Plastikoz betetako hondartzak eta ibaiak, arrainak mikroplastikoak jaten, itsas fauna poltsekin asfixiatuta, laranjak biltzeko sareak eta plastikozko uztaiak euren gorputzetan…

Gaur egun, plastikoa da gizakiok beldurrik gabe itsasora botatzen dugun zabor nagusia, baina, aldi berean, gure objektu aukera etengabe handitzen ari gara. Eta asko dira mikroplastikoek sortzen dituzten kalteen inguruan egiten ari diren azterlanak, ez bakarrik faunan, baita aldez aurretik kutsatuta zeuden eta jaten ditugun arrainak direla eta gure gorputzetan ere.

Plastikoak eragindako kutsadura bilakatu da azken hamarkadetan gure planetak duen ingurumen arazo larrienetako bat. 1950. urteaz geroztik, 8.300 milioi tona plastiko ekoitzi dira, baina kopuru horretatik, eta Science Advancesek argitaratu duen ikerlan baten arabera, bakarrik % 9 inguru birziklatu da. Beste guztia, hots, 7.500 milioi tona inguru, erreta edo alde batera utzita geratu da. Europako Ingurumen Agentziaren (AEMA) datuen arabera, Europan bakarrik plastikozko zaborraren % 31 jasotzen da birziklatua izateko.

Birziklatzen ez den plastikoaren gehiegizko kontsumoa da, gaur egun, gizakiok dugun erronkarik handienetako bat, eta gure planetaren biziraupena ere kolokan jar dezake. Hain zuzen ere, duela zenbait hilabete, Nazio Batuen erakundeak argitaratu ohi duen ingurumenaren inguruko txostenean, erabilera bakarreko plastikoen kontsumoa murrizteko mugaz haraindiko konpromiso baten beharra azpimarratzen zuen. Eta gizartea gero eta mobilizatuagoa dago aldaketa horiek guztiak sustatzeko.

Kontzientziazio lan horretan, baina bereziki ekintzetara pasatzeko asmoarekin, #boicotalplástico kanpainak hil honetan bertan kontsumitzaileak animatu nahi izan ditu plastikoan bilduta dauden eta egunero erabiltzen diren eta ez itzultzeko diren produktuak saihestera. Kanpaina Zero Waste Españak jarri du abian eta Greenpeace eta Hope bezalako erakundeek ere bat egin dute.

Kanpaina horrek bi xede nagusi ditu. Alde batetik, plastikoak ingurumenean duen inpaktuaren inguruan gizartea kontzientzia. Izan ere, material horren ugaritzea dela eta, gaur egun nonahi aurki daiteke material hori, eta bereziki, supermerkatuetan. Bestalde, zenbait marketako ekoizleak eta banatzaileak presionatu nahi dira plastikoaren erabilera murriztu dezaten, gizakiok horiek kontsumitzeari uzten badiogu bestelako alternatiben aldeko apustua egingo baita.

Itsasoan plastiko gehiago arrainak baino

Kanpaina horren edo antzeko kanpainen garrantzia ukaezina da eskuan ditugun datuen baitan. Adibidez, Greenpeacek dioenez, Estatuan kontsumitutako plastikoaren laurden bat bakarrik birziklatzen da (% 25,4). Beste guztia erraustegietara edo zabortegietara eramaten omen da, baina sarritan, itsasoan edo ibaietan amaitzen dute. Adituen kalkuluen arabera, urtero, 12 milioi tona plastiko botatzen dugu itsasora. Kalkulu horien arabera, urtero milioi bat itsas hegazti eta 100.000 ugaztun inguru hiltzen dira plastiko horien eraginez, bai horiek jan dituztelako bai plastikozko sare edo poltsetan harrapatuta geratzen direlako.

Gainera, etorkizunera begira ez dago baikor izateko arrazoi handirik. 2050. urterako egin diren aurreikuspenen arabera, egoerari buelta ematen ez bazaio, itsasoan plastikoa arrainak baino ugariagoa izango da.

Itsasoan ez ezik, lurrean ere egoera kezkagarria da. Nazio Batuen arabera, plastikoek eta mikroplastikoek lurrean eragindako kutsadura itsasoan baino 4 eta 23 bider handiagoa da tokiaren arabera.

Berriki egin diren zenbait ikerketek hainbat elikagaietan mikroplastikoak eta nanoplastikoak aurkitu dituzte eta, ondorioz, baita gure gorputzetan ere. Urtero, gutako bakoitzak 70.000 mikroplastiko inguru irentsi ahal dituela kalkulatzen da.

Erabaki zentzugabeak

2017. urtean, Europar Batasuneko herrialdeen plastiko eskaera ia 52 milioi tonakoa izan zen. 2010. urtean herrialde eskaintza hori 46 milioi tonakoa izan zen. Mundu mailan ere antzeko hazkunde bat eman da eta, horrela, 2017. urtean plastikoaren ekoizpen globala 348 milioi tonakoa izan zen, aurreko urtean baino 13 milioi tona gehiago.

Estatuari dagozkion datuen arabera, urtero batez beste plastikozko 180 poltsa erabiltzen ditugu. Poltsa horien erabilera 12 minutu ingurukoa da, hots, dendatik etxera egiten dugun bidaiaren batez besteko iraupena. Datu horiek biztanleria osora estrapolatzen baditugu, poltsa asko direla ohartuko gara. Kontuan izan poltsa horiek erabilera bakarra izan ohi dutela eta 500 urte inguru behar dituztela deskonposatzeko. Ketchup monodosiak, bilgarri bikoitza duten madalenak, kafe kapsulak, poliestirenoko azpiletan saltzen diren entsaladak… dira supermerkatuan aurki daitezkeen eta gure artean guztiz normalizatuta dauden zenbait produkturen adibideak.

Supermerkatuetan ez da plastikoan bilduta ez dagoen ogia saltzen. Moztuta daudenak poltsatxo batean saltzen dira; ogi-barrak, paperean edo film-gardenean. Frutak eta barazkiak ere plastikoan bilduta edo poliestirenoko azpiletan saltzen dira horien kontserbazioa bermatzeko. Zentzurik al du? Galderak berak erantzuna ematen du.

Kontsumitzailearen erosotasunaren izenean gero eta gehiago kutsatzen ari gara. Gainera horrek guztiak kostu ekonomiko bat ere sortzen digu eta, bide batez, etekin izugarriak enpresa handiei. Izan ere, plastikoaren ugaritzea ez da kasualitate hutsa. Horren atzean kalkulu ekonomiko bat dago. Adibide garbi bat: terrina batean moztuta saltzen den ananaren prezioa (160 gramo) 1,60 eurokoa da, hots, 10€/kiloa. Anana osoa moztu gabe, batez beste 1,95€/kilokoa da. Benetan merezi du?

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.