Tresna elektrikoen kontsumoa % 25ean jaitsi behar dugu

Cambridgeko Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, energetikoki eraginkorragoak diren etxetresna elektrikoak ezinbestekoak izango dira klima-aldaketaren ondorioak arintzeko.

Europar Batasunak ezarritako helburu klimatikoak lortu ahal izateko 2030. urtera bitartean etxetresna elektrikoen fabrikazioan eta erabileran kontsumitzen den energia % 25ean murriztu behar dugu. 2050. urtera begira, aldiz, murrizketa % 40koa izan beharko du. Kopuru horiek Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek egindako azterlan baten ondorioak dira.

Ikerketan jasotzen denez, etxetresna elektrikoen elektrizitate kontsumoa eraikinetan kontsumitzen den elektrizitatearen laurdena da. Neurketan, besteak beste, honako etxetresnak hartu dira kontuan: hozkailuak, garbigailuak eta lehorgailuak, ontzi-garbigailuak, telebistak, inprimagailuak eta bestelako gailu elektronikoak. Estatuaren kasuan, aipatu gailu horien guztien kontsumoa % 27koa litzateke.

Energetikoki eraginkorragoak

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, energetikoki eraginkorragoak diren etxetresna elektrikoak ezinbestekoak izango dira klima-aldaketaren ondorioak arintzeko. Txostenean jasotzen denez, nahikoa da gure egunerokotasunean aldaketa txikiak egitea zero emisioko etorkizun baterantz aurrera egiteko.

Nazioarteko Energiaren Agentziak egindako analisiek erakusten dutenez, etxetresna elektronikoen sektoreak ez baditu bere deskarbonizazio eta 0 emisio helburuak betetzen,  muturreko bero-boladen maiztasuna % 100ean handitzeko arriskua dago, eta lehorte ekologikoena, berriz, % 40an.

Adibidez, laser inprimagailuen ordez energetikoki eraginkorragoak diren tinta-injekziozko inprimagailuak erabiliko bagenitu, gailu horiekin sortutako emisioak % 56an murriztuko lirateke eta 1,3 milioi tona CO2 gutxiago isuriko lirateke atmosferara. Neurri horrek mundu osoan 280.000 kotxe kentzeak izango lukeen inpaktua bera izango luke.

Txostenak ohartzen duenez, halaber, egun den etxetresna elektrikoen salmenten hazkunde-tasa aintzat hartuta, karbono-emisioen murrizketa, hein handi batean, teknologiaren energia-eraginkortasuneko estandar batzuk lortzearen eta fabrikazio-prozesuan energia gutxiago erabiltzearen mende egongo da.

Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa izango da nazioarteko lankidetzan sakontzea eraginkorragoak diren etxetresna elektrikoen erabilera sustatzeko eta eraginkortasun horren etiketatzean aurrera egiteko.