Nafarroak eta Euskadik organo eta ehunen dohaintzan nazioarteko abangoardian egoten jarraitzen dute.
Nafarroa, bigarren urtez jarraian, 2023an Estatuko organoen dohaintza-tasa handiena izan zuen bigarren erkidegoa izan zen, 48 emailerekin (47, 2022an), milioi biztanleko 71,6 emaileko tasarekin (pmp), eta Kantabriako Autonomia Erkidegoak bakarrik gaindituta. Aipatu 48 organo-emaile horiei esker 118 transplante egin ziren, aurreko urtean baino lau gehiago.
Euskadin, berriz, organo-emaileen tasa 2023an 57koa izan zen. Tasa hori estatuan den batez bestekoaren gainetik dago (48,9 emaile milioi biztanleko).
2000. urteaz geroztik, Euskadi da OMEk kopuru optimotzat jotzen duen milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiagoko urteko batez besteko tasa duen lurralde bakarra eta, azken hamarkadan, batez beste, 56,8 emaile izan ditu.
Gainera, kopuru hori munduko hainbat herrialdetan erregistratutako tasak baino nabarmen handiagoa da. Dohaintzen eta Transplanteen Behatoki Globalaren arabera, 2022an, organo-emaileen milioi bat biztanleko tasak honako hauek izan ziren: Estatu Batuak (44,5); Kanada (21,4); Erresuma Batua (20,6); Australia (17,4); Alemania (10,4); eta, Europar Batasuna (20,9).
48 organo-emaile eta 118 transplante Nafarroan
Nafarroan, 2023. urtean izan ziren 48 organo-emaileei esker 118 transplante egin ziren: 32 gibel-transplante, bihotzeko bat, 76 giltzurrun-transplante, pankrea-giltzurrun konbinatu bat eta birika biko 8 transplante.
Gainera, iaz, Nafarroan lehen pankrea dohaintza egin zen Asistolia Kontrolatuko Dohaintza programaren barruan.
2.628 transplante Euskadin azken hamarkadan
2023. urtean, guztira, 270 pertsonek lortu zuten transplante bat Euskadin edo hitzarmenak dituzten beste autonomia-erkidego batzuetan. Hortaz, milioi bat biztanleko dohaintza-tasa 122koa izan zen.
Azken hamarkadan Euskadin egindako transplanteak 2.628 izan dira: 1.600 giltzurrun-transplanteak izan dira, 753 gibel-transplanteak, 132 bihotzekoak eta 143 biriketakoak. Transplante bat jaso duten pazienteen tasa 117koa izan da milioi bat biztanleko.
Gainera, 2023an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Iparraldeko giltzurrun-transplante pediatrikorako erreferentziazko zentroak, 7 transplante egin zituen (Galiziako 3, Asturiasko 1, Kantabriako 2 eta Euskadiko 1).
Urte horretan bertan, Donostia Unibertsitate Ospitaleak, hezur-muina transplantatzeko erreferentziazko zentroak, 61 transplante alogeniko egin zituen (ahaideak eta ahaidetasunik gabeak), hau da, 27,6ko tasa milioi bat biztanleko.
Bestalde, Galdakaon den Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak ehunen 187 dohaintza jaso zituen (korneak, ehun osteotendinosoa, azala…), transplanteari begira prozesatzeko, kontserbatzeko eta banatzeko.
Estatuko datuei dagokionez, Transplanteen Erakunde Nazionalak (ONT) emandako datuen arabera, pasa den urtean, 5.861 organo-transplante egin ziren (122,1 milioi bat biztanleko). Horri esker, transplanteen inguruko erregistroa hasi zenetik, 140.000ko langa gainditu da.
Jarduera-maila altu hori, hil ondoren beren organoak eman zituzten 2.346 pertsonei esker lortu zen. Joera oso positiboa da, 2022ko datuekin alderatuta transplanteen kopuruak % 9 egin baitu gora eta dohaintzenak, berriz, % 7. Kopuru horiek inoiz izan diren onenak dira eta 2019. urtean erregistratutako erregistro historiko onenak gainditu dituzte.
Pasa den urtean, organo-emaileen eguneko batez bestekoa 8koa izan zen eta egindako transplanteen eguneko batez bestekoa, berriz, 16koa.