Egilea: Jose Poza
Argazkia: Miljan Zivkovic/Shutterstock.com
Hitz kopurua: 1519
Irakurketa denbora: 8 Minutu
EAEko hiru gaztetik batek hilero irabazten duenaren erdia baino gehiago aurrezten du. Gazte gehienek banku-kontua eta txartelak dituzte, eta naturaltasunez egiten dituzte finantza-eragiketak. Gainera, Euskal gazteen % 88,9k bere dirua ondo kudeatzeko gai dela adierazten du, nahiz eta, gehienek onartzen duten moduan, horretarako berariazko formakuntzarik jaso ez duten.
Izan ere, gazteen % 27k jorratu izan ditu inoiz finantza-kudeaketarako gaiak ikastetxean edo institutuan. Gainontzekoek praktikarekin edo gurasoen aholkuen bidez ikasi dute. Hortaz, gai sakonagoetan sartuz gero, formakuntza falta agerian geratzen da. Adibidez, erabaki informatuak hartzeko menperatu beharko lituzketen zenbait kontzeptuen inguruan galdetuta, hala nola zer den UTB, nola funtzionatzen duen interes konposatuak edo zer den Euriborra, hamarretik batek bakarrik erantzuten du zuzen.
Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 34 urte bitarteko 2.741 gazteri egindako inkestetan oinarritzen den ikerketa batek utzitako ondorioetako batzuk dira. Iazko urrian bildutako datuek erakusten dutenez, gazteek finantza-trebetasun praktikoak garatu dituzte, baina inolako formakuntza formalik gabe. Formakuntza hori, nagusiki, gurasoen esku geratu da, nahiz eta gazteen % 93k aho batez eskatzen duen formakuntza hori hezkuntza-sistemaren bidez jasotzea.
Horrela, praktika eta teoriaren arteko arrakala deigarria egiten da. Gazteen % 83,9k, azken astean, Bizum bat egin du, eta % 82,9k banku-transferentziaren bat azken urtean. Hala ere, erdiak baino gutxiagok azaldu ahal du zer den Euriborra. Banketxeetako aplikazioa erabiltzeko gai dira, baina atzean dauden kontzeptuak arrotzak egiten zaizkie.
Gidalibururik gabeko aurreztaileak
Euskal gazteek aurrezteko duten gaitasunak zenbait estereotipori egiten die aurre. Ia heren bat hileko sarreren erdia baino gehiago aurrezteko gai da eta beste heren batek sarreren % 25-50 artean aurrezten du. 0 eta 10 arteko eskala batean, gazteek 7,6 puntu ematen diote beren buruari aurrezteko duten ahalmenean.
Baina gaitasun hori ez da berdina gazte guztien artean, eta zerikusi handiagoa du bizitzako gorabeherekin jasotako prestakuntzarekin baino. Emantzipatu diren gazteek, normala den bezala, gutxiago aurrezten dute: alokairua edo hipoteka, ura eta elektrizitatea eta erosketa guztiak ordaindu behar izaten dituzte. Langabezian diren horiek ere, jakina, aurrezteko gaitasun txikiagoa dute. Eta atzerritar jatorria duten gazteek ere gutxiago aurreztu ohi dute, talde horretako gehienek sarreren % 25 baino gutxiago aurrezten baitute.
Azterlanak agerian utzi duenez, gehiago aurrezten duten horiek dirua kudeatzeko gaitasun handiagoa dutela uste dute. Adibidez, sarreren erdia baino gehiago aurrezten dutenen % 94,7k dio kudeatzaile ona dela. Sarreren % 25 baino gutxiago aurrezten duten gazteen artean, berriz, kopuru hori % 79raino jaisten da.
Egunerokoa bizi ala etorkizunerako aurreztu
Hiru euskal gaztetik batek (% 32,3) nahiago du egunerokoa bizitzea etorkizunera begira aurreztea baino. Edo beste modu batean ikusita, % 69,9k nahiago du etorkizunerako aurreztu. Bizi-jarrera hori benetan aurrezten den horren araberakoa da. Diru-sarreren % 25 baino gutxiago aurrezten dutenen artean, % 40,9k egunerokoa bizitzeko ideia defendatzen dute. % 50 baino gehiago aurrezten dutenen artean, berriz, % 24,1ek bakarrik pentsatzen du horrela.
Hamar euskal gaztetik bederatzik uste dute beren dirua ondo kudeatzeko gai direla. Hala ere, % 22,7k baino ez ditu diru-sarrerak eta gastuak erregulartasunez kontrolatzeko aurrekontuak egiten. Gazteen % 41ek onartzen du batzuetan egin izan dituela, eta % 35ek aitortzen du ez duela inoiz edo ia inoiz egiten. 25 urtetik beherakoen artean, aurrekonturik egiten ez dutenen ehunekoa % 41,2koa da.
Gurasoen unibertsitatea
Diruaren kudeaketa egiten non ikasi duten galdetu zaienean, gehiengo handi batek (% 65,3k) gurasoekin ikasi duela erantzun du. Bigarren ezagutza-iturria sare sozialak eta iritzi-sortzaileak dira, baina distantzia handira (% 8,4). Ikastetxea edo institutua erantzun dutenak % 2,7 baino ez dira.
Datu horrek uste baino ondorio garrantzitsuagoak ditu. Izan ere, finantza-hezkuntza, nagusiki, etxean jasotako informazioaren araberakoa bada, gai horren inguruan ezagutza-maila ona duten familietan hazitako gazteek abantaila nabarmena izango dute. Ildo berean, baliabide edo formakuntza gutxiago duten familietan hazitakoak desabantailan izango dira. Kasu honetan funtzio orekatzailea izan beharko lukeen hezkuntza-sistemak kale egiten du.
Eredu bera errepikatzen da zalantzak daudenean. Horrelako kasuetan, gazte gehienek gurasoengana jotzen dute eta, ondoren, Internet eta finantza-erakundeetara. Gazteen laurden batek bakarrik jorratu du diruaren kudeaketa araututako formakuntza-ibilbidean. Ez da harritzekoa, beraz, gehiengo handi batek (% 93,2k) DBHn finantza-hezkuntza irakatsi beharko litzatekeela pentsatzea. % 89,5ek gauza bera uste du batxilergoari, lanbide-heziketari eta unibertsitateari buruz.
Ezagutzaren ilusioa
Finantza-gaietan ezagutza-maila altua dutela uste duten gazteen kopurua % 17,6 baino ez da; gazte gehienek ezagutza-maila ertaina dutela uste dute eta % 28 inguruk onartzen du ezagutza-maila baxua duela. Gai horien inguruan norberak hautemandako ezagutza-maila handiagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino.
Gai zehatzen inguruan galdetuta, gazteen % 95ek daki zer den BEZa, % 91,4k zer den IBAN kodea, % 81,4k zer den PFEZ eta % 80,1ek ulertzen du zer den inflazioa. Baina kontzeptu teknikoagoen inguruan galdetzen zaienean ezagutza-mailak nabarmen egiten du behera. % 43,8k bakarrik daki zer den Kontzertu Ekonomikoa, % 42k zer den Euriborra, % 33,5ek zer den interes bakuna eta konposatua eta % 27,3k zer den ITN eta UTB. Kontzeptu horiek guztiak ezagutzen dituzten gazteak % 10 baino ez dira. Horrek paradoxa kezkagarri bat planteatzen du. Izan ere, gazteen % 88,9k uste du bere dirua ondo kudeatzeko gai dela, baina % 10,7k bakarrik ezagutzen ditu oinarrizko kontzeptuak. Hortaz, nolakoa da gazteek egiten duten kudeaketa? Badirudi gazteak erabaki sinpleak kudeatzeko gai direla, baina erabaki arriskutsuagoak hartzeko ordua iristen denean, hala nola hipoteka bat eskatu, pentsio plan bat kontratatu edo inbertsio bat ebaluatu, ezagutza falta hori azaleratuko da.
Kontuak eta txartelak
Ia gazte guztiek (% 96,2k) banku-kontu bat dute eta % 86,4k kreditu- edo zordunketa-txartela du. Gizon gazteen artean ohikoagoa da zordunketa-txartela izatea eta emakumeen artean, berriz, kreditu-txartela. Adinean gora egin ahala, gora egiten du bi txartelak dituztenen ehunekoak.Gazte gehienek gutxienez hilean behin begiratzen dute beren kontuaren egoera. % 86,7k aldizka begiratzen ditu kontuko mugimenduak. Nahiko zabalduta dagoen ohitura da, bereziki, telefonoetarako aplikazioek edozein momentutan kontsulta hori egitea ahalbidetzen dutelako.
Aseguruak eta maileguak
EAEko gazteen heren batek baino gehiagok asegururen bat kontratatu du. % 37,9k etxeko, ibilgailuko, bizitzako edo bestelako polizak ditu. Baina ehuneko hori izugarri handitzen da adinarekin. 30 eta 34 urte bitartekoen artean, % 64,1. Emantzipatutako pertsonen artean, % 63,9. Aseguru bat izatea pertsona helduen arduren adierazleetako bat da. Izan ere, aseguru bat izateak esan nahi du ondasun baten jabe zarela.
Maileguekin gauza bera gertatzen da. Gazteen bosten batek maileguren bat kontratatu du. % 15,4k hipoteka bat du eta % 6,9k mailegu pertsonal bat. 30-34 urte bitarteko gazteen artean hipoteka dutenen kopurua % 40,7raino igotzen da . Izan ere, gazte gehienek adin horrekin erosten dute beren lehen etxebizitza, familia bat osatzen dute eta epe luzerako konpromisoak hartu ohi dituzte.
Ordainketa digitalak eta fisikoak
Azterlanak agerian utzi duenez, euskal gazteen artean ordainketa digitalak gero eta ohikoagoak dira. Ildo berean, bankuen aplikazioak eta diru-zorro digitalak ere oso zabalduta daude. Gazteen % 83,9k Bizum bat egin du azken astean eta % 65,4k txartel fisikoarekin ordaindu du. Mugikorrarekin ordaintzea (% 57,9), kutxazainean dirua atera (% 45,3), kutxazainean dirua sartu (% 52,6) edo transferentziak egitea (% 82,9) dira gazteen artean ohikoak diren beste eragiketa batzuk.
Diruaren kudeaketan digitalizazioa gero eta nabarmenagoa den arren, gazteek bankuetako bulego fisikoak bisitatzen jarraitzen dute izapideren bat egiteko.
Epekako erosketak eta zergak
Gazteen artean epekako erosketak ere nahiko zabalduta daude: % 20,4k nahiago izan du erosketaren batean ordainketak atzeratzea epe erosoagoetan ordaintzeko, nahiz eta horrek interesak ordaintzea ekarri. Nabarmentzekoa da, halaber, atzerrian jaiotako pertsonen % 40,4k zerbait erosi zuela ordainketa atzeratuz. Batez bestekoa (% 20,4) baino askoz handiagoa da ehuneko hori. Aurrezteko gaitasun txikiagoa, kreditu formaletarako sarbide txikiagoa edo gastuak geroratzeko behar handiagoa izan dezakete.
Beren kontura lan egiten duten gazteen artean, % 40,9k gestoria bat erabili zuten zergen kudeaketarako. Ulergarria da: autonomoa zarenean, kudeaketa fiskala zaildu egiten da. Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZ), Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (PFEZ), hiruhileko aitorpenak… askok nahiago dute profesionalen esku utzi arazoak ekiditeko.

Euskadiko gazteek ere inbertitzen dute
Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen % 21,3k errenta aldakorreko akzioak eta inbertsio-funtsak ditu. Gazteen ia hamarren batek (% 9,3k) bonuetan, obligazioetan edo letretan inbertitu du eta % 8,9k kriptomonetak erosi ditu. Gizon gazteek emakume gazteek baino inbertitzeko joera handiagoa dute eta finantzetan interes handiagoa duten horiek dira aktiboenak.
Datu horiek ez datoz bat ITN edo UTB bezalako kontzeptuen ezagutza-maila txikiarekin. Nola da posible bost gaztetik batek burtsan inbertitzea, hamarretik batek bakarrik ezagutzen baditu oinarrizko kontzeptu guztiak? Erantzuna sarbidearen erraztasunean dago. Gaur egun, edonork ireki dezake kontu bat inbertsio-app batean, hamar minututan. Sarbiderako oztopoak desagertu dira, baina horrek ez du esan nahi egiten ari direna ulertzen dutenik.
Aurreztu etorkizunera begira
Gazteen % 15 inguruk erretiroari begirako aurrezki-produkturen bat du, hala nola, pentsio planak edo BGAEak. 30-34 urte bitartekoen artean kopuru hori % 31,9ra iristen da. Adin horretan dauden gazteen heren bat jada erretiroan pentsatzen hasia da, nahiz eta oraindik zenbait hamarkadaz lan egin beharko duten.
Euskal gazteen % 15,4k erretirorako aurrezteko produkturen bat du, hala nola pentsio-plana edo BGAEa. 30-34 urtekoen artean, ehuneko hori % 31,9raino igotzen da
Etxebizitza-kontua duten gazteak % 13,7 dira. Horrelako kontuak dituztenak, bereziki, 25-29 urte bitarteko gazteak dira. Argi dago, adin horretara iritsita, gazteak etxebizitza bat erostea serioski planteatzen hasi direla.
Inbertitzaileak
% 22,4k kudeaketa-lanen bat egin du inbertsio-produktuekin azken urtean. Baina ehuneko horiek nabarmen aldatzen dira gazteek duten produktuaren arabera: bonuak (% 69,7), akzioak (% 61) eta kriptomonetak (% 53,6). Badirudi kasu horretan bi talde bereiz daitezkeela. Alde batetik, inbertitzen ez duten edo pasiboki egiten dutenen taldea legoke. Beste aldetik, gutxiengo batek, aldizka kudeatzen ditu bere inbertsioak.
Segurtasuna
Inbertitzeko garaian, gazteen % 54,5arentzat segurtasuna da lehentasun nagusia, hots, inbertitutako diru guztia berreskuratu nahi dute. Garrantzitsua den beste aldagai bat malgutasunarena da: % 39,9arentzat funtsezkoa da beren dirua edozein momentutan berreskuratzeko aukera izatea. Arriskuaren gainetik errentagarritasun altuari lehentasuna ematen dioten gazteak % 21,2 dira. Lehentasun hori mantentzen da jada inbertitzen duten horien artean ere. Aktiborik lurrunkorrena diren kriptomonetak dituztenek bakarrik jartzen dute errentagarritasun handia bigarren postuan, segurtasunaren atzetik.










