Pasa den abenduaren 8an, Toconao izeneko ontziak Portugalgo Viana do Castelo udalerritik 80 kilometrora sei salgai-edukiontzi galdu zituen. Horietako bat plastikozko pellet-zakuz beteta zegoen. Bost egun beranduago, pertsona batek lehenengo pelletak aurkitu zituen A Coruñako Vilar en Ribeirako hondartza batean. Errafiaz egindako zaku batzuetan daude eta bola solteak ere badaude. Urte berriarekin batera gero eta pellet gehiago azaltzen dira Kantauriko hainbat hondartzatan. Gure artean, urtarrilaren 9an azaltzen dira Muskizko La Arena hondartzan.
Pelletak plastikozko produktuak fabrikatzeko oinarrizko lehengaia dira. Urtu daitezkeen polimeroak dira eta, horrela, nahi den produktua ekoizteko moldekatu daitezke. Milimetro gutxiko diametroa duten arren, harea-ale baten batez besteko diametroa baino handixeagoa, giza begiarentzat ikusgarriak dira. Oso tamaina txikikoak direnez gero, aukera handiak daude kate trofikoaren barruan amaitzeko, Greenpeacek ohartarazi duen moduan, “erraza baita hegaztiek eta arrainek arrautza txikiekin nahastea eta horiek jatea”. Gainera, bere osaketa dela eta, zati txikiagoetan deskonposatu daitezke, mikroplastiko bilakatuz.
Mikroplastiko horiek, gaur egun, non-nahi aurki daitezke: gatzean, garagardoan, fruta eta barazkietan edo edateko uretan. Aireak garraiatzen dituen partikulek bira eman diezaiokete munduari oso egun gutxitan, eta ondoren, euriarekin batera, lurrean amaitu.
2022an, CSICeko ikertzaile talde batek ikerketa bat argitaratu zuen “Scientific Reports”-en, mikroplastikoak hartzeak koloneko mikrobiotaren bakterio-aniztasuna murrizten duela eta bertan dauden mikroorganismoen oreka aldatzen duela ziurtatuz.
Izan ere, mikroplastikoen kopurua biderkatu egin da urtero ozeanoetara gero eta plastiko-hondakin tona gehiago bota ahala. Itsasoan diren mikroplastikoen kopurua zehaztu nahi izan duten ikerketa ezberdinek oso datu kezkagarriak eman dituzte. Jada 2014. urtean egindako ikerketa batek bost bilioiko datua eman zuen. Pasa den urtean Japonian egindako ikerketa batek, berriz, ozeanoetako goi-mailan diren mikroplastikoen kopurua 24,4 bilioitara igo zuen, hots, litro erdiko 30.000 milioi ur-botilen baliokidea.