Abian da ERA Eskolaren bosgarren edizioa

2020tik martxan dagoen programak baliabide praktikoak eskaintzen ditu familiek etxean euskararen erabilera indartu dezaten

  Egilea: Lander Bolado
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 224
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Foru Komunitateko hainbat toki-erakundek abian jarri dute ERA Eskolaren bosgarren edizioa, euskaraz eskolatutako seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako eskola. Programak euskaraz eta gaztelaniaz grabatutako saioak eskaintzen ditu eta doan eskura daiteke YouTuben eta era.eus atarian.

ERA Eskola 2020an sortu zen, Nafarroako familiei seme-alaben euskararen ikaskuntza-prozesuan laguntzeko helburuarekin, gurasoak euskaldunak izan ala ez, eta familia-ingurunean hizkuntzaren erabilera indartzeko tresnak eskaintzeko.

Haurdunaldia, ipuinak eta kultura

Bosgarren edizio honetako edukiak hiru ardatzen inguruan antolatzen dira: haur bat etxera iritsi aurretik “saski linguistikoa” prestatzea, gurasoek euskarazko kulturaren transmisore gisa duten rola, eta album ilustratuak nola irakurri haien hezkuntza- eta hizkuntza-potentziala aprobetxatzeko.


ERA Eskola 2020an sortu zen, Nafarroako familiei seme-alaben euskararen ikaskuntza-prozesuan laguntzeko helburuarekin

Saioak Estitxu Fernández psikologo perinatalak, Gotzon Barandiaran idazle eta euskarazko kulturaren arloko profesionalak, eta Saroa Bikandi irakurzaletasunaren sustapenean bitartekari, ipuin-kontalari eta haur eta gazte literaturan adituak emango dituzte. Bideoak bi hizkuntzetan daude eskuragarri, ERAren YouTube kanalean eta era.eus atariko “Gurasoentzako aholkuak” eta “Consejos para padres y madres” ataletan.

Egunerokotasunerako baliabideak

Programa abiapuntu batetik abiatzen da: familiek eguneroko erabakiak hartzen dituzte hazkuntzari buruz, eta modu berean orientazioa behar dute hizkuntza-ikaskuntzan laguntzeko, dela irakurzaletasuna sustatuz, eskolaz kanpoko jarduerak aprobetxatuz edo eskolako lanetan lagunduz.

Eranafarroa.eus webguneak eskolan euskara ikasten duten 12 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzendutako informazioa eta material praktikoak biltzen ditu.