Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: uema.eus
Hitz kopurua: 278
Irakurketa denbora: Minutu 1
Ikerketek argi diote: gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenetan ere euskarak atzerantz egingo du. Aurreikuspen hori geldiarazteko eta egoerari buelta emateko sortu da Esnatu dinamika, UEMAk 18 eragilerekin batera aurkeztu duen ekimena. Eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten konpromisoak sustatzea da egitasmo horren helburua.
Orion egin den aurkezpenean, UEMAko lehendakari Martin Aramendiarekin eta Orioko alkate Anuska Esnalekin batera, AEK, Bankoa Abanca, Bilgune Feminista, Cederna-Garalur, ELA, Euskadiko Futbol Federazioa, Euskaldendak Konfederazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa, Fagor taldea, Hekimen, IKA, Kutxabank, LAB, Laboral-Kutxa, Lanartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoko ordezkariak bildu dira. Ekimenak hasieratik jasotako babes zabalaren erakusle da lehen 18 eragileren zerrenda hau.
Arnasguneen gainbehera
Aramendik azaldu duenez, UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin. Siadecok egindako ‘Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036’ ikerketak, besteak beste, arnasguneak ia desagertzeraino iritsiko den gainbehera aurreikusten du. Ondorio horrek oihartzun handia eragin zuen hedabideetan, eta Bertsozale Elkarteak bilera eskatu zion UEMAri, egoerari aurre egiteko prest zela adieraziz.
PUBLIZITATEA
“Esnatu ala hil esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua”, azpimarratu du Aramendik. Hortik abiatuta, Bertsozale Elkartearekin lankidetzan hasi zenean, beste eragile asko ere prest zeudela ohartu zen UEMAko lehendakaria, eta Esnatu dinamika sortu zen.
UEMAk Esnatu dinamika herrietara zabalduko du, hitzaldiak eta foroak antolatuta, herrien edo eskualdeen tipologiaren arabera, udalekin lankidetzan. Herriz herri euskararen egoera erakusten duten datuetan oinarrituta, eragileak ahalduntzea eta kontzientziatzea izango da xedea.
Ekimenaren inguruko informazio guztia labur.eus/esnatuEUS helbidean dago eskuragarri. UEMAk azaroaren 26an emango du ezagutzera ekimenarekin bat egin duten eragile guztien zerrenda.
PUBLIZITATEA









