaltzen dute, bizi estilo sedentarioagoa jarraitzen dute eta dieta jarraitzeko joera handiagoa dute. Emakume gazteen % 17,4k ez du jarduera fisikorik egiten; % 9,7 gizon gazteen kasuan. Dieten kasuan datuak orekatuago daude: emakume eta gizon gazteen % 37k ez du inoiz inolako dietarik jarraitu. Emakume gazteen % 11,3rentzat, berriz, oso ohikoa da dietaren bat jarraitzea. Kopuru hori erdiraino jaisten da gizon gazteen kasuan (% 6,2).
Osasun mentala
Azken bi urteetan osasun mentaleko arazoak izan dituztela dioten gazteen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Gazteen % 36,6k soilik esan du ez duela osasun mentaleko arazorik izan azken urtean, eta gazteen % 59,3k aitortu du osasun mentaleko arazoren bat izan duela aldi horretan.
Bost gaztetik ia batek bizi izan ditu noiz edo noiz horrelako arazoak (noizean behin, % 24,4k), eta % 14,6k adierazi du behin bakarrik izan dituela, eta % 39k noizbehinka izan ditu sintoma horiek. Horrelako arazoak modu jarraian pairatzen dituztela onartzen duten gazteen proportzioa % 7,2koa da. Arazo horiek sarritan dituztenean, berriz, % 10,2raino hazten da. Hortaz, Estatuko gazteen % 17,4k osasun mentaleko arazoak ditu maiztasun esanguratsu batekin.
Osasun mentalarekin erlazionatzen diren sintomarik ohikoenak honako hauek dira: nekea edo energia falta (% 46,2); triste edo behea jota egotearen sentsazioa (% 44,2); kontzentratzeko arazoak (% 44,9); etorkizunaren aurreko beldurra (% 42,7); gauzak egiteko interes txikia (% 40,7); lo egiteko arazoak (% 39,2) edo antsietate-krisiak (% 37,8).
Osasun mentalaren kasuan ere genero-arrakala agerikoa da. Kasu honetan, inoiz nahasmendurik izan ez duten gizonak gehiago dira emakumeak baino (% 42,4 eta % 30,9, hurrenez hurren).
Emakume gazteen kasuan, “arazo psikologiko, psikiatriko edo osasun mentaleko arazo gehiago dituzte, baita diagnostikatutako nahasmenduak ere, hala nola depresioa edo antsietatea, eta oztopo gehiago aurkitzen dituzte laguntza profesionala eskuratzeko orduan”, zehazten du txostenak. Bost emakumetik batek (% 20,7k) adierazten du osasun mentaleko arazoak dituela maiz; gizon gazteen kasuan, hamarretik batek baino gehixeagok baino ez. Emakumeen depresio-diagnostikoaren (% 21,8, eta gizonen % 13,1) eta antsietatearen (% 22,6 eta % 9,6, hurrenez hurren) ehunekoak ere handiagoak dira. Gizon gazteekin alderatuta, emakume gazteek estres-maila handiagoa azaltzen dute ikasketak edo lana bezalako gaien eta egoera ekonomikoaren inguruan.
Datuok are okerragoak dira aldagai sozioekonomikoak gurutzatzen badira. Horrela, txostenak berretsi duenez, gaixotasun eta nahasmendu mentalen aurreko zaurgarritasunak zuzeneko harremana du gabezia materialekin, bai eta zaurgarritasun hori murrizteko aukerekin ere. Gabezia material larria zutela adierazi zutenen artean, % 27,1ek adierazi zuen nahasmenduak maiz edo etengabe zituela, eta gabezia materialik ez zutenen artean, berriz, kopuru hori % 13,1era jaitsi zen.
Arriskuagatiko plazera
Pandemiak mugarri bat ezarri du gazteek droga kontsumoa, aursarkeriazko gidatzea, jazarpena, indarkeria fisikoa edo sexu-harremanak bezalako jokabide arriskutsuei aurre egiteko duten moduan. Txostenak azaltzen duenez, pandemia ostean, gazteek gutxiago arriskatzen dute, baina zenbait jokabidetan plazer handiagoa hautematen dute nahiz eta horiek arriskutsutzat jo.
Barometroak bildu dituen datuen arabera, 2017an arrisku-jokabideen goranzko joera hasi zen, eta 2021ean iritsi zen maximora. 2023an, berriz, berriro jaitsi dira. Adibidez, 2017an gazteen % 14,6k aitortu zuen “mozkortu egin zela konortea galdu gabe”. Ehuneko hori % 26,3raino igo zen 2021an, baina azken datua % 17,6koa da. Garbi dago ez dela duela sei urteko mailetara itzuli, baina nolabaiteko jaitsiera nabari da.
Barometroak agerian utzi duenez, arrisku gehien dituzten jokabideak dira, hain zuzen ere, gehien hazi direnak. Adibidez, 2019arekin alderatuta, kokainaren edo pilulen kontsumoa hazi da: duela lau urte 15-29 urte bitarteko gazteen % 6,6k kontsumitzen zuen eta orain % 7,9k. Alkohola edo drogak kontsumitu ostean gidatzen duten gazteen kopuruak ere gora egin du: % 5,6 2017an; % 7,7 2021ean; eta, % 8 aurten. Eta joera bera ikus daiteke gazteen arteko borroketan: 2017ko % 6,9tik aurtengo % 9,3ra igo da.
Plazera arriskuaren aurretik
Txostenak azpimarratzen duenez, bada ‘plazera arriskuen aurretik’ jartzeko joera bat. Egileen ustez joera hori pandemian ezarritako murrizketen ondorioa izan liteke. Garai horretan bizitakoaren ondorioz, hainbat gazteren artean bizitza ahalik eta gehien gozatzeko joera nagusitzen ari da. Salbuespen bakarra sare sozialetan argazki intimoak argitaratzearena litzateke. Gazteen % 7,8k bakarrik hartzen du arrisku hori, baina % 76,6k dio ez dagoela horretarako prest. Hori litzateke gazteek hartzea gutxien merezi duela uste duten arriskua eta, gainera, joera beheranzkoa da.
Barometroaren arabera, gizon gazteek emakume gazteek baino arrisku gehiago hartzeko joera dute aztertu diren jokabide arriskutsu guztietan. Zenbait kasutan, ehunekoak bikoiztera iristen dira. Horrez gain, gazteenak, hots, 15-19 urte bitarteko gazteak dira arrisku gehiago hartzeko prestutasun handiagoa azaltzen dutenak.