Euskal gazteei asko kostatzen zaie euren gurasoen etxetik alde egitea. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 22,6 bakarrik bizi da bere kontu edo pisua partekatuz lagunekin edo bikotekidearekin. Gazteen % 65,3 bere gurasoekin bizi da eta, gainera, ez da inoiz emantzipatuta bizi. Baina gurasoen etxean bizi diren horietatik erdiak baino gehiagok etorkizunean emantzipatu nahiko lukeela adierazten du, hori bai, egoerak horretarako aukera ematen badie. Hauek dira Gazteriaren Euskal Behatokiak argitaratu duen ‘Gazteriaren emantzipazioa Euskadin 2017’ txostenean jasotzen diren zenbait ondorio.
Errealitatean 30 urtetik beherako gazteak ez dira euren gurasoen etxetik joaten ezin dutelako edo ez dutelako nahi.
A priori, etxebizitzaren prezio altuak, jabegoan zein alokairuan, lan munduan pairatzen duten prekarietatearekin batera, emantzipazio-tasa baxua azal dezake kasu gehienetan, baina ez beti.
Euskadin badira eragin handia duten zenbait elementu sozial eta kultural eta horiek direla eta, emantzipaziorako batez besteko adina 30 urte inguruan mantendu da azken hamarkadetan. Sabai hori goi-mailako ikasketak amaitu eta egonkortasun laborala lortzen den unearen artean kokatu da eta, prozesu hori laburtu beharrean, luzatzeko joera duela dirudi.
Berez, azken urteetan etxebizitzaren prezioan, okupazio-tasetan eta soldatetan izan diren gorabeherek ez dute aldaketa sakonik eragin 30 urtetik beherako gazteen batez besteko emantzipazio adinean.
Euskadiko gazteen artean emantzipazio formula nagusia bikotekidearekin bizitzea da, seme-alabekin zein horiek gabe.
Bakarrik bizitzea benetan zaila da etxebizitzaren garestitasuna (jabegoan zein alokairuan) eta soldatak direla eta. Lagunekin pisua partekatzea gero eta ohikoagoa da. Horrela, 2011ko % 18,0tik 2017ko % 24,9ra pasatu gara.
Soldataren % 70 etxebizitzarako
Euskal gazteak 30 urte bete aurretik emantzipatzea eragozten duten zenbait balio daudela alde batera utzita, garbi dago etxebizitzen prezio altuek eta soldata baxuek ez dutela batere laguntzen. Are gehiago, bi aldagai horiek emantzipazioa zailtzen edo galarazten dutela azpimarratu behar da.
Errealitatea da Euskadin etxebizitza askea ez dagoela 35 urtetik beherako gazteen eskueran. Hori da, hain zuzen ere, Gazteen Euskal behatokiak prestatu duen ‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2017’ txostenaren ondorio nagusia.
Kontuan hartzen badira lanean ari diren gazteen batez besteko soldata eta etxebizitzaren prezioa, gazte batek bakarrik emantzipatu ahal izateko bere soldataren erdia baino gehiago bideratu beharko luke hipoteka ordaintzera eta, alokairuan joateko, berriz, soldataren % 70 baino gehiago.
Euskadin, lanean diren 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ia erdiak (% 47,6) aldi baterako lan-kontratua du. Lanean diren hamar gaztetatik bederatzik Gizarte Segurantzaren kotizazioak ordaintzen ditu eta lanaldi osoko enpleguak hazi dira, nagusiki, emakumeen kasuan.
Aipatu adin tartean diren langile gazteen batez besteko soldata garbia, hilero, 1.093 eurokoa da. 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean, berriz, kopuru hori 1.297 euroraino igotzen da.
Eta soldata horiek ez dute gurasoen etxetik alde egiteko aukera ematen.
Soldata erdia hipotekara bideratuta
Azken bi urteetan etxebizitza askea jabegoan erosteko prezioak arinki behera egin duen arren, eta 2007. urtetik hona bere mailarik baxuenean den arren, gazte batek bere soldataren % 52,6 bideratu beharko luke hipotekaren ordainketara.
Erosi beharrean alokairura joko balu (gazteen artean eskaintzarik handiena duen aukera), kostua askoz altuagoa izango litzateke; soldataren % 69,3, hain zuzen ere. Alokairuan bizitzea jabegoan erostea baino hamabost puntu garestiagoa da.
Ikuspuntu finantzario batetik bideraezina da, soldaten % 30 baino gehiago hipotekaren ordainketara bideratzea. Gainera, gazteen kasuan, enplegua galtzeko arriskua edo etenak izateko arriskua altuagoa da.
Orain arte azaldu diren datu horietan guztietan alde handiak daude adinaren, sexuaren edo lurralde historikoaren arabera. Horrela, 20 eta 24 urte bitarteko gazte baten kasuan etxebizitza aske bat erosi ahal izateko soldataren % 83,4 bideratu beharko litzateke, % 58 25 eta 29 urte bitartekoen kasuan eta % 49,1 30 eta 34 urte bitartekoen kasuan.
Gizon eta emakumeen arteko soldata-arraila etxebizitza erosteko aukeran ere islatzen da. Horrela, etxebizitza aske bat jabegoan erosteko 18 eta 34 urte bitarteko gizonek soldataren % 48,9 bideratu behar duten bitartean, emakumeek euren soldataren % 58,6 bideratu beharko lukete etxebizitza bera erosteko.
Herrialdeka, Gipuzkoa da etxebizitza erosteko herrialderik garestiena (% 61,9). Jarraian, Bizkaia (% 49,8) eta Araba (% 41,5) aurkituko lirateke.
Ikerketak kalkulatu duenez, gazte batek bere soldataren % 30 bakarrik bideratuko balu hipoteka ordaintzera, 115.423 euro ordaindu ahal izango lituzke etxebizitza baten truke. Batez besteko prezioa 87.111 euro altuagoa da.
Horrela, gazteen soldata % 75,5ean handitu beharko litzateke hipoteka bat inolako arriskurik gabe ordaindu ahal izateko. Gainera, 2017an eskrituratutako higiezinen batez besteko kostua aintzat hartzen bada (202.634 euro), langile gazte batek gehienez 50,6 metro koadroko pisu bat erosteko aukera izango luke
Alokairurako laguntzak
Etxebizitza bat lortzeko gazteek dituzten arazoak leundu nahian edo, urte honen hasieran Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Gaztelagun izeneko egitasmoa jarri zuen abian. Programa horrek alokairurako % 50eko laguntzak eskaintzen ditu hiru urtez.
Ekimena diru-sarrerak bermatzeko errenta (7.734 euro urtero) baino errenta altuagoa duten 23 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Eskatzaile indibidualen kasuan errenta horrek ezin izango du 15.000 euroko langa gainditu; familia-unitateen kasuan 20.000 euroko langa eta familia ugarien kasuan 25.000 euroko langa.
Programaren aurrekontua 54 milioi eurokoa da eta hiru urtez jarraian alokairua ordaintzeko % 50eko laguntza zuzena bermatzen du. Helburua, gazteen emantzipazioa sustatzea da. Etxebizitza Sailaren aurreikuspenen arabera, datozen hiru urteetan Euskadiko 6.000 gazte inguru laguntza horretaz baliatuko dira.
Eskatzaileek azken hamabi hilabeteetan EAEko udalerriren batean etengabe erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute, alokairuzko etxebizitza batean izan behar dute euren ohiko egoitza eta alokairu kontratu baten jabe izan beharko dute.
Alokairuaren errentak ezin izango du, inolaz ere 750 euroko langa gainditu hiru hiriburuen kasuan eta 650 eurokoa Bilboko eta Donostiako metropoli-aldean eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan edo 600 eurokoa bestelako udalerrietan. Laguntzaren gehienezko kopurua hileroko errentaren % 50ekoa izango da kasu guztietan.