Internet guztiz barneratuta dugu gure egunerokotasunean. Baina hori ez da beti horrela izan. 30 urte atzera egiten badugu, ordenagailuen erabilera nahikoa mugatua zen eta Interneterako konexioekin gauza bera gertatzen zen. Pasa den mendearen 90eko hamarkadaren erdialdean hasiko da Interneten booma eta garai horretan sarean sartzeko bide nagusia Microsoften Internet Explorer nabigatzailea zen.
Aipatu nabigatzailea Windows 95 sistema eragilean lehenetsita zegoen nabigatzailea zen. Garai horretan, sistema eragile hori zen nagusi merkatuan, hainbat urtetan, sistema hori zuten ordenagailuen salmentak % 90etik gorakoak izan ziren. Mende berriaren hasieran Interneten sartzeko ia ezinbestekoa zen Internet Explorer erabiltzea. Alde batetik, ia gailu guztiek nabigatzaile hori zutelako eta, bestetik, garai horretan ziren webgune eta aplikazio ia guztiak nabigatzaile horretan erabiltzeko diseinatuak zirelako. Kontuan izan behar dugu gaur egun erabiltzen diren beste nabigatzaile garrantzitsuenak beranduago azalduko direla: Safari (2003), Mozilla Firefox (2004) eta Google Chrome (2008).
27 urteko ibilbidearen amaiera
Hainbat urtez Explorer izan da nabigatzaile nagusia. Hamaikagarren bertsioraino iritsi zen, baina lehiakideen indarra eta nabigatzaile horrek zituen arazoak ikusita, 2015. urtean Microsoftek Explorer alde batera utzi eta nabigatzaile berria merkaturatu zuen: Microsoft Edge. Hortik aurrera, Windows sistema eragilea zuten ordenagailu guztietan lehenetsitako nabigatzailea Edge izango da eta, ondorioz, Exploreren erabilera nabarmen jaitsiko da.
Zazpi urte beranduago, Microsoftek Internet Explorer nabigatzaileari eskaintzen zion euskarri teknikoa desagertu da. Microsoftek segurtasun arrazoiak aipatu ditu, baina, gezurra badirudi ere, hainbat herrialdetako administrazio publikoetan nabigatzaile hori bakarrik erabiltzen jarraitzen dute. Horregatik, IEren hainbat ezaugarri barneratu behar izan dituzte Edge nabigatzailearen bertsio berrian.