Zinemak Euskaraz ekimenak pasa den urtean Hego Euskal Herriko zinema-areto komertzialetan izan ziren estreinaldiak eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu du eta euskarari dagokionez emaitzak ezin dira etsigarriagoak izan. Izan ere, neurketa horren arabera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zinema aretoetan euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskarara azpidatzita eskaini ziren edukiak % 2,48ra mugatu ziren. Paul Urkijoren ‘Irati’ izan da 2023an zinema aretoetan euskaraz estreinatu den fikziozko film bakarra. Euskaraz jatorrizko bertsioan eskainitako filmak, berriz, lau izan dira: Urkijoren ‘Irati’, Ander Iriarteren ‘Karpeta Urdinak’ dokumentala, Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan’ dokumentala eta Fermin Muguruzaren ‘Bidasoa 2019-2023’ dokumentala.