Ekonomia da euskaldunon kezkarik handiena

Pasa den astean aurkeztu zen Deustobarometroaren arabera, prezioen igoera, inflazioa eta bizitzaren kostua dira EAEko biztanleen kezka nagusiak

Pasa den astean aurkeztu zen Deustobarometroaren udako edizioaren arabera, ekonomia da EAEko biztanleei kezka gehien eragiten dien gaia. Zehazki, prezioen igoera, inflazio altua eta bizitzaren kostua dira euskaldunok gehien aipatu ditugun kezkak. Antza denez, pandemia jada erdi ahaztuta dugu eta arazo nagusien zerrendatik desagertu da.

Inkestan parte hartu duten horien artean ia erdiak (% 49,5) arazo ekonomikoren bat aipatu du. Ondorioetan jaso denez, prezioen igoeraren kezka soldatak ez eguneratzearekin dago lotuta. Inkestatu gehienek prezioen igoera antzeman dute, nagusiki, energiaren prezioen igoera. Horrela, % 42k aitortu duenez, pasa den neguan behin baino gehiagotan berogailua piztu gabe utzi zuen energiaren prezioa altua zela eta.

Pandemia erdi ahaztuta?

Udako Deustobarometro honetan pandemia desagertu da kezka nagusien zerrendatik eta, horrekin batera, baita pandemiari lotuta egon diren hainbat alderdi. Adibidez, txosten honetan agerian geratu denez, antsietate, beldur eta bakardade sentimenduek behera egin dute azken hilabeteetan. Hala ere, osasun-arreta gehien aipatu diren hiru arazo nagusien artean azaltzen da.

Ukrainako gerra eta demokraziaren kalitatea

Deustobarometroaren azken edizioan Ukrainiako gerraren inguruan galdetu zaie euskal herritarrei. Bertan jasotako erantzunen arabera, gehiengoa armak bidaltzearen aldekoa da, baita erasorako armak ere. Ildo berean, inkestatutakoen heren bat (% 35) defentsarako gastua igotzearen alde azaldu da.

Inbasioak eragin duen ondorengo migrazioen ildora, % 80k adierazi du ukrainarrak beste gerra batzuetako beste errefuxiatu batzuk baino tratu hobea jasotzen ari direla.

Azken neurketa honen arabera, euskaldunontzat Espainiako demokraziaren kalitateak ez du gutxieneko langa gainditzen eta 4,3 puntuko nota eman diote.