Bale batek hiru milioi mikroplastiko baino gehiago irentsi lezake

Azterlan baten arabera, ikertutako zetazeo bakoitzak 25.000 mikroplastiko inguru kontsumitzen ditu krilla dagoen ura irensten duen bakoitzean

Zeelanda Berrian egin den ikerketa baten arabera, Hauraki golkoan bizi diren baleek hiru milioi mikroplastiko baino gehiago irentsi lezakete egunero. Ikerketa Auckland Unibertsitateko ikertzaileek egin dute eta emaitzak Science of The Total Environment aldizkarian argitaratu dira.

Orain arte ikertu diren itsasoko ekosistema guztietan mikroplastikoak hauteman diren arren, nekez kalkula daiteke itsas animalia horiek, batez beste, egunero irensten duten mikroplastikoen kantitatea.

Baleen gorozkiak aztertzean, ikertzaileek ikusi ahal izan dute, batez beste, sei gramoko lagin bakoitzeko 21 mikroplastiko aurkitzen direla.

Baleak itsasoko ura irentsi eta bertan den krillarekin elikatzen dira. Elikatzeko modu horrek aukera paregabea ematen die ikertzaileei mikroplastikoen presentzia ikertzeko. Ikerketa honen kasuan, ikertzaileek Zeelanda Berriko hiriburutik oso gertu dagoen Harauki golkoan diren bi bale moten gorozkiak aztertu dituzte: bale boreala (Balaneoptera borealis) eta Bryde balea (Balaenoptera brydei).

Itsasoan eta harrapakinetan

Ikerketan parte hartu duen Laura Zantisek azaltzen duenez, “baleek etengabe hartzen dituzte laginak, bai ingurunekoak bai elikatzean kontsumitzen dituzten harrapakinenak”. Balea batek 100 tona ur jaso ditzake ahokada bakoitzeko hamar segundo eskasetan eta krilla eta bestelako itsas organismoak iragazten ditu. Elikatzeko modu horrek aukera ezin hobea ematen die ikertzaileei baleak bizi diren inguruneetan den mikroplastikoen kutsadura aztertzeko. Horrela, itsasoko uretan ezezik, harrapakinen barruan zegoen mikroplastiko-kantitatea ere aztertu ahal izan dute. DNAren analisiaren bidez ikertzaileek egiaztatu ahal izan dute baleak, nagusiki, zooplanktona (krilla) jaten ari zirela. Ahokada bakoitzean irensten duten elikagai kopurua kalkulatuz, zetazeo bakoitzak ahokada bakoitzean, batez beste, 25.000 mikroplastiko iresten zituela kalkulatu dute. Azterketaren arabera, mikroplastiko kopuru horretatik, ehuneko handi bat krillaren barruan aurkitzen da. Mila zatitik batek bakarrik izango luke jatorria itsasoko uretan. Ikertzaileek datu hori oso larritzat jo dute, nolabait frogatzen duelako, gero eta gehiago, mikroplastikoak kate trofikoan metatzen ari direla.

Ikerlan honek agerian utzi duenez, etorkizunean mikroplastikoen arriskuari buruz egiten diren azterketek kontuan hartu beharko dute garrantzitsua dela uraren eta itsasoko elikagaien laginak hartzea, kutsatzaile horien mailak behar bezala zehaztu nahi badira.