Gero eta nabariagoak dira gazteak joera matxista eta bortitzeko eduki pornografikoak gero eta adin txikiagoetan ikusten hasten direla. Adibidez, duela hilabete batzuk, pornografia mota hori Gipuzkoako hamar bat ikastetxetako 10 eta 17 urte bitarteko mila ikasletik gora iristen zela ikusi zen, eta horrek gazteenek helduentzako eduki mugatu batzuk eskuratzeari buruzko eztabaida piztu zuen.
Save the Children GKEak argitaratu duen ‘(Des)información sexual’ izenburuko txostenaren arabera, adingabeen % 30 ingururentzat pornografia da sexualitatearen inguruko informazio-iturri bakarra. Gazteek, gero eta adin txikiagoetan, erraz eskura ditzakete horrelako edukiak. Baina horien kontsumoak horrelako praktikak normalizatzera eta horiek egitera bultzatzen ditu. Azken urteetan Estatu osoan adingabeek egindako sexu-indarkeria kasuak biderkatu egin dira.
Programak Nafarroan
Indarkeria matxistari zeharka eta txikitatik aurre egiteko asmoz, Nafarroako Gazteriaren Institutuak hainbat programa bultzatuko ditu pornografiak gazteen sexu-hastapenean eragina izan ez dezan. NGIren xedea da nerabeen sexu-esperientzietan pornografian agertzen diren estereotipoek eta portaerek eragina izateko aukera indargabetzea, fenomeno hori, bikotearen barruan zein kanpoan, sexu-erasoekin lotu baita.
Pornografiaren gaia jorratzeaz gain, NGIk gorroto-diskurtsoei eta ‘fake news’ delakoei ere aurre egingo die, elementu horiek arazo esanguratsuak sortzen dituztelako egungo gure gizartean
Institutuak proaktiboa izan nahi du gazteak babesteko eta sexu-hezkuntza osasungarria eta errespetuzkoa eraikitzeko.
Pornografiaren gaia jorratzeaz gain, NGIk gorroto-diskurtsoei eta fake news delakoei ere aurre egingo die. Foru Institutuaren arduradun Txema Burgaletak azaldu duenez, elementu horiek arazo esanguratsuak sortzen dituzte egungo gizartean, hala nola diskurtso xenofoboak, arrazistak, antifeministak eta negazionistak, bizikidetza higatzen dutenak eta gizarte-ehuna pobretzen dutenak.
Ildo horretan, sare sozialen erabilera egokiari eta adimen artifizialak planteatutako erronkei buruzko lan-ildo espezifikoak ezarriko dira, online ingurune segurua sustatzeko eta gizarte-kohesioa indartuko duten balioak sustatzeko.