Sugar Babes: alokairuzko unibertsitate ikasleak

Britainia Handiko unibertsitateren batean ikastea gero eta zailagoa da gobernuak ikasketa horiek egiteko ordaindu beharreko tasak igo zituenetik. Bertako unibertsitate batean 4.000 euro inguru ordaindu behar ziren ikasturte bakoitzeko eta orain, berriz, 12.000 euro inguru. Testuinguru horretan, ikasle askok ikasketak utzi edota baliabide ekonomiko berriak bilatu behar izan dituzte. Behar horren itzalpean www.seekingarrangement.com bezalako web guneak sortu edo garatu dira. Funtzionamendua sinplea da oso; erosketa ahalmen handia duten 40 urte inguruko gizonek emakume eder eta buru-jantziak bilatzen dituzte luxuzko afari edo bidaietan lagun izateko. Teorian, bi pertsona heldu horien arteko hitzarmenean sexua ez da bete beharreko zerbait.

Unibertsitate tasak igo zituztenetik britainiar unibertsitate ikasle kideen kopurua bikoiztu egin da eta jada, 160.000 inguru dira aipatu web orrialdean profila dituztenak. Cambridge unibertsitate entzutetsuan, adibidez, 160 sugar babe baino gehiago dira gaur egun.

Gizon aberatsak eta neska gazte ederrak elkartzearen ideia ez da berria baina britainiar emakume gazte trebatuenak horrelako dinamikan sartzeak Britainia Handiko gizartea aztoratu du. Izan ere, askorentzat hau prostituzio eredu bat besterik ez da. Webgunean bertan zerbitzu horren bidez egiten diren harremanetan diruaren truke sexu harremanak eskatzea guztiz debekatuta dagoela argi eta garbi adierazten bada ere, errealitatea guztiz desberdina dela diote askok. Web gune horretako kide den emakume batek argi azaltzen du ‘ez dago emakume eder batekin oheatzeari uko egiten dion gizonik’. Printzipioz, gizonek (‘sugar daddy’-ek) hitzorduetan diren gastu guztiak ordaintzen dituzte eta emakumeek horiekin egotea besterik ez dute. Sexu harremanak onartzen dira baldin eta bien arteko erabakia bada, hots, bi kideen artean nolabaiteko erakarpena sortzen bada, baina inoiz ez diruaren truke.

Zerbitzu hori kritikatzen dutenek diotenez, teoria eta errealitatea guztiz desberdinak dira. Horrela, sugar daddy batek sugar babe batekin oheratzeko eskaini ahal duen diru kopurua errefusa-ezina izan daiteke ekonomikoki larri dabilen ikasle batentzat.

Zerbitzu honek Britainia Handian arrakasta handia izan ondoren beste herrialdeetara ere zabaltzen ari da eta, horien artean, Espainia dugu kide gehien dituen herrialdeetako bat. Sugar babe gehien dituzten hirien sailkapenean, adibidez, Bartzelona zortzigarren postuan aurkitzen da eta Madril hogeigarrenean. Estatu mailan 12.000 sugar babe inguru daudela kalkulatzen da eta hauetako batzuk, adibidez, Bilbon aurkitzen dira.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.