Mater Ontzi Museoak hainbat euskal portu bisitatuko ditu itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzeko

‘Zero Zabor Uretan’ kanpainaren barruan, ‘Mater, Ontzi Museo Ekoaktiboa’ ontziak hondakinen arazoaren berri emango du uda honetan Hondarribia, Getaria, Ondarroa, Bermeo, Portugalete, Bilbo, Mutriku eta Pasaiako portuetan. Kanpaina ‘Hondakinik onena, sortzen ez dena’ lelopean garatzen ari da eta  “itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatu eta herritarrak haien prebentzioan inplikatu nahi ditu”.

Materreko zuzendari Izaskun Suberbiolak azaldu duenez, “itsasoko zaborraren % 80 lurreko hondakinen gaur egungo kudeaketatik eta gizartearen kontzientziazio eta konpromiso faltatik dator”. Horregatik, kontsumo-ohiturak aldatzen hastearen garrantzia azpimarratu du, azkenean itsasora iristen diren eta itsasotik gure gorputzera iristen diren hondakinen kopurua murrizteko.

Kanpainaren barruan honako portu hauek bisitatuko dira:

  • Hondarribia uztailaren 2tik 4ra,
  • Getaria uztailaren 5etik 7ra,
  • Ondarroa uztailaren 8tik 10era,
  • Bermeo uztailaren 11tik 13ra,
  • Portugalete uztailaren 14tik 16ra,
  • Bilbo uztailaren 17tik 19ra,
  • Mutriku uztailaren 20tik 22ra, eta
  • Pasaia uztailaren 23tik 25era.

Ekimen horren barruan, Mater bisitatzeko aukera izango da. Gainera, portuan standa bat ere izango da, itsasoko zaborren arazoari eta hondakinei aurrea hartzeko aukerei buruzko informazioa emateko, jokoen eta erronken bidez. Era berean, portuaren arabera tipologia desberdinetako hondakinak bilduko dira.

Mater zurez eraikitako azken euskal atunontzi handia da, Pasaiako Itsas Gela elkarteak desegitetik salbatu zuena eta ingurumen hezkuntzako zentro berritzaile bihurtu dena.

Gaur egun, itsas kultura eta ingurumenarekiko grina kutsatu nahi duen profesional talde batek gidatzen du, kontserbazioan laguntzeko asmoz. Misio hori aurrera eramateko, bi lan ildo nagusi daude: Mater Museoa, Pasaian urte osoan zehar jarduera programa zabala duena; eta, bestetik, Mater Ekoaktiboa, ingurumen sentsibilizazio ekintza eta hezkuntza kanpaina eta proiektuekin, Zero Zabor Uretan kanpainaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.