Osakidetzak hezur-muinaren emaile izatea eskatu die gazteei

Zenbat eta gazte gehiago inskribatu emaileen erregistroan, orduan eta aukera gehiago emaile bateragarri bat aurkitzeko

  Egilea: Lander Bolado
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 182
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Osakidetzak dei egiten die Euskadiko 18 eta 40 urte bitarteko gazteei, Hezur-muinaren Emaileen Erregistroan izena emateko. Horrelako transplanteetan emailearen eta hartzailearen arteko bateragarritasun-probabilitatea oso txikia izan ohi da eta, hortaz, zenbat eta gazte gehiago inskribatu emaileen erregistroan, leuzemia edo linfomak bezalako gaixotasun hematologiko oso larriak dituzten eriek orduan eta aukera gehiago izango dituzte emaile bateragarri bat aurkitzeko. Hainbat kasutan, gainera, transplantea da tratamendurako aukera bakarra.

Gazteak egokiagoak dira

Deia, bereziki, gazteei egin zaie, 40 urtetik beherako pertsonek baldintza fisiko hobeak izan ohi dituztelako horrelako donazioak egiteko. Horretarako, nahiko da Osakidetzako webgunean bi urrats ematea. Lehenik eta behin, alta eman behar da Osakidetzako webgunean. Bertan, inprimaki bat osatu eta hitzordu bat eskatu beharko da profesional sanitario batek zalantzak argitu, baimena sinatu eta odol-analisi bat egin diezaien. Une horretatik aurrera, emailea Hezur-muinaren Emaileen Estatuko Erregistroan (REDMO) sartuko da. Uneren batean paziente batekin bateragarria dela baieztatzen bada, donazioa bi eratara egin daiteke: odol-ematearen antzekoa den aferesi izeneko prozesu baten bidez, edo gandor iliakoan (aldakako hezurrean) arrisku handirik ez duen ebakuntza kirurgiko baten bidez.