Eneko Sarasua eta Sara Lizarza: “Murriztearen garaian gaude; birziklatzea ez da nahikoa”

Uztailean zehar Euskadiko zenbait portu bisitatu dituzue itsas hondakinek itsasoan eragiten duten kutsaduraz kontzientziatzeko. Zein neurriraino da larria plastikoek itsasoan eragiten duten kutsaduraren arazo hori?

Arazo globala da, mundu osoan ematen dena. Zenbait tokitan, itsasoaren korronteak direla eta, agerigoakoa da, baina non-nahi ikus daitezke hondakinak itsasoan. Ingurumen-arazo larria da; animaliei zuzenean eragiten die, baina baita gizakioi ere. Izan ere, astero, batez beste, bost gramo plastiko jaten ari gara. Kontua da plastiko molekulak itsasoan ez ezik airean eta lurrean ere badirela eta, ondorioz, oso zaila da horiek gure gorputzean amaitzea ekiditea. Sarritan pentsatu ohi da hondakin plastikoen arazoa zerbait estetikoa dela edo animaliei soilik eragiten diela. Baina, azaldu dugun moduan, gizakioi ere zuzenean eragiten digu. Azken finean, guk sortzen dugun zabor hori guztia gurera bueltatzen da, eta gurera diogunean, gure gorputzean amaitzen dela esan nahi dugu.

Ingurumen-arazo baten aurrean gaude eta hori argi ikus daiteke itsasoaren azalean diren plastikoen dimentsioari edo kantitateari erreparatuta. Hala ere, plastiko zabor gehiena itsas ondoan dago. Hortaz, arazoa begiekin ikus dezakeguna baino askoz larriagoa da…

Sarritan, arazo horren inguruan hitz egiten denean, plastikozko irlataz hitz egin ohi da. ozeanoetako zurrunbilo naturaletan pilatu diren plastiko zati, mikroplastiko, soka, ontziak eta beste hainbat hondakinek osatzen dutena. Itsasoaren azalean geratzen den plastikoa itsasoan den plastiko kopuru osoaren ehuneko txiki bat besterik ez da, % 15. Hau da, arazorean izeberg-punta baino ez dugu ikusten 

Hasieran azaldu duzuen moduan, arazo global baten aurrean gaude, baina, agian, Euskal Herrian gaudenok pentsa genezake gurean arazo hori ez dela hain larria; beste lekutan ematen den zerbait dela, alegia. Nolakoa da egoera Kantauri Itsasoan edo, zehatzago, Bizkaiko Golkoan? Ba al da horren inguruko ikerketarik?

Bai UPV/EHUko, Aztiko eta beste erakundeetako ikerlariek aztertu izan dute Bizkaiko Golkoan zein nolako hondakinak diren. Ikerketa horietan, itsasoan den hondakinen pilaketa edo metaketa zenbaterainokoa den aztertu dute. Ikerketa horien arabera, Bizkaiko Golkoa metaketa puntu bat da, hots, zaborra bertan metatzen da izkin batean bezala. Gainera, euskaldunok sortzen ditugun hondakinak, ibaiak ekarrita, itsasora iristen dira eta, gehienak, bertan geratzen dira. Hau da, gure hondartzetan ikusten ditugun hondakin gehienak gureak dira. 

Pandemiaren garaian nabarmen hazi da zaborraren sorrera. Konfinamenduan zehar eta baita ondoren ere, nagusiki, erosketak etxera ekartzeko eskatzearena edota eramateko janaria eskatzeko joera hazi delako.

Itsas hondakinen kontzentrazioari dagokionez, aipatu ikerketa horien arabera, Bizkaiko Golkoa kontzentrazio ertaineko gune bat izango litzateke; pilaketa ez da oso altua, baina ezta oso baxua ere.

Bizkaiko Golkoak izkin baten itxura du. Hortaz, beste lekuetako hondakinak ere jasotzen al ditugu?

Bai, hala da. Baina hori itsasoaren urte-sasoien araberakoa izaten da. Adibidez, neguan, mendebaldeko korrontea, hots Galizia aldetik datorrena, nagusi izaten da eta bertako hondakinak ekartzen dizkigu. Baina, aldi berean, gureak Frantzia aldera bidaltzen ditu. Udaberria eta uda izaten dira itsas-hondakinak arrantzatzeko aldirik onenak. Sasoi horretan korronteek indarra galtzen dute, itsasoaren indarra lasaitu eta ur masak ordenatzen dira eta, ondorioz, hondakinak pilatu egiten dira eta errazagoa da horiek aurkitzea eta biltzea

Gizakiok eragin dugun arazo baten aurrean gaude. Hortaz, irtenbideek ere gure esku egon beharko lukete. Zer egin behar da arazo hori konpontzeko?

Irtenbiderik onena gure kanpainaren leloan jasotzen da: “Zaborrik hoberena, sortzen ez dena”. Une honetan gizakiok egin ahal dugun gauzarik eraginkorrena zabor gehiago ez sortzea da. Izan ere, jada itsasoan den zabor guztia biltzea oso lan zaila da; ia ezinezkoa. Guk geuk zabor hori biltzen jarraitzen dugu, baina jasotzen den hori oso ehuneko txikia da. Gure kanpainaren barruan egiten ditugun zabor bilketen xedea da esperientzia bat bizitzea eta afera horren inguruan hausnartzea; hots, ikustea zein zaila den itsasora iritsi diren hondakin horiek guztiak biltzea, besteak beste, horietako asko mikroplastikoak direlako. Hortaz, une  honetan, lehentasuna da gure kontsumo-ohiturak zaintzea eta aldatzea ahalik eta zabor gutxien sortzeko. Murriztearen garaian gaude; birziklatzea ez da nahikoa.

Kontsumo-ohiturak zaindu eta aldatu beharra aipatu duzu. Norbanako gisa ba al dugu zer eginik? Horrelako arazo handien aurrean jarrera bakan batek eraginik ez duela pentsatu ohi dugu…

Guk asko sinisten dugu pertsona bakar batek izan dezakeen boterean. Guztiok dugu egunero, gutxienez, zaborraren sorrera murrizteko hiru aukera: gosarian, bazkarian eta afarian. Argi izan behar dugu guztiok gure hondar alea jarri ahal dugula eta ekintza indibidualak oso garrantzitsuak direla, horiek ere kutsatu egiten dutelako. Gainera, norbanako guztiok eragin dezakegu gure inguruko jendearengan. Hasieran zaila izaten da ohitura berrietara egokitzea, baina taldean egiten bada eta horrek ondorio positiboak dituela ikusten baduzu asetasuna handiagoa da. 

Garbi dago arazo horren aurrean erakundeek, enpresek eta abarrekoek zer esan handia dutela. Baina norbanakoek ere bai. Ohartu behar dugu gure erosketa-ohiturek duten botereaz: dena plastikoarekin bilduta saltzen dela? Ez erosi. Bilatu alternatibaren bat.

Azken hilabeteetan pairatu izan dugun pandemiak modu negatiboan eragin du kutsadura mota horretan. Zein nolako harremana dago pandemiaren eta plastiko-hondakinen artean?

Pandemiaren garaian nabarmen hazi da zaborraren sorrera. Konfinamenduan zehar eta baita ondoren ere, nagusiki, erosketak etxera ekartzeko eskatzearena edota eramateko janaria eskatzeko joera hazi delako. Gainera, birusa dela eta, jende askok plastikoa material seguruago gisa ikusi du, nahiz eta ideia hori faltsua izan. Izan ere, birusak hainbat materialetan zuen iraunkortasuna aztertzen zuen ikerketa baten arabera, birusa hiruzpalau egunez irauten zuen plastikoan eta beste hainbat materialetan askoz gutxiago.   Horrez gain, musukoen eta erabilera bakarreko plastikozko eskularruen erabilerak ere nabarmen egin du gora eta, hori ere itsasoan bildutako hondakinetan islatu da.

Pandemiak, gainera, lehentasunak finkatu ditu. Ingurumen arazo larri bat eta norberaren osasuna aurrez aurre jarri direnean jendeak osasunari eman dio lehentasuna horrek ingurumenean izan dezakeen inpaktua bigarren maila batean geratu delarik. Hortaz, plastikoarekiko dugun menpekotasun harreman horretan atzera pausu bat eman dugu. Covid-19aren aurretik plastikoaren gehiegizko erabileraren inguruko nolabaiteko kontzientzia garatzen hasia zen, baina hori guztia eten egin da pandemiarekin.

‘Zero zabor uretan’ kanpainak hiru ardatz ditu: ezagutu, parte-hartu eta inplikatu. Kontaiguzue ardatz horien nondik norakoak…

Arazo bati irtenbidea eman ahal izateko, lehenik eta behin, arazo hori ezagutu behar da: ikusi, behatu… Ikusten edo ezagutzen ez diren gauzak ez dira existitzen. Arazo horren berri emateko, kanpaina honetan, nagusiki, hiru jarduera burutu ditugu: bisitak ontzi-museora, erakusketak portuetan eta proiekzioak ontzian.

Behin arazo horren berri izanik, parte-hartzearen unea da. Parte-hartzearekin esperientzia bat eskuratzen da. Gure programaren barruan eskaintzen dugun esperientzia horren xedea da emozio edo zirrara bat eragitea. Izan daiteke emozio atsegina denbora atsegina pasatu dutelako edo izan daiteke gure barrua astintzen duen emozio bat. Parte-hartzea sustatzeko hainbat jarduera burutu ditugu: Hondakin ugarienen Top 3a (portu bakoitzean hondakinak bildu eta ikusi zein diren gehien agertzen diren 3 horiek); hondakinak arrantzatzeko irteerak; itsas-hondakinen bilketa senadian; eta, mikroplastikoen analisia hondartzan.

Azkenik, emozio horrek inplikazioa eragitea lortu nahiko genuke. Inplikazioa era askotakoa izan daiteke: plastikoaren kontsumoa murrizteko konpromisoa, dendara tupperarekin joan, arazo honen inguruko informazioa partekatu lagunekin… Ez du zertan konpromiso handia izan behar, baina, betiere, helburua da emozio horretatik ekintzara pasatzea.

Hondakinak eragiten dituzten kontsumo-ohiturak aldatu ahal izateko kontsumitzaile informatuen eta parte-hartzaileen zeregina oso garrantzitsua da. Itsas hondakinen % 80 inguru lurreko hondakinen kudeaketan du jatorria, bai eta gizartearen kontzientziazio eta konpromiso faltan ere.


MATER egitasmoa: Ezagutuz, maitatu. Maitatuz, babestu

Mater egitasmoa, mende honen hasieran sortu zen. Pasaiako koadrila batek, beren herriaren jasangarritasunaz kezkatuta eta itsasoarekiko zuen harremana mantendu nahian proiektu horri ekin zioten. Lehen lana Pasaiako itsas ondarearen memoria materiala eta inmateriala aztertzea eta informazioa jasotzen hastea izan zen. 2003an Jaizkibel eta Ulia kostaldeko ingurumen azterketa egin zuten; eta hainbat itsas-erakunde eta norbanakoekin lankidetzak finkatzen hasi ziren. Zabalkunderako eta ingurumen-hezkuntzarako bide berriak bilatuz, “Ezagutuz, maitatu, maitatuz babestu” lelopean gaur egun ingurumen zentro berritzailea den Ontzi Museo Ekoaktiboa sortu zen.

‘Zero Zabor Uretan’ kanpaina

Aurtengoa ‘Zero Zabor Urtean’ kanpainaren hirugarren edizioa da. Kanpaina horren helburua itsas hondakinen arazoa ikusaraztea da, jardueren bidez parte-hartzea sustatuz, kontzientziatuagoa eta ingurumenarekin konprometituagoa dagoen gizartea sortzeko. Kanpainak zaborrak sortzen diren puntu beltzak azaleratu nahi ditu, aurten hartutako ohitura berri horiei erreparatuz ‘zaborrik onena sortzen ez dena’ dela gogoraraziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.