Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 294
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Save the Children GKEak ingurune digitalean gertazen den haurren sexu-esplotazioaren inguruan argitaratu duen txosten baten arabera, Estatuko hiru gaztetik ia batek uste du Internet bidez eduki intimoak eskaintzea diru-sarrerak lortzeko bidezko modu bat dela. Txostenean ohartarazten denez, OnlyFans bezalako plataformak eta sugar dating zerbitzuak normalizatu egin dira horietan arriskuak hautematen ez dituzten nerabeen artean.
Gezurra badirudi ere, haur eta nerabeak Internet bidezko sexu-jardueretan aritzen dira diruaren truke edo bestelako sariren baten truke. Save the Childrenek fenomeno horri autoesposizioa deitzen dio. Baina neska nerabeak esposizio hori hasten dutela badirudi ere, horrek ez du esan nahi askatasunez onartzen dutenik. Izan ere, eduki horiek presio sozialaren, estereotipo matxisten, baliozkotzea bilatzearen eta behar ekonomikoaren ondorioz sortzen dira.
Arrisku ikusezina
Neska gazteek ez dute inolako arriskurik hautematen plataforma horien erabileran. OnlyFans edo adineko gizon dirudunei gazteen konpainia edo intimitatea eskaintzen dieten sugar dating webguneak normalizatu egin dira gazteenen artean. Horietako askok uste dute argitaratzen dituzten edukiak kontrolatzen dituztela eta ez direla biktima, botere desorekaz jabetu gabe. Plataforma horiek haur-pornografiaren eta prostituzioaren dinamikak erreproduzitzen dituzte.
Inkestatutako nerabeen erdiak baino gehiagok egunero ikusten ditu OnlyFans-era edo sugar daddies-en webguneetara daramaten estekak. Neska gazteen % 49,3k eta mutilen % 32,1ek sugar dating-a gauza positibotzat aurkezten duten argitalpenak ikusi dituzte.
PUBLIZITATEA
Neskatoen % 70ek baino gehiagok ez du OnlyFans esplotazio modu gisa ikusten. Plataforma horretan eduki-sortzaile gehien dituen munduko bosgarren Estatua da Espainia. Nesken ia % 40ek eduki intimoak saltzea iradokitzen zieten ezezagunen mezuak jaso ditu.
Jatorrizko azterlana
Save the Children GKEak egin duen txostena esteka honen bidez deskargatu ahal duzu: “Autoerakusketaren tranpa. Sexu-esplotazioko dinamika berriak ingurune digitalean Harrapatu egiten duten sareak”
Kultura digitalak gero eta gehiago sexualizatzen ditu haurrak eta nerabeak. Erabiltzaile askok adin nagusitasuna lortu berri dute edo adin txikikoen plantak egiten dituzte, haur-estetika erabiliz. Nerabe askorentzat bizitza erreala eta digitala nahastu egiten dira. GKEak azaltzen duenez, arrisku horiek hautematen laguntzen duen hezkuntza egoki bat gabe, nerabeek tranpan erortzen jarraituko dute.








