Txinak adingabeen eta AAren arteko lotura afektiboak debekatu ditu

Araudia uztailaren 15ean sartu zen indarrean, eta ByteDance, Alibaba zein Tencent enpresek dagoeneko beren elkarrizketa-laguntzaileen pertsonalizazio-funtzioak desaktibatu dituzte.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  269
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Txinak joan den uztailaren 15etik aurrera debekatu egin du adimen artifizialeko txatbot-ek adingabeekin lotura afektiboak izatea. Horrela, Txinako Ziberrespazioaren Administrazioak (CAC) munduan adimen artifizialaren eta adingabeen arteko harremana arautzen duten lehen arauetako bat ezarri du. Gainera, sistemek erabiltzaileei ohartarazi behar diete makina batekin ari direla interakzioan, eta ez benetako pertsona batekin.

Laguntzaile birtualen fenomenoa gazteen artean zabaldu zen, eta askok txatbot horiek lagun, bikotekide edo hildako senideen ordezko gisa ere erabiltzen zituzten. ‘Adimen Artifizialeko Elkarreragin Antropomorfikoko Zerbitzuak Kudeatzeko Behin-behineko Neurriak’ apirilean argitaratu ziren, gobernu-sailen eskutik. Araudi horretatik kanpo geratzen dira bezeroarentzako arretako txatbot-ak, laneko laguntzaileak eta hezkuntza-tresnak, betiere elkarreragin emozional iraunkorrik eragiten ez badute.

14 urtetik beherakoek gurasoen baimena beharko dute

Araudiak arreta berezia jartzen du adingabeen babesean. Debekatu egiten du haiei bikotekide edo senide birtualen zerbitzuak eskaintzea, eta 14 urtetik beherako haurrei zuzendutako funtzioetarako gurasoen zein legezko tutoreen baimena eskatzen du. Era berean, debekatuta daude erabiltzailearekiko gehiegizko atsegintasuna eta benetako harremanei kalte egiten dien mendekotasun emozionala eragitea.

Agente horiek erabiltzeko, erabiltzaileak ulermen-maila jakin bat izan behar du.

Enpresek erabiltzaileari abisua eman behar diote zerbitzua bi orduz jarraian erabili ondoren, sare sozial batzuek dagoeneko ezartzen dituzten kontrolen antzera. Araudiak debekatu egiten du, halaber, sistema horiek autolesioa edo suizidioa sustatzen duten edukiak sortzea, baita osasun mentalerako kaltegarriak diren hitzezko tratu txarrak eragitea ere.

Doubao eta Qwen plataformek beren agenteak itxi dituzte

ByteDancek eta Alibabak hilaren hasieran iragarri zuten, hurrenez hurren, Doubao eta Qwen plataformetako adimen artifizialeko agente pertsonalizatuen funtzioak itxiko zituztela. Tencentek ere Yuanbao aplikazioko pertsonalizazio-aukerak desaktibatu ditu. Hiru aplikazio horiek agente-katalogo zabalak eskaintzen zituzten (bai enpresek zein erabiltzaileek beraiek sortutakoak), eta zereginak, gaitasunak zein elkarrizketa-estiloa pertsonalizatzeko bidea ematen zuten.